Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Jean Pierre Jeunet: «Errealitateari buruzko zinemak aspertu egiten nau»

'The Young and Prodigious T. S. Spivet' filma estreinatu du zinemagile frantziarrak, lehiatik kanpo

Igor Susaeta.
Donostia
2013ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ipuin ukitua daukate azkenekohogei urteotan Jean Pierre Jeunet zinemagile frantziarrak (Roanne, 1953) zuzendu dituen pelikulek. Izan ere, errealitateak ez du batere erakartzen. Hori aitortu zuen Amélie-ren (2001) egileak atzo Donostian, The Young and Prodigious T. S. Spivet hiru dimentsiotan filmatutako pelikula Sail Ofizialean baina lehiatik kanpo estreinatu eta gero.

Jeuneti gustatzen zaizkio distantzia hartzen duten zinemagileen ekoizpenak. «Gaur egungo pertsonekin pelikulak egiteko, nahiago dut dokumental bat ikusi. Errealitateari buruzko zinemak aspertu egiten nau», adierazi zuen proiekzioaren ondorengo prentsaurrekoan.

T. S. Spivet hamabi urteko mutilaren istorioa kontatzen du filmak. Montanako (AEB) etxalde batean bizi da, eta haur miragarri bat izaki, kartografiarako eta asmakizunak egiteko sekulako talentua dauka, adibidez. Horren ondorioz, ospe handiko sari bat emango dio zientzia erakunde batek, eta hura jasotzeko herrialde erdia zeharkatu beharko du.

T. S. Spiveti bezala, Jeuneti ere eman izan dizkiote sariak, baina, haren hitzetan, jasotzerakoan ez du jakiten zer esan. «Saririk ez irabazteagatik poztu izan naiz. Oholtzara igotzeko beharra ez edukitzeagatik; ingelesez mintzatu behar ez izateagatik». Nahiago du etxean gelditu: «Nire marrazkitxoekin, nire story board-ekin...».

Ez da oso zinemagile emankorra. Zazpi ekoizpen osatu ditu azken 20 urteetan, eta atzo estreinatu zuenaren aurrekoa Micmacs zen, 2009koa. Proiektu bati heltzeko, horrek bost osagai eduki behar ditu: «Istorio on bat, pertsonaia onak, emozioa, umorea eta irudi berezi batzuk».

Jeuneten gustuak ezagutzen dituen bere irakurle propioak deskubritu zuen T. S. Spiveten istorioa, Reif Larsen idazlearen aurreneko nobelan, The Selected Works of T.S. Spivet-en (2009).«Hamargarren lerrorako irakurtzen ari nintzenarekin maiteminduta nengoen. Zerbaitekin hiru urte pasatu behar baldin badituzu, maitemindu beharra daukazu».

Hortaz, idazleari deitu zion. Eta kasualitatea bada ere, Jeunet zen Larsenek bere nobela inoiz zinemara egokitzekotan aukeratuko zuen zuzendarietako bat, Wes Anderson, Alfonso Cuaron, Tim Burton eta Guillermo del Tororekin batera. «Pelikulan azaltzen den guztia, detaileren bat salbu, liburuan dago».

Helena Bonham Carter aktoreak —Donostiara etortzekoa zen, baina azken orduan bertan behera geratu zen haren bisita— jokatu du haurraren amaren papera. Matxinsaltoetan eta beste intsektu batzuetan espezializatutako naturista bat da. Jeunetentzat «oso erraza» izan da britainiarrarekin lan egitea. «Halere, hurrengoan filmaketa eroagoa izatea gustatuko litzaidake, oso sortzailea, edozertarako gauza, delako».

AEBetan eta Kanadan errodatu zuten, baina ez da film «estatubatuar bat», Jeuneten ustez. «Izan ere, Hollywooden ez dago askatasunik. Dena dago formatatuta, eta etekinaren legea besterik ez zaie axola». Izan ere, zinemagintzan zerbait «ezinbestekoa» iruditzen baldin bazaio Jeuneti, hori askatasuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.