Arrauna. Kontxako Bandera

Kontxara sailkatzeko estropada daukate gaur emakumezkoek

Zazpi traineru ariko dira lehian erlojuaren aurka, eta lau onenek jokatuko dute bandera datozen bi igandeetan

Galiziako arraunlariak, iaz, Kontxako Bandera irabazi berritan. J. C. RUIZ / ARP.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Emakumezkoen Kontxako Bandera zein traineruren arteko lehia izango den gaur erabakiko da. 18:00etan, zazpi ontzi jardungo dira erlojuaren aurka, eta lau onenek izango dute estropada preziatuan arraun egiteko aukera datozen bi igandeetan. Hauek dira parte-hartzaileak: Bizkaia, Galizia, Getaria-Tolosa, Hondarribia, Orio, San Juan eta Zumaia. Bi luzetara jokatuko dute gaur, eta ibilbide berari egin beharko diote aurre hurrengo bi igandeetan.

Lau aukeratuen artean sartzeko faboritoak badaude. Hala, inork gutxik esango du Galizia eta Getaria-Tolosa sailkatuko ez direnik. Denboraldiko ia bandera denak irabazi dituzte bien artean, eta banderaren lehiak ere bien arteko kontua izan behar luke gauzak normal joanda. Dena dela, gaurko estropada berezia izan ohi da, urduritasuna beste edozein egunetan baino indar gehiagoz azaltzen delako. Faborito izatearen presioa izango dute aurkari handiena biek, baina beren lana ondo antzean egitea aski izan behar luke galiziarrentzat eta gipuzkoarrentzat barruan sartzeko. Bietako bat kanpoan geratzea sekulako ustekabea izango litzateke.

Bi handien atzetik Zumaia dago. Indartsuenek irabazi ez dituzten bi banderak bereganatu ditu (bat Euskotren ligan, eta bestea Gipuzkoakoan), eta barruan behar luke. Trainerua aldatu berri dute, eta Zarautzek utzitakoarekin erosoago dabiltza arraunean, eta baita azkarrago ere. Laugarren koskan San Juan azaltzen da. Denboraldian zehar, gauza politak egin izan ditu, banderak irabazteko lehiatik urrun antzean ibili arren. Berea egiten badu, lau onenen artean sartuta behar luke.

Goikoen hutsegitearen zain daude gainerako hirurak: Bizkaia, Hondarribia eta Orio. Hiruretan zein egon daitekeen ondoen ez da erraza asmatzen. Izan ere, Hondarribiak asko egin du hobera, eta begien bistan dauzka beste biak. Bizkaiak eta Oriok gauza onak egin dituzte denboraldian, eta hiruren arteko borroka horretan muturra erakusteko gaitasuna daukate. Ikusi egin beharko da hirukote honetakoren bat sailkatzen den edo ez. Aldez aurretik begiratuta, kale handia egin beharko lukete Zumaiak edota San Juanek beste hiruretakoren bat sartzeko.

Pronostikoak betetzen badira, Galizia, Getaria-Tolosa, Zumaia eta San Juan izango dira Kontxako banderaren lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.