Ezkerraren alternatiba eraiki dute Baionan igandera begira

Baiona 2014 eta Ezkerreko Fronteak abertzale, ezkertiar eta ekologisten indarrak biltzeko akordioa dute

Jean Claude Iriart abertzalea eta Martine Mailfert Ezkerreko Frontekoa, atzo. SYLVAIN SENCRISTO.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Baiona 2014 zerrendak eta Ezkerreko Fronteak elkarturik aurkeztuko dira bigarren itzulira, ezkerretik alternatiba berria eraiki nahian. Ezkerreko balioak, lurralde elkargoa, euskararen sostengua, ingurumenaren defentsa eta demokrazia parte hartzailea izanen dira akordioaren ardatz. Horrela jakinarazi dute Jean Claude Iriart Baiona 2014 zerrendaburuak eta Martine Mailfertek Ezkerreko Frontearen izenean.

Baiona 2014 zerrendak igande gauean deliberatu zuen presente egotea bigarren itzulian, aliantzarik egin gabe. Baztertu zuten, beraz, Etxeto sozialistarekin edota Etxegarai zentristarekin bat egitea. Astelehenean Ezkerreko Frontearekin bildu ziren, eta ikusirik gisa bereko balioak defenditzen dituztela, indarrak biltzea deliberatu dute, Baiona 2014 zerrendan barneratuta ezkerreko militanteak. Lehen itzulian, Jean-Claude Iriartek 1 .642 boz lortu zituen (%10,30), eta Ezkerreko Fronteko Serge Noguesek, 944 boz (%5,92). Igandean lortuko dituzten hautetsiak emaitza horien arabera banatuko dituztela jakinarazi dute. Beraz, lehen bi hautetsiak Iriarteren zerrendakoak lirateke, eta hirugarrena, Ezkerreko Frontekoa.

Politika egiteko bertze eredu bat garatu nahi dutela azaldu zuten. Egitura bakoitzak bere iritziak atxikitzeko askatasuna ukanen du. Baina demokrazia parte hartzailea garatu nahi dute ondoko sei urteotan. Adibide gisa, aurrekontuak era parte hartzailean osatu nahi dituzte, bilkura publikoak antolatuz auzotegietan eta herritarren iritziak bilduz.

Ezkerreko alternatiba

Herriko etxean egon diren indarren parean, ezkerreko alternatiba sinesgarria eraiki nahi dutela azpimarratu dute bi egiturek. Behingoan, alderdien etiketak gainditu eta programetan aipatzen dena garatzeko aukera dagoela azpimarratu zuen Mailfertek. Abstentzioa handia izan dela gogoratu, eta horren arrazoiak aipatu zituen, bereziki Francois Hollande Frantziako presidentearen politikak eragindako atsekabea eta PSko ordezkarien sinesgarritasun eza ezkerreko jendeen artean. «Abstentzioa horren handia izan bada (%44 Baionan) Hollanden politikarengandik da, ezkerreko jendeak ez duelako hori bermatu nahi eta nahiago duelako abstentziora jo». Ezkerreko alternatiba eraikitzeko, abstentzioko bozak ere erakarri behar dituztela azaldu zuen.

Funtsean, Baionako herriko etxean ezkerreko alternatibarik ez zegoela erran du Mailfertek. «Ezkerreko jendeek hautatu behar zuten eskuin liberalaren eta ezker sozio-liberalaren artean; ezkerreko alternatiba erreal bakarra proposatuko diegu».

Bateratzea lortzeko sakoneko desadostasunik ez dela egon nabarmendu du Iriartek. Bizi publikoan euskararen sustapena bultzatzea herriko etxetik eta lurralde elkargoaren defentsa garatuko dutela azaldu du, hala nola zerbitzu publikoen aldeko parioa egitea eta ahal delarik sarean antolatzea, herri garraioa urririk izatea, interes publikorik ez duten xede erraldoien kontra egitea, bereziki AHT xedearen aurka. Baiona 2014k trantsizio energetikoaren aldeko ituna izenpetu zuten, eta, ildo horretan, energia berriztagarrien ekoizpena bultzatu nahi dute herriko etxetik.

Hautetsien partetik ere, engaiamendu argiak egonen direla azaldu dute. Herriaren ordezkariak diren ber, herritarrengana jo beharko dutela azaldu dute, haien iritzia biltzeko eta egindako lanaren azalpena emateko.

Iriartek azaldu zuen herritarren kolektibo bat dela Baiona 2014 zerrenda eta batzar batean onartu zutela bigarren itzulian mantentzea, bertze bi aukerak baztertu ondoren. Funtsean, Etxeto sozialistak

PC, haserre

Berez Frantziako Alderdi Komunista Ezkerreko Fronteko kide bat da. Baionan Etxetorekin bat egin zuen lehen itzulitik. Aldiz, Ezkerreko Fronteak nahiago izan du abertzaleekin osatzea ezkerreko alternatiba. PCFk agiriak banatuko ditu, salatzeko «ezkerrari traba egin eta eskuinari herriko etxerako bidea» ireki dion hitzarmena salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.