Gaza, itotzeko zorian

Azken egunetako euriteek kalte handiak eragin dituzte, eta elektrizitate planta itxita egon da sei astez

Ane irazabal
Kairo
2013ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Txalupetan eta arraunean, urak hartutako kaleetan. Hori da Gazak egunotan utzi duen argazkirik ikusgarriena. Azken egunotako euriteek uholde larriak eragin dituzte, eta NBEk hondamen eremu izendatu ditu lurralde palestinarreko zenbait toki. Alexa denboraleak ez du inor salbu utzi. Siriatik Egiptoraino, Ekialde Hurbil osoa jo du. Baina ekaitzak populazioaren sektore ahulenei egin die min gehien: batez ere, Libanoko eta Jordaniako errefuxiatu siriarrei eta lurralde okupatuetako palestinarrei.

Naturaren indarrari blokeoaren ondorioak gehitu behar zaizkio Gazan. UNRAW Errefuxiatu Palestinarrak Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak eskainitako datuen arabera, 10.000 pertsonak baino gehiagok etxea utzi behar izan dute. Milaka familia Gazako eskoletan ezarri dira, urak behera egin arte. Eremurik kaltetuena Jabalia iheslarien gunea izan da. Uholdeek gogor astindu dituzte errefuxiatuen etxeak, eta bi metrora iritsi da uraren altuera. Gazako Saltzaileen Erakundeak jakinarazi du azken egunetako euriteek 64 milioi dolarren kalte ekonomikoak eragin dituztela (48 milioi euro).

Nekazariek ere badute beren egoera salatzeko hamaika arrazoi. Gazako laborantza sailen %10 eta berotegien %20 urak hartu ditu. «Ortuak kaltetu eta 120.000 oilo hil dira hotzaren eta euriaren ondorioz. Israeldik sartzen diren jakien menpekoago bilakatu gaitu ekaitzak», esan du Khalid Xaheen Giza Eskubideen Aldeko Palestinako Zentroko arduradunak. 2008tik blokeopean dauden 1,8 milioi gazatarrentzat zaila izango da uholdeek eragindako ondorioetatik errekuperatzea.

Erregairik gabe

Bat-bateko denboraleak erreakzionatzeko gaitasunik gabe utzi du Gazako Gobernua. Hamasen aburuz, Alexa-k blokeoaren ondorioak okertu besterik ez ditu egin. «Halako ekaitzak edozein tokitan gerta litezke, baina, gure kasuan, ez dugu erantzuteko baliabiderik. Etxe askotan sua egiten ibili dira argindar falta zela eta. Zein mendetan bizi gara?», esan dio Mohamed Abed Allah nazioarteko harremanetan adituak BERRIAri.

Izan ere, Gazako elektrizitate planta bakarra itxita egon da 50 egunez. Gazatarrek hilabete bat zeramaten erregai falta zutela salatzen, eta egunean hamasei orduko mozketak izan dituzte. Erregai eskasiak biziki eragin du ospitaleen eta eskolen funtzionamenduan, baina, batez ere, Gazako ura garbitzeaz arduratzen diren instalazioei kalte egin die. Azkenean, giza eskubideen aldeko erakundeek egindako presioaren ondorioz, Israelek baimena eman du Karem Shalom mugatik 450.000 litro erregai sartzen uzteko.

Qatarrek ordaindu du guztia, Hamasek ez baitu onartu Ramallaheko Gobernuak erregaiaren gainean ezarritako tasa. Persiar golkoko herrialdeak hamar milioi dolar emango dizkio Ismail Haniyehen gobernuari, azpiegituretan izandako kalteak konpontzeko. Qatarrek ez du Gazarekin harremana hoztu nahi, Egipton estatu kolpea eman zenetik Ekialde Hurbileko Anaia Musulmanen aliatu bakarra delako.

Edonola ere, laguntza ekonomikoak behin-behinean lasaitu du egoera. Fathi al-Xeikh Khalil Gazako energia erakundeko presidenteordeak emandako datuen arabera, azken egunetan iritsitako erregaiari esker egunean zortzi orduz izango dute argindarra, baina soilik 90 egunez. «Elektrizitate plantak sortzen duen argiak gure beharren %30 besterik ez du betetzen», adierazi du.

Bestalde, Israelek baimena eman du Kerem Shalom muga egunean hamabi orduz irekita izateko. Hala, gasolina, gas eta zementu kopuru mugatu bat sartzen utziko du. Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan du Alexa «mendean behin gertatzen den ekaitza» izan dela, eta salbuespenezko neurriak onartu ditu. Hala, Tel Avivek «koordinazio kanpaina bat» abiarazi du Mahmud Abbasen PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin, lurralde okupatuetako palestinarrei sorospen zerbitzua eskaintzeko.

Gazatarrak, ordea, ez daude eskerrak emateko prest: «Potentzia okupatzailea da, eta, beraz, erantzukizuna dauka okupatutako lurraldeetako herritarrekin», uste du Abed Allahek.

Egiptoren partetik, ordea, ez da ia laguntzarik iritsi. Kairok itxita dauka Rafaheko muga, eta denboralea hasi zenetik behin bakarrik ireki du, hornikuntza medikua bidaltzeko. Egiptoko erregimen militarrak eta Hamasek harreman hotza daukate. Kairoren iritziz, Sinai penintsulan nagusi den ezegonkortasun politikoaren arduraduna da Palestinako mugimendu islamista. Hamasek, ordea, salatu egin du Egiptok 1.200 tunel suntsitu dituela estatu kolpea jo zutenetik. «Elikagaien eta oinarrizko materialen eskasia bi aldeetatik pairatzen dugu», esan du Xaheenek.

Blokeoak iraun bitartean, hondamendi naturalei aurre egiteko laguntza koordinatu bat antolatu beharra dago, Hamasen ustez. Gazatarrek ez dute arnasa lasai hartzeko betarik; meteorologoek beste hotz eta euri denborale bat iragarri dute datozen egunetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.