Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak

Ospatu ez ziren jaietako kronika

Betiko Zeledonek eta blusek planto egin eta gero, tentsio eta aldarrikapen ugariren lekuko izan ziren festak 1976an, martxoaren 3ko sarraskiaren urtekoak.

Langileen manifestazioa, Gasteizen; 1976ko gertakari historikoak tragikoak izan ziren. WORDPRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Pistola garondoan jarri zidan polizia batek, beste zazpik inguratu, eta arrapaladan Olagibel kaleko komisariara eraman ninduten». Mikel Elorriaga ari da hizketan, 1976ko Zeledonen jaitsierako nahi gabeko protagonista. Abuztuaren 4ko arratsalde istilutsu hartan atxilotu zuten. Istiluen arrazoiak ulertzeko atzerago jo behar da, ordea.

Gasteizen 1976. urtea ez zen izan besteak bezalako urtea. Jakina da martxoaren 3ko sarraskia, Poliziak bost langile hil zituenekoa. Baina ez da hainbeste ezagutzen hilketak hirian utzi zuen arrasto sakona eta urte horretako jaietan izan zuen eragina. Ospatu ez ziren Andre Mari Zuriaren jaiak izan ziren 1976. urtekoak.

Lehen oharra uztailaren 25ean iritsi zen. Blusen Eguna bertan behera utzi zuten kuadrillek, martxoko gertakariengatik dolua eta haserrea adierazteko. Ondoren, jaietan ere ez ateratzea erabaki zuten. Ez zen eztabaidarik gabeko urratsa izan, ordea. «Kostatu zitzaigun. Bilera ugari egon ziren, eta azkenean lortu zen», gogoan du Elorriagak, garai horretan Amnistiaren Aldeko Batzordeetan ari zen gazteak.

Udalak normaltasuna saldu nahi zuen, eta festari eusten ahalegindu ziren Jose Casanova alkate frankista eta Jose Lejarreta Arabako Aldundiko presidentea. «Gertakari mingarri batzuk izan direla ulertzen dut, baina uste dut beharrezkoa dela jazotakoa gainditu eta aurrera egitea, gertatu zenak etorkizunean hiriaren bizitza baldintzatu gabe», esan zuen urteko pregoilariak, Manuel Maria Uriarte gobernadore zibilak.

Giro ozpindu horretan iritsi zen Zeledonen jaitsiera. Aldez aurretik, Jose Luis Isasi 1957. urtetik pertsonaia ordezkatzen zuen blusak adierazi zuen ez zuela antzeztuko hezur eta haragizko Zeledon. Baina udalak karta bat gordetzen zuen isilpean. Panpina kanpandorretik jaitsi zenean, bazen Zeledon erreal bat. Enrique Oribe nobillero ohia zen. Plaza gertatzen ari zenaz jabetu zenean, txistuak hasi ziren, eta algarak ozenago jo zuen alkateari zapi gorria jarri behar zionean. Gasteiztar ugarik ez dute orain ere Oribe zileko Zeledontzat jotzen.

Ordurako plazan ez zen giro. Gasteizko Batailaren monumentuan, plazaren erdian, amnistiaren aldeko oihuak ozen entzuten ziren. «Oso haserre geunden. Argi genuen jaitsiera lehertu behar genuela, ezin zela onartu besterik gabe festak egitea», azaldu du Elorriagak. Une batean monumentura igo, eta ikurrina paratu zuen goian. «Zeledonen jaitsieran lehen aldiz ari zen ikurrina denen bistan mugitzen. Geuretzat premiazkoa zen hori lortzea». Bazen jaitsiera ikustera joandako jendea, festara, baina ez zen liskarrik egon. «Gehienek ikurrinari txalo egin ziotela esango nuke».

