ETAko buru izatea egotzita, epaitzen hasi dira Ozaeta, Suberbiola eta Salaberria

Bost aste iraun dezake epaiketak; 2008ko maiatzean atxilotu zituzten, Xabier Lopez Peñarekin batera

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hasi da Ainhoa Ozaeta, Igor Suberbiola eta Jon Salaberriaren aurkako epaiketa Parisko Krimen Auzitegian. Frantziako Justiziak ETAko buruzagi izatea leporatzen die. Frantziako Poliziak 2008ko maiatzaren 20an atxilotu zituen Bordeleko (Gironda, Frantzia) apartamentu batean, Xabier Lopez Peña Thierry-rekin batera. Lopez Peña 2013ko martxoaren 30ean zendu zen. Espetxean zegoela bihotz arazoak ukan zituen. Osasun azterketak egiten ari zitzaizkiola hil zen. Familiak eta lagunek gogor salatu zuten espetxeko zuzendaritzak eta osasun arduradunek emandako tratua. Heriotza susmagarria zela erran zuen, orduan, Yolanda Molina abokatuak.

Bikotea ziren Ainhoa Ozaeta eta Lopez Peña. ETAko aparatu politikoko arduraduna izatea leporatzen zion poliziak Lopez Peñari.

Ozaeta, Suberbiola eta Salaberriarekin batera, Louis Fort 81 urteko baionarra epaituko dute, etxebizitza utzi ziela leporatuta. Fort libre bizi izan da Baionan, epaiketaren zain. Bertze hiru auzipetuak espetxean daude.

Poliziak Bordeleko etxebizitzan atzemandako material informatikoa da epaiketaren oinarri. Material ugari aurkeztu du Poliziak, eta, horregatik, epaiketak bost aste iraun dezakeela jakinarazi dute. Epaiketa bukatzeko eguna ekainaren 12an finkatu du epaileak.

Ainhoa Ozaetak 14 urteko espetxe zigorra jaso zuen, joan den abenduan. Parisen hasi den epaiketan, berriz, prokuradoreak hamar kargu leporatzen dizkio. Bertzeak bertze, ETAren egitura politikoaren zuzendaritzan parte hartzea eta arlo ekonomikoaren arduraduna izatea. Era berean, «talde terrorista» bateko zuzendaritzan egoteagatik, hogei urteko espetxe zigorra ezar diezaieke epaileak Ozaeta eta Suberbiolari. Suberbiolari ere zuzendaritza politikoko kide izatea leporatzen baitiote. 2007ko ekainean bi urteko espetxe zigorra ezarri zion epaileak Suberbiolari. 2011n berriz epaitu zuten, Jon Salaberriarekin batera. Bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten orduan Suberbiolari.

Atzo arratsaldean epaituen nortasunari buruzko azalpen eta lekukotasunekin hasi zen epaiketa. Defentsaren lekuko batek, Iñaki Egañak, haren testigantza eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.