Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari berriak

'Rocky'

Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
'Por las plumas'

Zuzendaria:  Neto Villalobos. Herrialdea: Costa Rica.  Iraupena: 85 minutu.

San Jose hiriburuan jaiotako Neto Villalobosek Zinema Zuzendaritza ikasi zuen Bartzelonan, lehenik soziologian trebatu bazen ere, eta bere lehen film luzea aurkeztu du Zinemaldian. Latinoamerikar zineman tradizio den moduan istorio xume bat proposatu digu egile gazteak, baina ez da Whisky (Juan Pablo Rebella eta Pablo Stoll, 2004) produkzio uruguaitarra bezain dramatikoa, malenkoniaren ordez umore beltza nahiago duela argi asko geratzen baita. Eta, bestalde, ez dauka zerikusirik azken urteotan Zuzendari Berriak sailean ugaritu diren Carne de perro (Fernando Guzzoni, 2012) gisako proposamenekin, kasu honetan intrigaren arrastorik ez baita inondik inora ageri. Thriller kutsurik ez duen arren, genero jakin batean koka dezakegu lana: komedian, hain zuzen.

Filma minimalista da, baina lehenengo eszenek ikusleengan sor ditzaketen aurreiritziak uxatzea lortzen du komedia nagusitzen hasten denean. Istorio xelebre eta surrealista aurkeztu digu, irrigarria oso. Erritmo geldokoa da, baina ez du aspertzeko betarik ematen, Chalo protagonistaren xelebrekeriek eta bidean egiten dituen lagunek barre egitera gonbidatzen baikaituzte.

Egungo latinoamerikar zineman existitzen den aniztasuna frogatuta geratzen da, hortaz, Por las plumas-ek eskaintzen duen ikuspegi zoroari esker. Alberto Barbera Veneziako Jaialdiko arte zuzendariaren hitzei jaramon egiten badiegu, zinemaren etorkizuna Latinoamerikan dela pentsa dezakegu geuk ere.

Chalok zaindari gisa egiten du lan, baina bere ametsa oilar borrokei esker aberastea da. Baina, horretarako, lehenengo oilarra erosi beharra dauka. Rocky eskuratu ostean, ordea, hasiko dira Chaloren buruhausteak. Animaliaren erruz ostatutik bidaliko dute, eta hori gutxi balitz, bere lankide Jonasen bizia ere arriskuan ipiniko du. Esan bezala, komedia ero eta berezia. Opera prima izateko ez dago gaizki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.