Aitor Renteria.
Euskara. Hendaiako eskola laguntzeko debekua. Analisia

Garaiz kanpo

2013ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bi urteko gogoeta sakonen ondoren, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak ebatzi zuten Ipar Euskal Herriak lurralde elkargo bat behar duela, aitortza instituzional gisa. Xedea esparruka landu zuten, eta Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Max Brisson EEPko presidente ohi eta UMPko departamenduko buruak nabarmendu zuten, euskararen eta euskarazko irakaskuntza bermatzeko, lurralde elkargo horrek gaur egun departamenduak eta Akitaniak dituzten eskumen batzuk behar lituzkeela. Gehi estatuarenak diren beste batzuk. Hautetsi gehienek bat egin dute ideia horrekin. Bat egin dute gizarte eragileek. Bat egin du Baionako Merkataritza Ganberak. Marylise Lebranchu Frantziako Deszentralizazio ministroa Ipar Euskal Herrira jinen da, udaberria aitzin, gai hori aztertzeko. Ber denboran, François Hollande Frantziako presidenteak agindurik, aztertzen ari dira nola egin dezakeen Frantziak Europako hizkuntza gutxituen ituna berresteko. Izan ere, konstituzioa aldatu beharko dute, eta, horretarako, parlamentuaren sostengua behar du. Lege proposamena ere parlamentuan dago aspalditik, nahiz eta egitarauan datarik ez ukan.

Etorkizun hurbilerako tresna eztabaidatzen ari den unean, Ipar Euskal Herriak aho batez erabaki duelarik zer nahi duen, heldu da Patrick Dallennes suprefeta berriaren esku hartzea, Falloux legea aitzakia harturik. 1850eko martxoaren 15ean onartu zen lege hori, eta diru edo egoitza publikoak baliatzea galarazten du eskola pribatuak laguntzeko. Alta, euskararen aldeko hizkuntza politika eta Seaskaren eredua aitzina egin ahal izateko, botere publikoek «begirada selektiboa» baliatu dute orain artean. Legeak aipatzen duena bete behar da, baina aipatzen ez duen arloetan aitzina daiteke. Estatuak aski zuen begiak ixtearekin. Horri esker ireki dira hainbat ikastola azken urteotan.

Funtzionario berria heldu da Paristik, eta lege errepublikanoa zorrotz interpretatu. Erabaki horrek arriskuan jartzen du Seaskaren eredua. Errotik mozten du garapen egitasmoa. Ezin ikastola gehiago ireki, ezin eraiki Seaskaren lizeo berria. Eta, kontuz, legea eskuan ea hainbat ikastola ixteko agintzen ez duen, legea urratzeagatik. «Lege hori zorrotz aplikatuz gero, gure zentroen %90 dira kolokan», azaldu du Hur Gorostiagak, Seaskako zuzendariak. Ikusi beharko da zein den Frantziako Gobernuaren nahia. Suprefetaren ahotik mintzo bada gobernua, Ipar Euskal Herriko karrikak haserre gorriz beteko dira. Suprefetaren salaketak, eskola baten egingarritasuna zalantzan ezartzeaz gain, euskararen hizkuntza politikari sinesgarritasuna ken diezaioke, estatua baitago EPPko zuzendaritzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.