Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: final-laurdenak. TXEKIA 0. PORTUGAL 1

Harrotuko da berriz ere

Aurretik bi jaurtiketa on zutoinera bidali ondoren, Cristiano Ronaldoren golari esker sartu da Portugal Eurokopako finalerdietanErasoko jokorik gabe, eusteko asmoz jokatu du Txekiak, eta bere taktika tristean ito da

Harrotuko da berriz ere.
unai zubeldia
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Gola: 0-1: Cristiano Ronaldok (79. min.). Epailea: Howard Webb (Ingalaterra). Txartel horiak: Txekiako Limberskyri; eta Portugaleko Nani eta Velosori. Bestelakoak: 58.000 ikusle inguru Varsoviako Estadio Nazionalean.

Nekagarria ere bada batzuetan. Ez da erraza izango hain harroa izatea. «Ni». Besterik ez du ulertzen Cristiano Ronaldok. Arerioa lurrean etzanda minez dagoenean ere, epaileari biraoka hasteko gai da. Bere harrotasunak bizi du. Taldekideek ez diotela paserik ematen? Protesta ahopean. Arerio batek laztan txiki bat egin diola. Begiratu txarren bat seguru. Baina zeinen jokalari ona den! Kritikak kritika, eta gustuak gustu, Cristiano Ronaldoren golari esker sartu zen Portugal, atzo, Eurokopako finalerdietan. Joko tristeegia eginda eta final-laurdenetan aritzea nahikoa sari bazela barneratuta, etxerako bidean izango da jada Txekiar Errepublikako selekzioa.

Onegia ere ez zen izan lehen zatia, baina gehiegizko errespetuaren kontuak dira horiek. Portugali min egitea ia ezinezkoa zutela sinetsita zelairatu ziren txekiarrak, atzeko lerroa eta zelai erdikoa elkarri ondo lotuta. Rosicky bai, Rosicky ez, zalantza horrekin nahasi nahi izan zuen Txekiak arerioa partidaren atarian. Baina selekzioko izarra aulkian geratu zen azkenean. Ederki nabaritu zen gerora. Portugalek errespetua, eta Cristiano Ronaldok beldurra eragiten dute gehienetan. Eta horixe gertatu zitzaion atzo ere Txekiari.

Arrisku txikienik ere hartu gabe, Portugali eman zion baloia. Eroso zegoen atzean sartuta. Hori bai, jabetza bai, baina ezusterako tarte txikia zeukan Paulo Bentoren selekzioak. Naniren abiadura eta Cristiano Ronaldoren jokaldi arrakastatsuren bat. Laua izan zen oso lehen zati hori. 25. minutuan Cristiano Ronaldok Coutinhoren pase ona jaso zuen area barruan, eta jaurtiketa ere egin zuen Real Madrileko jokalariak. Baina aurretik Kadleci egindako falta adierazita zeukan epaileak.

Lehen zati horretan Gebre Selassiek sortu zuen Txekiaren arrisku apurra, eskuin hegaletik gora eginda, baina errematatzailerik gabe zegoen txekiarren aurrealdea. Bitartean, erasoko joko ikusgarririk egin gabe, baina Portugal ari zen bultzaka. Cristiano Ronaldorenak izan ziren lehen zatiko bi aukera onenak: 33. minutuan, Peperen pasea jasota, txilena moduko bat egiten saiatu zen aurrelaria; eta 46.ean, Meirelesek urrutitikbidalitako pasea area barruan bularrez kontrolatu, buelta erdia eman, eta zutoinera bidali zuen jaurtiketa. Bere onetik aterata amaitu zuen lehen zatia, bere buruari ez diolako barkatzen hutsik txikiena ere.

Kontrolatuz amaitu, eta kontrolatuz hasi. Bigarren zatiko lehen minutua betetzerako goleko aukera argi-argia eduki zuen Portugalek, Hugo Almeidak area txikian bertan buruz egindako erremate bati esker. Cristiano Ronaldok berak bigarrenez zutoinera bidali zuen baloia gero, falta jaurtiketa on batean. Eta 54. minutuan egindako jaurtiketa ere goregi joan zitzaion kapitainari, talde guztiaren jokaldi onean. Lehendik ere larri, eta bi jokaldi horiekin atzean sartuta geratu zen Txekia. Cristiano Ronaldorekin joko zuzena, edo Hugo Almeidarekin hegaletatik sartu, erdiratu eta errematea. Bi jokamolde horiek aukeran zeuzkan Portugalek bigarren zati horretan.

Espainia edo Frantzia aurkari

Portugalek partida kontrolpean zuela, Nanik area ertzetik egin zuen jaurtiketa 58. minutuan, baloi arriskutsua lapurtu ondoren. Eta, minutu berean, epaileak baliorik gabe utzi zuen Almeidak, buruz, sareetara bidaliko baloia. Jokoz kanpo zegoen Besiktaseko aurrelari handia. Lehen zatian Gebre Selassiek egin bezala, bigarrenean Pilarren kontraerasoek eman zioten arnas pixka bat Txekiari. Ederra izan zen 59. minutuan egin zuen jokaldia, baina errematatzailea falta berriz ere.

Denbora kontua zen, eta, 79. minutuan, Nanik eta Coutinhok egindako jokaldi ona are hobeto amaitu zuen Cristiano Ronaldok, buruz, atzetik aurrera eginda. Hortxe askatu zuen barruan zeukan harrotasun guztia. Gehiegizkoa agian. Baina merezitakoa. Espainia edo Frantzia izango du aurkari finalerdietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.