Manifestazioa Bilbon. 'Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea'. Iritzia

Eskaria

2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Sarritan galdetzen didate ea zein den inoiz eman dudan albisterik onena. Urte asko daramatzat, ez naiz gainera ranking zalea eta uste dut errazago geratu zaidala memorian iltzatuta txarra ona baino. Baina ostiral arratsaldean, zuzenean ari nintzela paper ziztrin bat pasa zidaten, erdi tolestua, letra azkarrez idatzia eta handik hiru ordu laurdenerako iragarria zegoen agerraldi bateratuaren aurrerapena irakur nezakeen: «Arraiz eta Ortuzar 19:00etan». Beste mezu hau ere bai: «Saioa luzatu egingo dugu».

Jende askok espero zuen notiziatzat jo nuen. Ona, beraz. Eta etorri ziren Arraiz, Ortuzar eta EA, Aralar, Alternatiba, Geroa Bai eta ELA eta LAB.

Estatua etengabe oinarrizko eskubideak urratzen ari dela ikusita, euskal gizartearen zati handi baten ordezkari nagusiek herritarrak deitu izana oso garrantzitsua da. Ez da onargarria aurretik zabaldutako albisteen kronika begien aurrean ikustea, abokatuak atxilotuz, senatarien bulegoak miatuz eta gezurrak zabalduz. Ez da posible justiziaren erabilera ankerra egitea, ez da posible oinarrizko eskubideak debekatzea. Hori guztia posible ez delako, izan iritzi bateko edo besteko, beharrezkoa da kontrako jarrera azaltzea. Horren lekuko, deia egin ez duten beste alderdi batzuetako jarraitzaileak ere atzo Bilbora joan izana, PSN, PSEkoak eta Ezker Anitzakoak, adibidez.

Espainiako gobernua bortitz jokatzen ari da, behin eta berriz errepikatuz ez duela ezer aldatuko, betiko formulak erabiliz. Baina batzuetan gertakariak azkartu egiten dira, eta haien gaineko kontrola ez da ordura artekoa bezain erraza izaten. Azken ordutan Berlingo Harresiaren irudia etorri zait sarri. Urte luzez lortu ez zena goizetik gauera jausi zen. Herritarrek apurtu zuten harresia, akabo!

Irudietatik harago, egoerak ez dira bi egunetan egonkortzen, aurretikako lana ezinbestekoa izaten delako eta ondorenak apal bideratzen direlako.

Baina sinetsi nahi dut inflexio puntu batean gaudela eta Euskal Herrian urte luzez bizi dugun egoerari sekulako bultzada emateko moduan gaudela. Hori horrela balitz, pentsatzen dut ETAren aldetik espero den eta egunotan hainbeste hizpide eman duen agiria ere orain behar dela, une hau, momentu hau, pasatzen utzigabe. Orain.

Herri honetan ordezkaritza dutenei, zer esana dutenei, aukeratuak izan direnei, eragina dutenei eskatuko nieke, oraingoan, momentu hau ez pasatzen uzteko. Eta herritarrok beste horrenbeste egin behar dugu elkarbizitza gugandik hasten delako. Lortu egin behar dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.