'Parot doktrina', eraitsia. ETAren biktimak

Balantza edo galbahea

Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiaren ostean, «garaile eta garaituen justizia» eskatu dute ETAren biktima batzuek. Bada, baina, bestelako jarrerarik; bada mina eta eskubideak bereizi dituenik.

Donostiako Udalak «biktima guztiei» egindako omenaldia, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Erreakzio gogorrak izan zituzten ETAren biktimen elkarte batzuek Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinari buruz emandako epaiaren ondoren. AVT elkarteak deituta Madrilen egin zuten manifestazioa izan zen horren isla nagusia, besteak beste, «garaile eta garaituen justizia» eskatu zutenekoa. Oihartzun handia izan dute, eta aurrez aurre hartu dituzte Espainiako ministroek, Mariano Rajoy presidenteak eta Juan Carlos erregeak berak. Izan da, ordea, ETAk eragindako biktima izanda ere auzia beste modu batera ikusi duenik. Izan da mina eta eskubideak galbahetik pasa eta bereizi dituenik, ustezko justizia baten balantzara eraman beharrean. Min hori ezagun duten arren, pentsatu arren ulergarria eta errespetatu beharrekoa dela. Ez, ordea, hori erabiltzen den bezala erabiltzekoa.

MAIXABEL LASA

«Onartu behar da. Horretan oinarritzen da demokrazia, eta Zuzenbide Estatua»

«Onartu eta bete beharrekoa» da erabakia Maixabel Lasarentzat. Gogora ekarri du epaileek ezarritako kartzela zigorra beteta aterako direla kalera doktrina aplikatu zitzaien presoak. «Horretan oinarritzen da demokrazia, baita Zuzenbide Estatu deritzonaren adar judiziala ere». Ez ditu ahazteko, ordea, atentatuak eta heriotzak: «Senideak ez dira gustura egongo».

Dena ez da kartzela urteetan neurtzen, eta, Lasaren esanetan, hortik harago ere badira bestelako gauza batzuk. Harentzat, «erabat ezberdina» izango litzateke askoren sentipena ezker abertzaleak «bere erantzukizuna» onartuko balu. «Erantzukizun handiena ETArena da, baina ezker abertzaleak ere badu berea, azken urteetan terrorismoari eman dion babes eta bultzadagatik». Alde guztietako biktimak daudela onartu duela jakitun izan arren, «autokritika serio bat» egiteke duela uste du, eta presoen kaleratzeak «orain arte ohitu garen bezala» ez hartzea ere eskatu du, omenaldi publikoak gogoan.

Maila pertsonalean ere bada zer egin, Lasaren iritziz, eta uste du garrantzitsua dela presoak berak ere onartzea egindakoa. «Egin dutena erabat gaitzestekoa dela, onartzen dutela egindako kaltea, eurak direla arduradun bakarrak, behintzat lehen pertsonan, hilketa horien aurrean. Ez da berdin kartzelatik irtetea pentsatuz heroi bat zarela, edo pentsatuz 'nik oso gaizki egin ditut gauzak, erabat saminduta nago, prest nago familia hauek eta gizarte osoa nolabait erreparatzeko'».

GORKA LANDABURU

«Alde guztiek egin behar dugu: inplikatu eta eragindako mina aitortu, bakea sendotzeko»

«Inongo sorpresarik» gabe hartu zuen epaia Gorka Landaburuk, hala espero zuen. «Asko ginen, ez ni bakarrik, atzera botako zutela genekienak. Ezin onartuzkoa zen doktrina hori», esan du: «Ezin da egon Justizian atzera eraginkortasunez emandako epairik». Zalantzan jarri du kartzela urteen «nahikotasunaz» zenbait biktima elkartek egin duten diskurtsoa ere. «Hamabost edo hogei urte baino gehiago, egin dituzun hilketa guztiak eginda ere, ez dakit...».

Estrasburgoren epaia ez, Espainiako Gobernuaren eta ETAren biktimen «zenbait elkarteren» jarrera da harrigarri zaiona. «Egoera garai berrien aurka joateko aprobetxatu duen jendearena». Ulertzen du norbaitek halako erreakzioak izatea. «Baina orain arte atera direnek jarri zieten zigorra baino gehiago jaso dute».

Biktima horien erabilpena da kezkatzen duena: «Biktimak asko daude herri honetan, zoritxarrez; modu askotakoak, alde batekoak eta bestekoak», dio. Ez du onartzen horiek «erabili eta manipulatzea», edo oro har, «biktimez» eta «biktimen izenean» hitz egitea. AVT aipatu du adibide gisa: «Asko eta asko ezagutzen ditut Madrilgo manifestaziora joan ez zirenak». Bizikidetzaren bideari begiratu nahi dio, «etorkizunari», eta ziur da halako manifestazioek ez dutela aurrera egiten uzten: «Ez da manifestazioetarako ordua, lan egitekoa baizik, Euskal Herrian askori gertutik bizitzea tokatu zaigun arazo bat konpontzeko». Horretarako, beharrezko deritzo alde guztietako biktimen memoria, justizia eta erreparazioa lantzeari. «Eta, bihar, etorriko da adiskidetzea». Elkarrekin eseri beharra dagoela dio: «Alde guztiek egin behar duguna da inplikatu eta eragindako mina aitortu, bakea sendotzeko».