Plazatik manifestazioa atera zen. Dato kalean zintzilik zegoen Espainiako bandera ikusi, eta manifestariek ez zioten aukerari muzin egin. «Ez zegoen ezer prestatuta. Esan zuten eskailera bat eraman genuela, baina han zegoen jada, udal langileren batek ahaztuta». Bandera kendu, horren ordez ikurrina jarri, eta Espainiakoari su eman zioten. Ordurako Poliziarekin norgehiagoka hasita zegoen. «Bagenekien jendea inguruan zegoen bitartean ez gintuztela atxilotuko, baina kalez jantzitako makina bat polizia ikusten ziren inguruan. Lau orduz bueltaka aritu ginen kalejiran, ezohiko kaleetatik, libratu nahian, baina ezin». Aiztogile kaleko sarrerara hurbiltzerakoan atxilotu zuten Elorriaga.

Gauez, Gora Euskal Herria askatuta leloa idatzia zuen ikurrin handia paratzea lortu zuten Dato kalean, udalak jaietako jarri ohi duen argiztapen berezitik zintzilik. Bandera «arratsalde eta gau oso bat» ikusgai egon zela dio Abc egunkariak idatzi zuen artikulu batek. Goizean kendu zuten, «tentu handiz, badaezpada lehergailuren bat izango balu».

Ongietorria geltokian

Bi egun geroago, Elorriaga Langraitzera bidali zuten, preso. Abuztuaren 6a zen, eta berriro ere saltsa bazegoen hirian. Egun bat lehenago, 5ean, kartzelatik atera ziren martxoaren 3ko gertakarien ondoren atxilotu zituzten langileetako batzuk. Jesus Fernandez Naves, Imanol Olabarria, eta Juan Jose Santistebani matxinada delitua egotzi zieten, eta Carabanchelen zeuden. Gaua Madrilen igaro, eta goizean abiatu ziren Gasteizera. «Lasai geunden. Forjaseko langile bat ezagutu genuen, eta harekin hizketan pasa genuen bidaia», gogoan du Olabarriak. Tren geltokian harrera jendetsua egin zieten. «Oroitzapen lausoak ditut. Astebeteko gose greba egina genuen aurretik, COPEL preso sozialen koordinakundearen ekimenez, eta ahulduta geunden. Geltokira iritsi, eta berehala hasi zen manifestazio bat. Zaramagarantz abitu ginenean Polizia oldartu zitzaigun», berriro ere korrikaldiak eta borrak dantzan.

Elorriagak lau hilabete igaro zituen kartzelan, eta, ondoren, bermea ordainduta askatu zuten, orduko 25.000 pezetaren truke. «Amaren dirua zen, eta ez ziguten inoiz bueltatu», nabarmendu du. Haatik, zigorra ez zen hor amaitu. Gabonetan gobernu militarrera deitu zuten, han Guardia Zibilak atxilotu zuen, eta berriro Langraitzera eraman. «Abenduaren 28a zen, inuzente-eguna, eta a zer-nolako aurpegia geratu zitzaidan! Soldaduskarako garaian nengoenez, banderari su eman izana delitu militarra zela zioten, eta berriro barrura». Xabier Añua Gasteizko abokatu ezaguna ahalegindu zen, baina oraindik beste zazpi hilabete pasatu zituen kartzelan, tarte horretan amnistiaren bidez preso politiko gehienak ateratzen ari ziren bitartean. «Denak kalera ateratzen ari ziren, eta nirekin ezer ez. Burgosko prozesukoak ere kaleratu zituzten, eta ni zain. Azkenean, amnistia jaso zuen azken presoa izan nintzen».

1976ko jaiei dagokienez, hasiera bezain zalapartatsua izan zen amaiera. Zeledonen igoeran berriro ere manifestazioak egin ziren. Polizia armatuak Andre Mari Zuriaren plazan zegoen jendea sakabanatu zuen, eta beste lau lagun atxilotu zituen. Orduko prentsak Casanova alkatearen hausnarketa jaso zuen azken egunean. «Aurrerantzean ez da ezer berdina izango». Errepresioa besterik gabe irensten zuen hiria ez omen zegoen isilik jarraitzeko prest, ezta jaietan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.