Lurralde egituraketari buruzko eztabaida

Elkargoaren xedean sakontzen segituko dute hautetsiek

Parisek Ipar Euskal Herriaren eskaria «entzun» duela uste dute, ondorio zehatzik ekarriko duen bermerik eskuratu gabeHitzarmen Berezia arraberritzeko lanak gelditzea proposatuko dute, presioa egiteko

Ezkerretik eskuinera, Galant, Etxeto, Lasserre eta Brisson. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Parisen Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroarekin bildu eta biharamunean, Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoaren xedea sakontzen eta lantzen segituko dutela berretsi dute Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak, Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak, Jean Mixel Galant Garazi-Baigorriko Herri Elkargoko presidenteak eta Jean Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko presidenteak. Parisen izandako bilkurari buruz balorazio bera egin dute. «Hautetsien eta gizartearen sostengua duen xedea aurkeztu diogu ministroari, eta entzun, entzun gaitu. Harrera duina egin digu», erran zuen Lasserrek.

Lebranchuk azaldu zien Ipar Euskal Herriak «ezagutza instituzionala» ukanen duela. Alta, hitz horren bidez ministroak zer adierazi nahi duen ez da zehatza. «Ezagutza hitzak adiera ugari ukan ditzake eta, adibidez, ezin daiteke indarrean dagoen hitzarmena luzatzea bakarrik izan», zehaztu zuen Lasserrek. Gaineratu zuen horrelakorik balitz ez litzatekeela aski. Frantziak osatu behar duen lege esparruan Euskal Herria ez agertzea onartezinaeta mingarria litzatekeela erran zuen Lasserrek.

Lasserre zuhur agertu zen, Galant hautetsi abertzalea, berriz, baikorrago zen. «Gure helburua zen lurralde elkargoaren eskaria Parisera eramatea. Atea irekitzea lortu dugu, eta entzun dute gure eskaria». Estatuaren goi mailan jaso dute lurralde elkargoaren eskaria, ezagutza instituzionalaren beharra. Orain, hori eginik, ezagutza instituzionalaren ildoan urratsak egin behar direla nabarmendu du. Ministroak adierazi zien ildo horretan «bidea atzemanen» dutela, eta elkarlanean xedea aztertu eta edukiz jantzi beharko dela adierazi zuen Galantek.

Etxetok ere bat egin zuen mezu baikorrarekin. «Parisko bilkuraren helburua atea irekitzea zen, eta hori lortu dugu». Frantziako Gobernuaren esku utzi dute orain artean Garapen Kontseiluaren baitan egindako lan guztia, baita azterketa teknikoak ere. Ministroak berak onartu zien ezagutzarako borondatea bada eretrabak izanen direla hori gauzatzeko.

Brissonek, Lasserrek bezala, zuhurtziaren bidea hobetsi zuen. «Duintasunez hartu gaituzte, baina ministroak erantzun zehatzik ez emateak erakusten du gobernuak ez duela oraindik ebatzi lurralde antolaketa, antolaketa instituzionala». Ipar Euskal Herriak ezagutza instituzionala eskatzen du, eta duela 30 urteko «hitzordu galdua» gogoratuz, honela erran zion ministroari: «Eskari hori ez bada onartzen gaur, bihar itzuliko gara eskari bera egitera». Euskal Herriaren aipamena lege esparruan egotea eskatu zuen, arriskutsuegia delako aipamen instituzionala gauez aztertzen diren zuzenketen arabera uztea.

Presioa areagotu

Lasserrek orain artean egindako lana nabarmendu zuen, eta azaldu zuen Parisek lurralde elkargoaren aldeko ebazpena hartu ezean tokiko eragileek egiten duten gogoeta lanaren denbora bukatuko dela. Lurralde elkargoaren aldeko erabakia har dezan, presioa egingo diote Frantziako gobernuari. «Hautetsien Kontseiluari proposatuko diot gobernuak lurralde elkargoaren eskaera trenkatu artean ez dadila hasi aztertzen Hitzarmen Berezia berritzeko lanetan. Hitzarmen horrek elkarte egitura dauka, eta sobera ahula da, hauskorregia».

Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak egin duten gogoetan argi geratu zen gaur egunindarrean dagoen Pays egitura gaindituta dagoela. Hitzarmen Bereziaren luzamena baino ez eskaintzea tokiko hautetsiek arloz arlo egindako hausnarketa sakonaren ondorioz baztertu duten egitura berrestea litzateke. Hori eragozteko, urrats bat egitea proposatuko die hautetsiei. Urrats hori onartuz gero, zalantzak geldituko lirateke gaur egun indarrean dauden egiturak, hala nola Euskararen Erakunde Publikoa bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.