Mandela hil da

Borroka beltzaren aurpegia

Nelson Mandela hil da, Hegoafrikako presidente izandakoa: espetxealdi luzetik zekarren biriketako gaitzak ahitu du'Apartheid'-eko erregimenaren aurkako borrokaren sinbolo nagusia izan zen

Samara Velte.
2013ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Madiba deitzen zioten Hegoafrikan: txera eta miresmen gehiago adierazten du klaneko izenak, norbere abizenak baino. Tata, «aita», deitzen zioten beste askok, gazte zein zahar. Ez baitago Hegoafrikari lotuago dagoen irudirik, Nelson Mandelarena baino: abokatu beltz bat lege arrazisten herrialdean; desobedientziagatik epaitutako ekintzailea eta klandestinitatean aritutako gerrillaria; 46664 zenbakidun presoa; Apartheid-a eraitsi osteko lehen presidente beltza; pobreziak eta hiesak jandako herrialdea suspertzen saiatu zen agintari erretiratua. Azkenean, amatatu da: atzo hil zen Mandela (Mvezo, 1918). Hegoafrikako estatuburu Jacob Zumak eman du berria. «Bakean» joan dela esaneta estatu hileta egingo zaiola iragarri du.

Mandela Ekialdeko Lurmutur probintziako herrixka batean jaio zen. Berez, Rolihlahla izena eman zioten, Isixhosa hizkuntzan. Kolonialismo ingelesak ekarritako tradizio bati jarraiki, ohikoa izaten zen izen indigenak zeuzkaten haurrei izen kristauak jartzea. Horregatik,Rolihlahla eskolako lehen egunean bihurtu zen Nelson, irakasle batek ipinita.

Thembu tribuko agintaritza familia zabalaren parte zen Mandela. Hamar urte bete gabe zeuzkala, aita tuberkulosiak jota hil zitzaion, eta tribuko burua bihurtu zen umearen tutore. Agintarien haurrak joan ohi ziren eskoletara bidali zuen. Haurtzaro pribilegiatu eta kezkarik gabea oroitzen zuen Mandelak berak Long walk to freedom (Askatasunerako ibilbide luzea) autobiografian: «Mutikoa nintzela, zuri gutxi topatzen nituen herrian. Herriko majistratua zuria zen, jakina, baita dendako jabea ere. Noizbehinka bidaiariak edo poliziak agertzen ziren eskualdean. Zuri haiek jainkoak bezain handi ikusten nituen, eta ohartzen nintzen izuaren eta errespetuaren arteko tratu bat eman behar zitzaiela. Baina nire bizitzan urruneko rola baino ez zuten jokatzen, eta apenas pentsatzen nuen gizon zuriaren inguruan edo izaki bitxi eta bakan haiek nire inguruko jendearekin zuten harremanean».

Fort Hare Unibertsitateko ikasle mugimenduan hasi zen bizitza politikora hurbiltzen. Han ezagutu zuen Oliver Tambo, luzaroan lagun eta kide izango zuena. 1940an unibertsitatetik bota zituzten biak, ikastegiko politiken aurkako protesta bat bultzatzeagatik. Handik lau urtera ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko Liga Gaztea sortu zuten elkarrekin.

Hitzartutako ezkontza batetik ihesi, Johannesburgora jo zuen Mandelak: harrobi bateko zaindari gisa hasi zen lanean, baina segituan bota zuten, eliteko familia batetik ihes egin zuela jakin zutenean. Mandelak ikasketei heldu zien berriz: lizentziatura amaitu eta Zuzenbidean matrikulatu zen Wiltwatersrandeko Unibertsitatean. Ikasle kaskarra zen, eta hura ere amaitu gabe utzi zuen; handik 40 urtera bukatu zituen ofizialki ikasketak, espetxean.

Beltzen erreferente

Formakuntzak balio zion abokatu jarduteko, eta 1952an enpresa abiarazi zuten Tambok eta berak. Justiziak arrazagatiko bazterketa lege bihurtzen zuen herrialdean, beltzentzako lehen lege langela zen. Berehala ziren lanez gainezka. Mandelak bere autobiografian aipatzen duenez, goizero lanak izaten zituzten bulegora sartzeko, sarreran bezeroak pilatzen zitzaizkielako: «Afrikarrek desesperatuki bilatzen zuten laguntza lege kontuetan. Delitua zen zurientzako ate bat igarotzea, zurientzako autobus batera igotzea, zurientzako iturri batetik edatea, haientzako hondartza batean paseatzea, gaueko hamaikak baino beranduago kalean egotea, agiririk gabe ibiltzea eta agiri horietan okerreko sinadura edukitzea; delitua zen langabezian egotea, eta okerreko lekuan lanean aritzea; delitua, leku jakin batzuetan bizitzea, eta delitua, bizitzeko lekurik ez izatea».

