Palestina. Bake prozesua eta desobedientzia zibila (II)

Deslegitimazioaren dominoa

Boikot komertzial, kultural eta akademikoaren bidez, Israeli nazioartean sostengua kentzea bilatzen du BDS kanpainak. Tel Avivek «mehatxu estrategikotzat» du, eta hasia da merkatu berriak bilatzen.

Euskal Herrian ere badira boikotarekin bat egiten duten taldeak. J. RUIZ / ARP.
Samara Velte.
Ramallah
2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Londresen, Israeldik heldutako orkestra baten kontzertu erdian, emakume bat altxatzen da publikotik, eta bular betean okupazioaren aurkako opera bat abesten du; Gasteizen, Tel Aviveko saskibaloi taldea jokatzen ari den une berean, ekintzaile talde batek salto egiten du pistara, Palestinako banderak astinduz; Amsterdamen, Herbehereetako pentsio funts handienak Israelgo bost bankutan zeuzkan inbertsioak eteten ditu; eta horrela, zabalduz doa Israelen aurkako boikotarekin bat egiten duten norbanako eta erakundeen zerrenda.

Palestinako gizarte zibiletik abiatutako egitasmo esanguratsuenetako bat da BDS, Israelen aurkako boikot ekintzak, desinbertsioak eta zigorrak bultzatzen dituen plataforma. 2005ean sortu zuten, Hegoafrikako apartheid-aren aurkako mugimendua eredu hartuta, nazioartearentzat eskaera apal batekin: Israelgo ekonomia ez elikatzea. «Israelek hamarkadak zeramatzan eskubideak urratzen, bizitzaren arlo guztietan: ekonomian, kulturan...», azaldu du Ziyad Yousef BDS kanpainako kideak. «Beste herrialdeetatik heltzen zitzaion finantzaketak zigorgabetasun osoz jarraitzeko modua ematen zion».

Apurka, nazioartea hasi da Israel eta haren koloniak bereizten. Uztailean, Europako Batasunak debekatu egin zuen lurralde okupatuetan jarduten duten Israelgo erakundeetan inbertitzea eta haiei sariak, bekak eta antzekoak ematea. «Boikota eginda posizioa hartzen duzula diote batzuek, baina BDS elkartasunaren gutxieneko adierazpena da», azaldu du Yousefek. «Ez baduzu inoren alde jarri nahi, gutxienez ez inbertitu Israelen».

Tel Aviv, urduritzen hasia

Boikot komertzialaz gain, akademikoa, kulturala eta aisialdikoa ere sustatzen dute. Israelgo erakundeek babestutako edozein ekinbide da salagarria. Dena den, kasu bakoitzak ematen dituen aukeren arabera erabakitzen dituzte ekintzak: «Estrategikoak izan behar dugu. Intel, esaterako, leku guztietan dago, baina ezin gara haren aurka lehiatu».

Israel ere hasia da urduritzen; gobernuak «mehatxu estrategikotzat» du kanpaina, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroa aste honetan Mexikon eta Kolonbian izan da lehen aldiz, merkatu berriak bilatzeko. «Israel geroz eta isolatuago dago nazioartean», esan du Yousefek: «Enpresari batzuk ere hasi dira bake negoziazioak eskatzen, kontratuak galtzen ari direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.