Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Zapatero-Lopez bilera

Lopezek eta Zapaterok diote politikak lagundu behar duela aro berria sendotzen

Lehendakariak Espainiako gobernuburua hartu du Ajuria Enean, ETAk armak utzi ondoren sortu den egoera aztertzekoETAren jardunaren amaiera «euskal herritar guztien garaipena» dela esan du Zapaterok

Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez, atzo, Ajuria Enean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Patxi Lopez lehendakaria eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua bat datoz Euskal Herrian hasi den aro politikoaren inguruko diagnostikoan. Ados daude bakea finkatzeko egin beharreko urratsetan. Ajuria Enean elkartu dira Lopez eta Zapatero, ordubetez, ETAk jarduera armatua behin betiko eten osteko egoera aztertzeko. Lehendakariak mezu nagusi bat eman du batzarraren osteko agerraldian: «Biok uste dugu politikak lagundu egin behar duela aro berria sendotzen».

Bileratik pozik atera dira bi agintariak. Itxaropentsu. Pozik dago lehendakaria, batetik 1980tik ez zelako Espainiako Gobernuko presidenterik Ajuria Enean, eta, bestetik, «askatasunaren eta demokraziaren garaipena» lortu denean etorri delako Zapatero bisitan. Espainiako gobernuburua ere pozik azaldu da ETAren jarduera armatua amaituta hau «une historikoa» delako.

Urriaren 20ko eguna behin baino gehiagotan izan du hizpide Zapaterok bere hitzaldi laburrean. Egun horretan ETAk iragarri zuen jarduera armatua behin betiko utziko zuela, eta Zapaterok esan du ordutik egin duen «gogoeta sakonaren» ostean ondorioztatu duela egoera honetara iristearen «meritua» euskal herritarrena dela. «Euskal Herriko demokratei esker lortu da hau, askatasunaren alde borrokatu direlako eta eutsi egin diotelako. Indar hori gabe ez genuen ETAren bukaera lortuko». Aitortu du presidente karguan egon den ia zortzi urteetan denbora asko pasatu duela ETAren indarkeriari amaiera eman nahian, bere «lehentasun nagusia» hori izan dela eta «ahalegin politikoak» egin dituela horretarako, eta horregatik orain «lotura berezia» sentitzen duela Euskal Herriarekin.

Indarkeriaren amaiera zuzenbide estatuaren eta gizartearen garaipena ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren elkarlanaren emaitza ere izan dela adierazi du, bestalde, Lopezek. «Armak isilduta, agerian geratu da ETA zela Euskal Herriko gatazkaren jatorria», erantsi du.

«Bakearen alde arriskatzeagatik» eskerrak eman dizkio lehendakariak Espainiako gobernuburuari. «Euskadik asko zor dio Zapaterori. Askatasuna lortzen eta terrorismoa garaitzen lagundu digu», esan du Lopezek. Espainiako gobernuburuaren bisitarekin «indarkeriaren zikloa itxi» egin dela gaineratu du.

Bakea sendotu dadin zer pauso eman behar diren ados daudela esan dute biek ala biek. Lehendakariak azaldu du Espainiako hurrengo gobernuaren zereginaneurriak hartzea izango dela, betiere Jaurlaritzarekin eta euskal alderdiekin «bat eginda». Lehendakariak ez du zehaztu zeintzuek izan behar duten neurri horiek, baina «asmatzen segitu» nahi bada pauso guztiak «zuhurtziaz» eman beharko direla esan du.

Zapaterok, berriz, «konfiantza» agertu dio lehendakariari garai berri honetan. Gainera, Lopezek joan den irailean Legebiltzarrean batasunerako eta bizikidetzarako aurkeztutako dekalogoari «erabateko babesa» eman dio, «elkarrizketan eta etorkizunean oinarritzen» dela iritzita. Zapatero «harro» agertu da lehendakaria bakea sendotzeko egiten ari den lanarekin, uste du «oso egoki» ari dela gidatzen aro berria, eta «lidergo hori estimatzeko» eskatu die gizarteari eta indar politiko guztiei. «Lehendakaria asmatzen ari da, soseguz eta zuhur ari delako. Hau luzea izango da, eta elkar ulertzeko ahalegin handia eskatuko du».

Indarkeriaren bukaerak «aro politiko eta zibiko berria» hasiko duela esan du Zapaterok. Bidea, baina, «samurragoa» izango da «norabide egokia» hartzen bada eta «batuta» jokatzen bada, haren ustez. Hala ere, ziur da aro berrian «gauzak ongi» egingo direla. «Konfiantza osoa daukat lehendakariaren gidaritzapean ongi kudeatuko dela aro berri hau».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.