Hirurak sartu dira

Urdaibai, Hondarribia, Kaiku eta Pedreña sailkatu dira Espainiako Txapelketako gaurko finalerako

Urdaibaiko arraunlariak garaipen bat ospatzen, aurreko estropada batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Urdaibai, Hondarribia eta Kaikuizan ziren azkarrenak atzo Castron (Espainia) jokaturiko Espainiako Txapelketako sailkatze estropadan. Pedreña izan zen laugarren, eta finaleanariko da gaur, hiru euskal ontziekin (11:30, ETB1).

Itsasoa zakar zegoen, arraunerako zail: olatu handiak, haize gogorra... Baina hiru euskal traineruak moldatu ziren hobekien. Kaiku lehen txandan lehiatu zen, Astillero, Castro eta Amegroverekin batera. Bizkaitarrek hasieratik hartu zuten txandako burua, eta amaiera arte eutsi zioten. Probak aurrera egin ahala, gainontzeko traineruekiko aldea handitu zuten. Txanda irabaztea nahikoa zuten finalera sailkatzeko, eta tarte polita zutenez, azken metroak lasai egin zituzten. Bigarren izan zen Astillero, etxeko taldeari aurrea hartuz. Azkena Amegrove izan zen, ia minutu batera.

Bigarren txanda orekatuagoa izan zen. Hondarribia eta Urdaibai zeuden, Pedreña eta Tiranekin batera. Itsasoak hobera egin arren, zakar jarraitzen zuen. Urdaibai, Kaikuren antzera, berehala jarri zen buruan, eta bakarrik aritu zen. Hondarribiak, Urdaibairen erritmoa jarraitu ezin zuen arren, alde nahikoa zuen Tiran eta Pedreñarekiko, eta lasai aritu zen. Bukaera estuagoa izan zen, Tiran eta Pedreña indartsu aritu baitziren azken luzean, tarteak asko murriztuz. Hondarribia lehen hiru luzeetan lortutako aldeari esker izan zen bigarren. Finalerako azken txartela helmugako bideoak argitu zuen. Ehunenekoak erabakigarriak izan ziren, Pedreña eta Tiran batera iritsi baitziren. Azkenik, Pedreña ariko da finalean. Gaurko saioa emakumezkoen II. finalarekin hasiko da; ondoren, gizonezkoen kontsolazio estropada jokatuko da, eta, azkenik, gizonezkoen finala.

Deustua eta Elantxobe nagusi

KAE 1 mailan, Deustuak ezustea eman zuen atzo Pasaian, lehen txandan aritu arren, bandera irabazi zuelako. Bigarren Lekeitio izan zen, 23 segundora. Zierbena eta Portugalete izan ziren hurrengoak. Haizea gogortuz joan zen, eta itsasoaren baldintzak asko aldatu ziren txanda batetik bestera.

KAE 2n, berriz, Elantxobe nagusitu zen Ondarroan. Bigarren Getaria izan zen, etxeko taldearen aurretik. Gaur, Getarian lehiatuko dira (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.