1950eko hamarkada hasterako, bi abokatuak pertsona garrantzitsuak ziren ANCren barruan: aurki izendatu zuten Mandela alderdiko lehen presidenteorde, eta Tambo, idazkari nagusi. Liga Gaztetik heldutako babesarekin eta Walter Sisuluren gidaritzapean, ordura arteko taktika moderatuak alde batera utzi zituen ANCk: eskakizun eta aldarrikapen formalen ordez, masak mobilizatzera eta desobedientzia zibilera jo zuen.

Taktika berriak 1952an jo zuen goia, Lege Bidegabeen Aurkako Desobedientzia Kanpainarekin. ANCk eta Hegoafrikako Kongresu Indiarrak bultzatuta, arraza guztietako herritarrek —batez ere beltzek eta indigenek— aurre egin zieten Apartheideko legeei Johannesburgon eta beste hiri nagusietan. Hasieran, arau jakin batzuen aurka egitera animatu zituzten: debekatutako lekuetan sartzea, zurientzako komunak erabiltzea, etxeratze ordua pasatuta ere kalean jarraitzea... Taldetan egin zituzten ekintzok, eta bakoitzaren aurretik arduradun batek abisu ematen zion Poliziari, atxiloketak ahalik eta samurrenak izateko. «Jendea bere kabuz joaten zen espetxeetara», dio Mandelak bere autobiografian: «'Hemen gaude, zabaldu espetxeko atea!', oihukatzen zuten». Kanpaina harengatik, Komunismoa Ezabatzeko Legea urratzea egotzi zieten hogei pertsonari. Tartean zen Mandela: bederatzi hilabetez lan gogorrak egitera zigortu zuten.

Handik lau urtera izan zuen hurrengo epaiketa handia. 1955eko abenduaren 5ean, 156 ekintzaile atxilotu zituen Poliziak estatu mailako sarekada batean, eta traizioagatik auzipetu zituzten. 1961eko martxoaren 29an utzi zituzten azkenak kargurik gabe, frogarik ez zegoela ebatzita. Garai gatazkatsuan heldu zitzaion absoluzioa Mandelari: Sharpevillen 69 protestari hil berri zituen Poliziak. Karguetatik libre gelditu bezain pronto, klandestinitatera jo zuen, eta hiru eguneko greba orokorra antolatu zuen sasitik martxoko azken egunetarako. Arrakasta itzela izan zuen deialdiak, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen martxoaren 31n. ANC eta Kongresu Panafrikanista, berriz, debekatu egin zituen.

Estrategia armatua

Ekintza politiko oro kriminalizatuta, ANCren borroka armatua gidatzeko eskatu zioten Mandelari. Hortik sortu zen 1961ean MK, Umkhonto we Sizwe (Nazioaren Lantza). «Luze eztabaidatu ostean, ANCko kide batzuek ondorioztatu genuen herrialde honetan indarkeria saihestezina dela. Lider afrikarron aldetik okerra eta irreala litzateke bakea eta indarkeriarik eza predikatzea, gobernua gure eskakizun guztiei indarkeriaz erantzuten ari zitzaien bitartean».

Urte amaieran, ezkutuan Hegoafrikatik irten zen. Afrikan eta Europan bilatu zuen erakundearentzako babesa. Marokon eta Etiopian prestakuntza militarra jaso zuen, eta 1962ko uztailean itzuli zen Hegoafrikara. Hilabete eskasera atxilotu zuten, eta bost urteko espetxe zigorra jarri zioten berehala, sabotajeagatik.

