«Tibeteko herria batu egin dute immolazioek, trinkotu»

Erbesteko gobernuaren ildoarekin oso kritiko da Tibeteko Gazteen Kongresua. «Erdizkako bideak» baztertu, eta, hauek bai, independentzia aldarrikatzen dute.

Tenzin Chokey. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Dharamsala
2013ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Indiako Himachal Pradesh estatuan, Dharamsalako kale aldapatsuak kartelez beteta daude, Txinako erregimenaren aurka protestan bere buruaz beste egin duten 99 tibetarrak gogorarazteko kartelez beteta. Horietako askotan, Tibeteko Gazteen Kongresuaren logotipoa agertzen da; Pekinek terrorista izatea egozten dion antolakuntza bat da, argi adierazten duena ez dagoela ados Tibeteko Gobernuak erbestean duen politika ofizialarekin. «Nazio bat gara, eta independentzia merezi dugu erdizka ibili gabe», azaldu du Tenzin Chokey-k, bertako idazkari nagusiak. Indian jaiotakoa da Chokey, eta ez du inoiz zapaldu Tibeteko lurra.

Txinako Gobernuak, gainera, immolazioa bultzatzea ere leporatu dio antolakuntza horri. «Ez ditugu horretara adoretu, baina ezta gogogabetu ere», onartu du Chokeyk. Izan ere, taldearen barruan eztabaida bizi bat ari da sortzen: ea funtzionatzen duen ala ez protesta modu erradikal horrek, «abertzaletasunaren muturreko adierazpena dena». «Baina ez gara nor inor epaitzeko, eta, immolazioek balio duten edo ez esateko, ez da atzerrian duten eragina kontuan hartu behar, baizik eta Tibeten lortu dutena. Onartu behar dugu immolazioek batu egin dutela Tibeteko herria: lehen, barne borroka asko zeuden, baina, orain, talde trinkoa osatu dugu».

Antolakuntzarentzat, immolazio horiek frogatzen dute Txinaren propagandak porrot egin duela. «Propaganda horren eraginpean hazi dira denak, baina bere burua hiltzea erabaki dute, Txinak hil baino lehen. Eta ez dira muturreko estremista erlijiosoak, baizik eta jende normala. Oso toki deserosoan jartzen dute Txinako Gobernua, ezin baitu egoera kontrolatu. Hala ere, immolazioek komunikabideetan eduki duten eraginak, errepresioa gogortzea ekarri du».

«Orain, gobernua familien aurka dago, eta salatariak saritzen ditu. Egoera muturrekoa da; beldur naiz mugimendua ez dela gai izango luzaroan baketsua izateko». Izan ere, Chokeyk uste du dalai-lamaren heriotza mugarri arriskutsu bat izan daitekeela Tibeten borrokan. Baina baikor dago. «Batzuetan, Txina superpotentziaren indarrean pentsatu, eta nire onetik ateratzen naiz, baina, beste batzuetan, herrialdearen barnean dauden pitzadurak ikusi, ustelkeria, besteak beste, eta Sobietar Batasunean edo Ekialdeko Timorren pentsatzen dut. Gure helburua ez da utopia bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.