Lan erreforma. Greba orokorra

«Erantzuna behar zuten»

Erreformen «larritasunari» erantzuteko greba deialdia «beharrezkoa» da, ELA, LAB, ESK, EILAS eta EHNEren araberaEskubideen defentsan greba orokorrarekin bat egiteko dei egin diote gizarteari

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Ez zeukaten beste aukerarik. ELA, LAB, ESK, EILAS eta EHNE sindikatuek Hego Euskal Herrian greba orokorrerako deia egitea «ezinbestekoa» zela uste dute. Lan eta negoziazio kolektiboaren azken erreformak eraso «larriak izan dira langileen eskubideentzat, eta erantzuna behar zuten», Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoaren esanetan. Sindikatuek eskura daukaten tresna indartsuenarekin erantzun dute, eta orain gizarteari berdin egiteko eskatu diote deitzaileek. «Jendeak bere eskubide laboralak babesteko, kalera irtetea beharrezkoa da», Muñoaren hitzetan.

Eskubide horien defentsan, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak langile guztiei egin die martxoaren 29ko mobilizazioetan parte hartzeko deia. «Erreformek gutxien daukatenei eragingo dietelako». Hartu berri diren neurriek, gainera, «historikoki patronalak egin dituen eskaerei erantzuten die». Horregatik, enpresariei mezu bat bidaltzen diela uste du Etxaidek: «Lan mundua aurrerantzean euren erabakien araberakoa izango dela».

Deialdi bateratua

Krisia hasi zenetik Hego Euskal Herrian deitu den laugarren greba orokorra izango da. Gehiengo sindikala hautsita egon arren, azken erreformek daukaten larritasunari erantzun bateratua ematea lehenetsi dute. Eta atzo, irudi hori eman zuten. Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan, eta Nafarroako Lan Departamentuaren bulegoetan deialdiak batera aurkeztu baitzituzten.

Hala ere, elkarlan hori «ezin da greba orokorrean hasi eta horretan bukatu», Josu Balmaseda ESK-ko bozeramailearen esanetan. Sindikatuek eragile sozialekin batera lan egin behar dutela uste du, «mobilizazioen bidea ezin baitugu sindikatuok geure aldetik bakarrik egin». Martxoaren 29ko greba orokorraz gain, murrizketen bidea salatzeko, otsailaren 25erako manifestazio nazionalerako deia dagoela gogorarazi du Balmasedak. Haren ustez, «kaleak eta borrokak bakarrik emango digu aukera bestelako eredu sozial bat lortzeko eta gure eskubideak aldarrikatzeko».

CCOOk eta UGTk, euren aldetik, lan erreforma salatzeko, manifestazioak egingo dituzte bihar. Oraindik ez dute erabaki greba orokorra egingo duten edo ez. Etxaidek martxoaren 29ko deialditik baztertu ditu: «Ez dugu mobilizaziorako aukerarik ikusten negoziazio kolektiboaren erreforma CEOErekin sinatu dutenekin».

Eskubide galera

Erreforma eta murrizketek langile eta langabeek dauzkaten eskubideen galera dakartela uste dute sindikatu deitzaileek. Onartu berri den lan erreformak, esaterako, langileak «Francoren garaira» itzularazten dituela uste du Igor Arroyo LABeko Nafarroako bozeramaileak: «Langileak patronalaren mehatxupeko lan harremanak izatera behartuta zeuden garaira».

Era horretan, enpresariek «erabateko boterea daukate», Mikel Lakuntza ELAko Nafarroako ordezkariaren ustez. «Soldatak jaisteko aukera ematen die, kaleratzea errazagoa izateko, eta, kasuren batean, debalde kaleratzeko ere bai». Beraz, lanpostu gehiago sortuko direla esaten dutenean gezurretan ari direla uste du. «Langabezia handiagoa eta soldaten jaitsiera ekarriko du, langileak eskubide gabe utzi eta pobrezia areagotzeaz gain». Horregatik, «matxinatzea» da alternatiba bakarra, Lakuntzaren ustez.

Martxoaren 29an greba orokorra eginez, egungo eredu ekonomikoarentzat alternatibak badaudela erakutsiko da, Etxaideren esanetan. «Gizartea pobretzea ez baita alternatiba bat, kapitala aberasteko bide bat besterik ez». Beraz, eredu sozial berria aberastasuna eta lana banatuz eraiki beharko dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.