Handik bi urtera, MK-ko buruzagitzaren aurkako epaiketan bizi osoa Robben irlako espetxean igarotzera kondenatu zuten, beste bederatzi kiderekin batera. Rivoniako epaiketakoa da bere hitzaldi famatuenetako bat: «Afrikarren borrokari emanda igaro dut bizitza. Zurien dominazioaren aurka borrokatu dut, eta beltzen dominazioaren aurka. Gizarte demokratiko eta aske baten ideian sinetsi dut: pertsona guztiak harmonian eta aukera berberekin bizi diren gizarte bat. Ideal horrentzat nahi dut bizi, eta hori lortzea espero dut. Baina behar izanez gero, prest nago ideal horrengatik hiltzeko».

Borroka baten ikur

Mandelak 27 urte egin zituen preso, eta horietatik 18, Robben irlan. Leku haizetsu, hotz eta hezea zen espetxea, eta horrek osasun arazo larriak sortu zizkion: birikak ahul zeuzkan ordutik.

ANCk erbestetik bultzatu zuen Apartheidaren aurkako kanpaina, eta pertsona eta eskakizun bakarrean kontzentratu zuen: Mandela askatzea. Nazioartearen arreta ere bereganatu zuen Lurmutur Hiriko kostan preso zegoen liderrak, eta erregimen arrazistaren aurkako borrokaren sinbolo bihurtu zen. Hegoafrikan bertan, beltzek eta Apartheidaren aurkakoek gero eta ozenago egiten zuten protesta, eta gobernuak gero eta desesperatuago erantzuten zien: 1976ko Sowetoko matxinadan, 600 pertsona baino gehiago hil ziren istiluetan.

1980ko hamarkadaren erdialderako, Pretoriako gobernua krisi betean zen. Townshipeko erreboltak larrialdi egoera deitzera behartu zuen berriz, eta horrekin are irudi okerragoa eman zuen nazioartean. Mandela errepresioaren ikono zen ordurako. Gobernuak askatzeko eskaintza epel bat egin zion 1980ko hamarkadan: borroka armatuari uko egiteko eskatu zion. Mandelak ez zuen onartu. Aske gelditu osteko lehen hitzaldian ere eutsi zion borroka armatuaren beharrezkotasunari: «Apartheideko indarkeriaren aurrean defendatzeko sortu genuen Umkhonto we Sizwe. Gatazka armatuaren beharra ekarri zuten faktoreak indarrean daude oraindik. Ez daukagu jarraitzea beste aukerarik, baina espero dugu negoziazioen bidez helduko garela beharrezkoa ez den unera».

Frederik De Klerkek presidente kargua hartu zuenean baretu zen apur bat egoera. Arrazaren araberako segregazioa gainditzeko urrats batzuk egin zituen:ANCren gaineko debekua bertan behera utzi zuen; Mandela aske utzi eta trantsiziorako negoziatzaile gisa onartu zuen.

Elkarrizketa horiengatik, Bakearen Nobel Saria jaso zuten biek 1993an, eta Mandelari urtebetera heldu zitzaion benetako aitorpena: lehenengoz, arrazaren araberako bereizketarik gabeko bozak egin zituzten Hegoafrikan, eta ANC irten zen garaile. Mandela izendatu zuten presidente. De Klerk presidenteorde mantentzea onartu zuen, eta Thabo Mbekiren esku utzi zituen gobernuko eguneroko zeregin nagusiak. Errotutako bazterketa etnikoa ez ezik, desberdintasun ekonomikoak ere murriztu beharra zegoen. Elite ekonomikoa zuria zen oraindik, eta hori areagotzeko arriskua handia zen: denborarekin, boterea beltzengana ere hedatu ordez, komunitate zuri behartsuak ere hazten hasi ziren hirietan.

Presidente zela, eta kargua utzi ondoren ere, nazioartean Hegoafrikarentzako babesa bilatzen eman zituen urteak Mandelak. Hiesaren inguruko tabuei aurre eginda, seme zaharrena eritasun horrekin hil zitzaiola aitortu zuen jendaurrean. 2004an bizitza publikotik erretiratuko zela jakinarazi zuen. «Ez iezadazue deitu», ohartarazi zien hedabide eta jarraitzaileei: «Nik deituko dizuet zuei». Duela hiru urte, ustekabeko agerraldia egin zuen futboleko Munduko Kopa Hegoafrikan jokatu zutenean. Harrezkero, osasun gorabeherak izan dira Mandelaren berri eman duten bakarrak: bi urtean lau aldiz ospitaleratu dute, bizitza bezain luze zeraman biriketako gaitzak ahituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.