Izarrak pantailaratzeagatik dibertitu du ikuslea 'The Grand Budapest Hotel'-ek

Wes Andersonen lanak ireki du Berlinale, eta 1932ko Europan hotel baten bueltako bizitza kontatzen du

Agentziak
Berlin
2014ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ralph Fiennesek jokatzen du The Grand Budapest Hotel pelikulako protagonistaren rola. Aktore britainiarra izar bat da Schindler's List (1993) eta The English Patient-en (1996) lan egin zuenetik. Baina Willem Defoek, Adrian Brodyk, Tilda Swintonek, Edward Nortonek eta Bill Murrayk ere parte hartzen dute, bigarren mailako roletan. Izar bati izar gehiago; hortaz, argia gora eta behera. Eta pantailan hainbeste izar erakusteagatik eusten dio, hain zuzen, Wes Andersonek zuzendutako komediak. 64. Berlinaleko Sail Ofiziala ireki zuen atzo haren azkeneko pelikulak, eta ikusleak dibertitu zituen arren, horiek ez ziren erabat gogobeteta atera Berlinale Palast aretotik.

Atezaina da Gustave (Fiennes). Luxuzko hotel batean; Europaren bihotzean, 1932an. 80 urtetik gorako haren bezeroek utziko dizkioten seniparteek bizitza irauliko diote. The Royal Tenenbaum (2002) eta The Life Aquatic with Steve Zissou ere (2005) Berlingo Zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztu zituen zinemagile estatubatuarrak, eta oraingoan ukitu esperpentikoko polizia tramabati eta gerren arteko Europako gizarteari buruzko hausnarketa bati eman die bidea.

Elurrez inguratutako hotel baten bueltan osatu du istorioa Fantastic Mr. Fox-en (2009) egileak, eta hortik igaroko dira bezeroak, atezainaren lagunak, presoak, poliziak, soldaduak, senipartea jasotzea merezi dutela uste duten pertsonaia makurrak, eta beste. Ia ezinezkoa da jakitea zenbat aktore pantailaratu dituen Andersonek, baina fokupean Fiennes dago. «Ez naiz protagonista sentitzen. Taldelanean osatutako pelikula da», adierazi zuen aktoreakatzo Berlinen.

Beste hemeretzi pelikularekin lehiatuko da The Grand Budapest Hotel, film onenaren Urrezko Hartza irabazteko ahaleginean. Gaur 71 (Yann Demange), Jack (Edward Berger) eta La voie de l'ennemi ( Rachid Bouchareb) proiektatuko dituzte.

James Schmus gidoigile eta ekoizle estatubatuarra da epaimahaiko presidentea, eta atzo jakinarazi zuen pelikuletan zinemaren balio berriak bilatzen saiatuko direla, hori dela bere eta epaimahaiko beste kideen helburua. «Horretarako gaude hemen: berria, dinamikoa dena, zinemaren ohiko zirkuituetan hain presente ez dagoena topatzen ahalegintzeko. Christopher Waltz da epaimahakideetako bat, eta adierazi zuen ahalegin horretan Cannesko zinema jaialdia (Frantzia) baino hobeto moldatzen dela Berlingoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.