Donostiako 61.Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika.

Miss frustrazio

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
'Pelo malo'

Zuzendaria. Mariana Rondon. Aktoreak: Samuel Lange, Samantha Castillo. Herrialdea: Venezuela-Peru-Alemania. Iraupena: 93 minutu.

Junior 9 urteko mutikoak ez du gustuko bere ile kizkurra. Venezuelan modan dauden pop musikariek eta pertsonaia famatuek ile lisoa dute, ile ona alegia, eta horrek zeharo zapuzten du protagonista. Filmak aurrera egin ahala, mutikoaren benetako eredua Venezuelako kulturan nonahi diren edertasun miss-ak direla ohartuko gara. Horrela, Juniorren ernegua elikatzen duten kontuak ugaltzen doaz: zailtasun ekonomikoa, zalantzazko sexualitatea, amaren amodioa, lagunei inbidia eta aitaren gabezia, adibidez.

Hasieratik argi zegoen ilearen kontu hori aitzakia txiki bat besterik ez zela. Izan ere, frustrazioa da Pelo malo-ren gai eta ardatz nagusia. Mutikoaren ama arduratuko da besteen ezinegon larria sendotzen eta luzatzen, guztien bizitzan argi izpi txiki bat bera ere eragotziz. Filmean pertsonaia guztiak dira ingurune latzaren biktimak, batez ere herri matxista eta arrazistaren erruz. Zoriontzekoa da zuzendariak herriaren egoera soziopolitikoari ematen dion tratamendua: ez du inoiz azpimarratzen, ez da hitzez ezer adierazten, baina beti dago begi bistan, naturaltasun osoz, eta lantzean behin, umorearekin.

Mariana Rondon artista plastikoa izanda, harritzekoa da muturreko naturaltasuna eta erabateko errealismoa hautatzea istorio hau kontatzeko, inolako birtuosismo plastikorik erabili gabe. Beharbada, ikuspegi xume hori da filmaren bertuterik handiena, eta era berean, akats larriena. Zuzendariak gehiegizko sentimentaltasunari ez dio lekurik utzi nahi izan, eta horregatik, drama piztu bai, baina sekula lehertzen ez den narratiba bat eraikitzen saiatu da. Bolbora bustia, tamalez.

Hortaz, emaitza xumeegia geratzen da. Iraupen luze samarrak ere ez dio laguntzen erritmoari, eta ikusleari kezka agertzen zaio akzioak noiz ekingo duen aurrera. Frustrazioa, filmaren pertsonaiengandik besaulki-patiora aldatzen da —ez dakit erabaki autokontzientea den ala ez— eta itxaropen falta tamalgarri horrek ikusleak eta pertsonaiak pixkanaka monotonian murgilarazten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.