Albistea entzun

17. Korrika

Menditik kostaldera

Berako euskalakariek Sarakoei lekukoa emanez igaro da euskararen aldeko lasterketa Nafarroatik Lapurdiko lurretara

Baztanen, Bortzirietan eta Lapurdi barnealdean eskola umeak izan dira nagusi
Haurrak lekukoa eramaten Saran.
Haurrak lekukoa eramaten Saran. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ibai Maruri - Berriemaile berezia

2011ko apirilak 12 - Sara

Ostiral goizetik Nafarroan ibili ostean, 17. Korrika Lapurdira iritsi da. Atzo arratsaldean igaro zuen bi herrialdeen arteko muga, Berako (Nafarroa) LABeko eta Etxerat-eko kideek Sarako (Lapurdi) gaztetxekoei eta Segiko kideei lekukoa pasatu zieten kilometroan. Hogei minutuko atzerapena zekarrenez, furgoneta azkar samar zihoan. Euria ari zuen, eta aldapan gora zetozen euskalakariak. Hala ere, 70 lagun inguruko taldea kementsu zebilen lasterka.

Sarako herrigunera iritsitakoan jendetza batu zitzaien. 200 lagun baino gehiago ibili ziren lekukoaren atzetik lasterka. Errepide bazterretan ere asko ziren txaloka zeudenak. Besteak beste, Sarako eskola publikoko umeek egin zuten kilometroetako bat lekukoa eskuz esku pasatuz. Hala, herriko haur gehientsuenak lasterka ibili ziren. Herriko etxeak, Zazpiak Bat dantza taldeak eta Izarra pilota elkarteak ere eraman zuten lekukoa.

Senperen ere ez ziren gutxiago izan, eta bozkarioz egin zioten harrera Korrikari. Karlos Aizpurua bertsolariak furgonetatik bertsoa sorta botata frogatu zuen euskalakari dela. Senpere utzi aurretik, Christine Bessonart auzapezak eta Kanaldudeko kazetariek eraman zuten lekukoa. Handik Arbona, Miarritze eta Angelurantz abiatu zen Korrika. Gaueko 22:20 inguruan iritsi zen Baionara. AEKren Kalostrape tabernan kontzertua entzunaz igaro zuten itxaronaldia.

Goizez eta eguerdian Nafarroa iparraldeko ibarretan ibili zen; Baztanen eta Bortzirietan. Herri den-denetan ikastoletako, eskola publikoetako eta haur eskoletako umeak batu zitzaizkion Korrikari, inguru horretan euskarak etorkizunik baduela erakutsiz.

Gartzainen, Iruritan, Arraiozen eta Oronozen ere eskola txikietako ikasleak irten ziren errepidera, Korrikako lekukoa eramatera. Txikiak izanagatik, bizkor egiten zuten lasterka, eta maiz bozgorailuetatik mantsoago joateko eskatzen zieten. «Baina hauei zer eman diezue gaur gosaltzeko?», galdetzen zieten irakasleei. Erratzukoek, gainera, Mari Pazekin egin zuten topo bidean, bizikletaz, eskolara bidean. «Mari Paz, agur, Mari Paz», egiten zioten diosala. «Zein da, ba, Mari Paz?», galdetu zieten. «Jantokikoa», erantzun zuten.

Lekuko eramaile bereziak

Eskualdeko komunikabideek ahalegin berezia egin zuten eskualdean gertatzen ari zena ezagutzera emateko. Xaloa telebistako eta Xorroxin irratiko kazetariek lekukoa eraman zuten Erratzun, eta bizikletaz zihoazela transmititu zuten guztia. Herri berean hartu zuten lekukoa Sasoia elkarteko kide andanak ere. Autobus bete lagun bertaratu ziren, batez ere Iruñetik. Euskal Herriko erretiratuen elkarteetako bat da, eta deialdi zabala egina zuen erositako kilometroan parte hartzeko. Euskara lingua navarrorum irakur zitekeen pankarta erraldoi bat zihoan lekukoa zeraman erretiratuaren atzean.

Jon Barberena bertsolariak Elizondon eraman zuen lekukoa. Julen Zelaieta ere lasterketan ibili zen, baita antolatzaile zereginetan ere. Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abrilek, berriz, Sunbilan bete zuen zegokion kilometroa, eta gero ere lasterka segitu zuen.

Lesakarrek talde dotorea osatu zuten, Korrikari eta euskarari lasterka eginez atxikimendua erakusteko. Herrigunean aurtengo Korrikaren ikur erraldoi bat eskegi zuten kale nagusian, eta azpitik igarotzerakoan konfetiak bota zizkieten euskalakariei.

Bart Zuberoan egin du sartu-irtena 17. Korrikak. Gaur Nafarroa Beherean eta Lapurdin ibiliko da, eta gauean Gipuzkoan sartuko da.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Bilbon eguerdian egindako manifestazioa jendetsua izan da. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Sindikatuen arabera, hezkuntzako greban %60ko parte hartzea izan da

Irati Urdalleta Lete Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak, berriz, esan du irakasleen %35,2k egin dutela greba. Langileek hezkuntza legearen aurreproiektuaren kontra egin dute, eta «hezkuntza publiko, propio eta euskalduna» aldarrikatu
Aritzetako zerbitzugune batean bota dituzte hondakinak. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

AP-8ko zaborrak urteetan bota dituzte Usurbilgo mendialde batean, baimenik gabe

Iñaki Petxarroman Jone Arruabarrena

Kontratuaren baldintzak ez betetzea, lan baldintzei eta naturari kalte egitea, eta azpikontratetan ezkutatzea egotzi die ELAk Bidelan osatzen duten Transitia eta Campezori
Zenbait aplikazio eta streaming plataforma, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Euskara, pantailetan lauso

Irati Urdalleta Lete

Euskara bazterrean dago pantailetan ere: esaterako, Pantailak Euskaraz taldeak emandako datuen arabera, streaming plataformetako 26.000 edukitatik %0,1 ere ez daude hizkuntza horretan. Eskatu du legez arautzeko euskarak pantailetan izan behar duen presentzia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.