'Ederlezi' pastorala emango dute gaur Arrosako plazan

Mixel Etxekoparrek idatzia da, eta denboran bidaiatzen duten buhameak ditu protagonistatzat

Erredakzioa
Baiona
2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herriko historian ijitoen tokia aldarrikatuz Mixel Etxekoparrek idatzitako Ederlezi pastorala iragan martxoaren 24an estreinatu zen Gotaineko (Zuberoa) Xiru festibalean. Ekainaren 22an, aldiz, Zuraiden (Lapurdi) ikusi ahal izan zen, Bernat Etxepare Lizeoak eta Zuraideko Alaiki dantza taldeak antolaturik. Pastoralaren egitura tradizionala eta zenbait berrikuntzak uztartu ditu pastoralean Etxekoparrek,etaherriz herri egiten den ofizialaz aparte egingo dute pastoral alternatibo hau, gaur Arrosako plazan (Nafarroa Beherea), 17:00etan.

Pastoral honetako protagonistak ijitoak dira. Protagonistek denboran bidaia bat egingo dute, baita Euskal Herriko lurraldeetan ere. Gipuzkoan hasiko da, non buhameak dantzan eta kantuan arituko diren, baina beren arrazaren kontrako erasoaldian Lapurdira egingo dute ihes, Pierre De Lancrek bere sorgin ehizarekin handik kanporatuko dituen arte. Orduan, Zuberoara ailegatuko dira; han, kantuan eta dantzan jarraituko dute, eta maskarada eramango dute hara. Mundu gerrak ere pairatuko dituzte gure mendera ailegatu arte.

Europa ekialdeko hitza

Ederlezi hitza, eder hitzetik euskararekin loturarik badu ere, Europa erdialdean eta ekialdean buhameek udaberrian ospatzen duten festa handi baten izena da, eta pastoralak Nicole Lougarotek 2009an idatzi zuen Bohémiens liburua du oinarri. Izan ere, liburuan, Zuberoako maskarada ijitoen kulturatik datorrela ondorioztatzen du.

Amaren Alabak taldeko kantariez, Gotaineko dantzariez eta Zuberoako hainbat musikariz gain, pastoralean 14 gazte zuberotarrek parte hartuko dute pastoralean: Xantiana Etxebest, Ihitz Iriart, Graxi Bedaxagar, Luxi Agergarai, Maika Etxekopar, Graxiana Castillon, Maite Sarraillet, Laida Camus, Benat Larrory, Johane Bedaxagar, Johane Etxebarne-Ajia, Niko eta Julen Guiresse eta Petta Jaragoien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.