JEXUXMARI MUJIKA

«Lagundu behar du presoekin justiziaz jokatzen asmatu eta bizikidetzan aurrera egiteko»

Bidezko erabakia iruditu zaio Joxemari Kortaren Bidetik fundazioko bozeramaile Jexuxmari Mujikari ere. Azaldu duenez, Kortaren balioak gogoan zituztela jarri zioten izena fundazioari, haren «balio etikoak» barne hartuz: «Hor, gizaki guztien eskubideak sartzen dira. Presoenak ere bai. Honek bide eman behar luke bizikidetzan aurrera egiteko, eta lagundu egin behar luke aurrerantzean presoekin justiziaz nola jokatu asmatzeko ere». Uste du inork ez lukeela min hori erabili behar «interes alderdikoiekin», ezta biktimek berek ere.

«Beldurraren isiltasunetik errespetuaren isiltasunera» pasatzea aldarrikatu zuen joan den abuztuan Kortaren Bidetik fundazioak, eta bide horretatik hitz egin du Mujikak orain ere minari buruz. «Denon erantzukizuna da, biktimarioena eta haien ingurukoena batez ere, min hori handitu dezaketen jokabide guztiak saihestea». Hori da «errespetuaren isiltasuna», haren hitzetan: pentsatzen dena lasai esatea, baina min hori jasan dutenei min handiagoa eragin gabe. Pauso batzuk egoki egin direla uste du, eta esperantza du ondo jokatuko dela horretan. «Hori gabe, ez da posible bakegintzarik Euskal Herrian».

ROSA RODERO

«Modu batera edo bestera, familia guztiek sufritu dute. Gauzak ondo egiteko unea da»

«Kontzientziatuta» zegoen Rosa Rodero. Bazekien 197/2006 doktrina ez zela legezkoa, eta ez zen harritu. Onartu du ez duela gustuko, min ematen duela «neurri batean»: «Arduratsuak izan behar dugu, eta dagoena onartu, legezkoa den bitartean». Kaleratzeek ez diote «gorrotorik» eragin: «Inoiz ez dut-eta izan halakorik».

Garrantzitsua da harentzat pertsona horiek «keinuren bat» egitea: «Ez dut esaten barkamena eskatu behar dutenik, niri ez didalako ezer esaten». Baina, batez ere, ETA desegitea eta «elkarbizitza baketsu bat» eraikitzea da nahi duena, harentzat berandu heldu arren: «Ilobak bizi daitezela bakean eta lasaitasunean. Ez gara gu bakarrik Euskadin, jende asko dago. Nik uste, modu batera edo bestera, familia guztiek sufritu dutela. Urte asko dira, eta momentua da behingoz gauzak ondo egiteko».

197/2006 doktrinarekin «biktimak erabiltzen» ari direla salatu du, ohartaraziz ez dituztela ordezkatzen ez bera ezta beste asko ere. «Hemen biktima asko daude, eta inork ezin du esan ordezkatzen dituenik. Biktimak nork bere burua ordezkatzen du, edo bera dagoen elkarteak, eta ez hor hizketan aritzen diren jaun horiek». Haren ustez, ordea, «bake prozesua aurrera eramatea» da gehienek nahi dutena: «ETAri pausoak eskatzea, eta [Espainiako] Gobernuari ere bai. ETAk gehiago eman ditzake, gobernuari ere eskatu ahal izateko, ez baita batere ematen ari».

CARMEN HERNANDEZ

«Tristatzen nauena da irteten den pertsona ez irtetea eragin duen minaren damuarekin»

«Hori da justua, espetxe onurak ezarrita tokatzen zaienean irtetea», dio Carmen Hernandezek Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaz galdetuta. «Arrazoizkoa» iruditu zaio erabakia, aurrez «modu injustuan» aplikatzen ari zirelako legea: «Ez naiz jurista, baina badakit zer esaten duen legeak, zer den justua eta zer ez. Ondo ikusten dut».

Bestelako iritziak errespetagarriak direla dio, baina horixe eskatu du beretzat ere: errespetua. Presoak ateratzeak «tristura» eragin diezaiokeela aitortu du, «baina besterik ez»: «Tristatzen nau irteten den pertsona ez irteteak eragin duen minaren damuz».

CRISTINA SAGARZAZU

«Euskal arazoa ez da ETAren indarkeria. ETAren indarkeria arazo horren ondorioa da»

«Normala da», dio Cristina Sagarzazuk 197/2006 doktrina atzera bota izanari buruz. «Lardaskeria bat zen». Pertsonalki, ez diote aparteko sentimendurik eragin kaleratzeek. «Senide bat hiltzen badizute, lehen kolpean nahi duzuna da hiltzailea zure eskuekin itotzea. Benetan. Arazoa da horrek ez dizula itzuliko». Zenbait biktimak amorruaren arabera jokatzen dutela uste du, eta erabili egiten dituztela. «Justizia eskatzen duten batzuek benetan eskatzen dutena da eurek egin nahi luketen mendekua beste batek egitea». Horren ordez, «buruarekin» pentsatzea defendatu du: «Ez soilik gugan, ingurukoengan baizik».

Sagarzazuk ez du arazorik esateko bi aldetatik egin direla gaizki gauzak. Onartzen du torturatu egin dela, eta kritikatu edukiontzi bat erretzeagatik urte luzetako kartzela zigorrak ezarri direla. «Barrionuevo-ak» ere aipatu ditu: «Zenbat denbora eman zuten kartzelan?». Gero eta handiagoa bihurtu den elur bola batekin alderatu du «euskal arazoa». Haren ustez, gelditu, eta «sakonean dagoen harritxoa» bilatu beharra dago. «Hori da arazoa. Ezberdintasun kultural bat onartzea, mundua beren modura ikusten dutenek beren modura bizi nahi izatea. Euskal arazoa ez zen ETAren indarkeria. ETAren indarkeria arazo horren ondorio da, uste zutelako horrela konpon zitekeela. Baina ez da konpondu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.