'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaiaren eragina

Del Rioren epaia besteei aplikatzeko bideari ekin diote

Juan Manuel Lopez Piriz aske uztea erabaki dute Zigor arloko epaileek; esku artean zuten aurreneko helegitea zen PirizenaOstiralero bilduko dira Auzitegi Nazionaleko magistratuak, kasuak banaka aztertzeko

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ines del Rioren aldeko epaiak Parot doktrinarekin preso dauden guztientzat balioko du. Egoera berean dauden eta aske uzteko eskatzen duten presoak aske utziko dituzte. Hori eman zuten aditzera atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor salako epaileek. Osoko bilkura egin zuten, Parot doktrina aplikatu zietelako Juan Manuel Piriz eta Josefa Mercedes Ernaga presoek Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaren aurretik jarrita zituzten helegiteak aztertzeko. Pirizena bakarrik aztertu zuten, eta hura aske uzteko agindu zuten, doktrina aplikatu gabe kalean behar lukeelako 2009ko martxotik. Ernagarena aurrerago aztertuko dute, doktrina aplikatu gabe jarritako irteera eguna ez delako iritsi oraindik —2014ko abenduan du—, eta, erabakia izaten dena izanda ere oraindik ere preso jarraitu behar duenez, ez zaielako «presazkoa» iruditu.

Izan ere, badute lana zigor salako magistratuek. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrina eraitsi ostean, haiei ere epaia aplikatu, doktrina bertan behera utzi eta libre uztea galdeginez 50 preso ingururen eskaerak zituzten mahai gainean atzo bildu ziren 16 epaileek. Eta gehiago ere edukiko dituzte. Del Rioren abokatuek esan zuten 56 euskal preso daudela egoera horretan, eta «berehala» libre uzteko eskatuko dutela. Gainera, euskal presoak ez dira Parot doktrina aplikatuta espetxean dauzkaten bakarrak.

Haiei guztiei buruz nola erabaki izan zen zigor salaren osoko bilkurako gai nagusia, atzo. Kasuak banan-banan aztertzea erabaki zuten, eta, horretarako, eskaera guztiei buruzko erabakiak amaitu arte, ostiralero bilera egingo dute. Ostiralero esango dute zeintzuk uzten dituzten aske.

Azaroaren 8an egingo dute eskaerez erabakitzen hasteko aurreneko bilera, eta handik aurrera, ostiralero. Horretarako eskaera egin duen preso bakoitzari buruz duen iritzia azaltzeko eskatu dio zigor salak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, eta hiru eguneko epea eman dio.

Guztiei buruzko erabakia berak ez hartzea ere erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Helegiteak Auzitegi Gorenean eta Konstituzionalean dituzten presoen auziak auzitegi horien esku uztea erabaki zuten. Auzitegi Konstituzionalak 22 helegite ditu mahai gainean, Estrasburgoren epaia etorri bitartean azken erabakia eman aurretik geldirik zeudenak. Auzitegi Gorenean, berriz, sei kasu daude. Hain justu, azaroaren 12an egingo du bilera Gorenak, deliberatzeko.

Ia 30 urte giltzapean

29 urte eta zortzi hilabete egin ditu preso Pirizek, eta atzo bildu ziren 16 magistratutatik 15en aldeko botoekin erabaki zuten aske uztea. Estrasburgoren erabakiak haren kasuan eragin zuzena duela esan ostean, bestela ere Piriz libre utziko zutela nabarmendu zuten epaileek, doktrina aplikatzerako «irregulartasunak» izan zirelako.

Atzo bertan atera zen Piriz Botafuegoko espetxetik —Algeciras (Espainia)—. Senitarteko eta gertukoen hamabost bat laguneko taldea zuen zain Pirizek espetxe atarian, kazetariez gain. Atera eta berehala, furgoneta batean sartu eta espetxetik urrundu ziren, Euskal Herrirako bidea hartuaz.

Presoak espetxetik atera beste erremediorik ez du Espainiako Gobernuak, baina sortzen ari den ezinegona dela eta, «deliturik egin ez dadin» haiek eta haien inguruak ondo zainduta edukiko dituztela azpimarratu zuen atzo Soraya Saenz de Santamaria bozeramaileak. Ostiralero bezala, Ministroen Kontseiluaren ostean hitz egin zuen. Nabarmendu zuen Gobernua ez dagoela ados Estrasburgoko auzitegiaren epaiarekin. Doktrina bertan behera uztearen eraginez kaleratzen diren presoek eta haien ingurukoek deliturik egin ez dezaten poliziak «oso adi» egongo direla ohartarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.