Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: final-laurdenak. ALEMANIA 4. GREZIA 1

Futbolean ere, egurra

Alemaniak ez du arazo handirik izan Greziak ate aurrean jarritako hesia botatzeko, eta merezita sailkatu da finalerdietarakoPartida beroa espero zen, baina ez da inolako istilurik egon harmailetan

Futbolean ere, egurra.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Lahmek (38. min.); 1-1: Samarasek (55. min.); 2-1: Khedira (60. min); 3-1: Klosek (68. min); 4-1: Reusek (68. min); 4-2: Salpingidisek (89. min, pen) Epailea: Skomina (Eslovenia). Txartel horiak:Greziako Samarasi. Bestelakoak: 42.000 ikusle inguru Gdanskeko estadioan (Polonia).

Etsipenak irentsia du Grezia, eta futbola ez da liberazio iturri izan. Ekonomian bezala, berdegunean. Greziako jendeak Eurokopan itxaropena jarrita zuen Alemaniak larrutik ordain zezan ekonomiaren bidez egunero jasanarazten dien frustrazioa. Tristea da futbola behar izatea bizitzako gaziak gozatzeko, baina halakoa da gizakia, etagaraipen txikiekin gozatzen jakin behar da. Bada ez, Alemaniak futbolean ere egurra eman zion Greziari, eta bigarren zatian isil-isilik utzi zituen zale sutsuak. Atzoko garaipenari esker Joachim Loewen taldea finalerdietan da.

Amildegi tekniko bat ikusi zen atzo Gdanskeko zelaian. Kolorerik gabeko partida izan zen, Alemaniak bakarrik izan zuelako baloia. Greziak beldurti jokatu zuen, baloiari muzin eginez. Beldurti eta errealista agian, aurkaria hobea zelako. Baina ate zuloan sartuta ia ezinezkoa da Alemaniari irabaztea, eta Samarasek bigarren zatian sarturiko golak itxaropena piztu zuen arren, bi minutu nahikoak izan ziren futbolaren logika inposatzeko.

Eutsi, eutsi, eta ahal bazen kontraeraso bat ehizatu. Hori zen Greziaren helburua. Eta bide batez Alemania trabatzen saiatu Makos Schweinsteigerren lepotik zintzilikatuz. Baina ez, ez zuen trabatu, Khedirak jarri baitzion zentzua jokoari, eta Ozilek magia. Euren alboan Reus, Schurrle eta Klose zelairatu zituen Loewek, Muller, Podolski eta Gomezen ordez. Hautatzaileak ondo aurreikusi zuen Greziak harresia jarriko zuela ate aurrean, eta hamaikakoan iraultza txikia eginez, abiadura sakrifikatu zuen baloi tratu onaren mesedetan.

Lehen zatia norabide bakarrekoa izan zen, Greziaren aterantz. Alemaniak bakarrik izan zuen baloia, eta pazientziaz jokatu zuen. Distira eta abiadura pixka bat falta izan zitzaion, baina ezta behar ere, Greziak ez zuelako izutu. Baloia mugitzearen poderioz aukerak sortu zituen. 20. eta 25. minutuen artean lau izan zituen, bina Ozilek eta Reusek. Ondo bidean, gola denbora kontua zen.

Lahmek bota zuen harresia.Alemaniak alde batetik bestera mugitu zuen baloia ezker hegalekoak urrundik botatzeko tokia aurkitu zuen arte. Ezkerrean jokatu arren, eskuina da, eta eskuineko bikainez sartu zuen gola kapitainak (38. min). Zailena egina zen, eta arazorik gabe eutsi zion aldeari atsedenaldira iritsi arte.

Grezia oldarkorrago

Bigarren zatian Grezia oldarkorrago jokatu zuen. Gekas zelairatu zuen Feranando Santosek eta aurrelari biziak arriskua sortu zuen. Gola, halere, Alemaniaren huts baten ondorioz lortu zuen (55. min). Schweinsteigerrek baloia galdu zuen zelai erdian eta Katsuranisek pase aurreratua eman zion Salpingidisi. Hegalekoak Boatengi irabazi zion lasterraldian, eta erdiraketa Samarasek bidali zuen sarera bi erdiko atzelarien artean. Karagunisek Errusiari sarturiko golaren antz handia izan zuen.

Harmailek eztanda egin zuten, eta Grezia mirarian sinesten hasi zen. Baina Alemaniak bost minutu baino gutxiago behar izan zituenaurretik jartzeko. Berriz ere pazientzia izan zen bidea. Ezkerretik eraso, baloia eskuin aldera aldatu, eta Boatengen erdiraketa Khedirak modu ikusgarrian errematatu zuen (60. min). Erdilariak partida ona egin zuen, eta gol batekin borobildu zuen lana.

Alemaniak sendo jarraitu zuen, eta Klosek, buruz, sartu zuen hirugarrena eskuin hegaletik ateratako falta baten ondoren (68. min). Sifakis atezaina oso gaizki irten zen eta lana erraztu zion aurrelariari. Geroago Reus izan zen areaz kanpo aurkitutako aldaratzea baliatu zuena laugarrena sartzeko (68. min). Partida aspaldi erabakita zegoen, baina Greziak ez zuen amore eman. Emaitza justua zen, ez zuen gehiago merezi, baina borrokan jarraitu zuen, eta azkenean atontzea lortu zuen Salpingidisek sarturiko penaltiari esker (89. min).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.