Albistea entzun

Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Portugal-Espainia finalerdia. PORTUGAL 0. ESPAINIA 0

Loteria, Espainiara

Oso partida orekatua jokatu dute Espainiak eta Portugalek, eta espainiarrek penaltietan lortu dute Eurokopako finalerako txartela

Bi atezainak bikain aritu dira penaltietan, eta Cesc Fabregasek sartu du gol erabakigarria
Tamaina handiagoan ikusi

Jon Eskudero -

2012ko ekainak 28

Epailea: Cuneyt Cakir (Turkia). Txartel horiak: Portugalgo Coentraori, Peperi, Pereirari, Bruno Alvesi eta Velosori; eta Espainiako Sergio Ramosi, Busquetsi, Arbeloari eta Alonsori. Bestelakoak: 50.000 ikusle inguru Donetskeko Donbass Arena estadioan (Ukraina).

Eurokopa bateko benetako finalerdia jokatu zuten atzo Espainiak eta Portugalek. Denetik izan zuen neurketak: tentsioa, emozioa, kalitatea, luzapena... Bada, azkenean Espainia nagusitu zen penaltietan, eta sufrituta izan arren, futbolaren errege nagusia izaten jarraitzen du, berriz ere Eurokopako finala jokatuko baitu datorren igandean. Gola izan ezik, ikusteko eta gozatzeko moduko norgehiagoka izan zen, baina garaipenaren gozoa espainiarrek soilik dastatu zuten. Hitz batean, loteria Espainiara joan zen.

Gorabehera handikoa izan zen lehenengo zatia. Bi taldeek errespetu handiarekin jokatu zuten, eta nahiago izan zuten golik ez hartu eta arriskatu gabe jokatu itsu-itsuan aurrera jo baino. Epaileak txistua jo orduko ikusi zen Espainiak ez ziola ekin lehiari aurrekoetan bezain ongi. Xabi Alonsok ukitu zuen estreinako baloia luze jokatu zuen, eta hori ez da ohikoa. Portugalek ongi baliatu zituen espainiarren zalantzak. Bigarren minutua betetzerako gola egiteko zorian izan zen. Velosok ozta-ozta ez zuen sartu gol olinpikoa, eta hurrengo jokaldian ere Casillasek mantendu zuen hutsean espainiarren atea.

Hamar minutu iraun zuen egungo txapeldunaren ezinak. Arbeloak kanpora bidali zuen jaurtiketa bat, eta hortik aurrera aukera gehiago sortu zituen. Zelai erdian nagusitzen hasi ziren, eta Iniestak birritan jaurti zuen Rui Patricioren ate aldera. Bietan, baina, kanpora. Bazirudien norgehiagokako jabe egin zela Espainia, baina ez. Ezta gutxiago ere. Portugalek berriz ere asko aurreratu zituen lerroak, eta hortxe etorri ziren espainiarren ezinak.

Xabi Alonso, Xavi eta Iniesta jokotik desagertu ziren, eta era berean, taldea ere bai. Izarren jokoa ezerezean uzten asmatu zuen Paulo Ventok, Moutinhoren eta Velosoren lan eskergari esker. Baloia jokatzea da Espainiaren dohain nagusia. Bada, atzo Piquek eta Ramosek aritu behar izan zuten horretan, eta ez daukate taldekideek adina kalitaterik.

Espainiaren hamaikakoan ezohiko jokalari bat zelairatu zuen Vicente Del Bosquek: Negredo. Baloia jokatu ezin zutenez, madrildarraren goiko jokoa baliatuz luze jokatzen saiatu ziren espainiarrak, baina han ere ez zuten deus lortu. Bien bitartean, Portugal susto txikiak ematen aritu zen. Gauza asko ikusi ahal izan zen, baina golik ez.

Lehen zatiaren ildo beretik jarraitu zuten bi taldeek bigarrenean. Dena den, Portugal esnatuago zelairatu zen. Hark eman zuen lehen abisua, gainera. Hugo Almeidak partida ederra jokatu zuen, lasterka izugarri egin zuen, baina gola falta izan zitzaion eguna biribiltzeko. Aukerak izan zituen, baina ez zen fin aritu ate aurrean. Espainiak 67. minutuan jaurti zuen estreinakoz hiru zutoinen artean, eta partida kontrolatuta izan zuen arren, ez zuen errematatu. Del Bosquek hiru aldaketak egin zituen, baina alferrik.

Tentsio handiko luzapena

Portugalen izar nagusiak, Ronaldok ere izan zuen aukerarik haren selekzioa final preziatura sailkatzeko. Kontraerasorako paradarik izan ez zuenez, geldikako jokaldietan ahalegindu zen, eta 80. eta 83. minutuetan bi aukera on izan zituen. Bi jaurtiketak, baina, kanpora bota zituen, eta hortxe amaitu zen partida. Bai Espainiak eta bai Portugalek ontzak jo zuten berdinketa, eta nekatuta iritsi arren, luzapenaren aldeko apustua egin zuten.

Tentsio izugarria izan zuen luzapenak, eta urduritasun horri Espainiak egin zion hobekien aurre. Bi aukera garbi izan zituen Navasen eta Pedroren eskutik, baina ez zituen behar bezala baliatu. Dena den, penaltiei esker, ez da inor aukera horietaz oroituko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Osasunako jokalariak, <em>Chimy</em> Avila-k Vila-reali sartutako gola ospatzen. ©DOMENECH CASTELLO / EFE

Denak bat eginik, gorabidean

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bosgarren postuan iritsiko da Lehen Mailako hamargarren jardunaldira, hasiera itzela osatu eta gero. Miguel Flañoren ustez, oraingo emaitzak azken urteetan hartutako ildoaren segida dira: «Oso egina dago taldea». Gorritxoek onbidean jarraitu nahi dute gaur, Sadarren Granadari irabazita.
Isak gola ospatzen, atzo, Sturm Grazen aurkako neurketan. ©CHRISTIAN BRUNA / EFE

Berdinketak on egin ditu

Jone Bastida Alzuru

Realak irabazi egin du Sturm Grazen aurkako partida: 0-1 gailendu da. Isakek sartu du lehiako gol bakarra, bigarren zatian
 ©SEDIS BASQUET

«Momentuaz gozatzen ari naiz»

Jone Bastida Alzuru

Estatistikek erakusten dute Etxarri sasoi hasiera aparta egiten ari dela: Espainiako Lehen Mailako saskiratzaile nagusia da, partidako batez beste 19,2 puntu bilduta. Hazten segitu nahi du.
Realeko jokalariak Isakek sartutako gola ospatzen. ©CHRISTIAN BRUNA / EFE

Realak 0-1 irabazi du Sturm Grazen aurka

Jone Bastida Alzuru

Isakek sartu du lehiako gol bakarra, bigarren zatian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.