17. Korrika

Sakanan eta Larraunen euskara sasoiko dagoela erakutsi dute

Korrikak Nafarroan egin dituen lehen orduetan jende mordoa bildu da, eta kilometro asko bete ditu bakoitzak

Ibai Maruri Bilbao.
Altsasu
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Aguraingo eskualdean (Araba) gaua igaro ondoren,Ziorditik Nafarroako lurretan sartu zen Korrika atzo, goizean goiz. Sakana eta Larraun ibarrak zeharkatu zituen atzo arratsaldean, eta Iruñerrira iritsi zen. Sakanan ere euskararen alde oihu artean jende mordoak parte hartu zuen euskararen aldeko lasterketan. Askok eta askok, gainera, kilometro ugari egin zituzten lekukoari segika. Beroa eta mendateak ez ziren inorentzat oztopo izan.

Olatzagutian (Nafarroa) bildu zitzaizkion Korrikari Altsasuko gaztetxeko kideak, kasurako. Sasoiko zeudela erakutsi zuen gazte taldeak. Bidean lagunak galtzen joan ziren arren, hirukote bat Uharte Arakileraino iritsi zen. Hango plazara sartzear zeudela erabaki zuen nahikoa zela. Bidelagun zituzten euskalakari guztien txalo artean agurtu zuten Korrika. Ez zuten edonolako ibilbidea egin. Ia 30 kilometro egin zituzten lasterka, bi ordu eta erdi pasatxoan. Bidean Euskara ere nafar hizkuntza da eta Sanz, entzun, Nafarroa euskaldun leloak aldarrikatu zituzten, gainontzekoekin batera.

Goiz osoan ordutegia betez ibili zen Korrika, erritmo onean urratsak eginez. Asko jota, bost minutuko atzerapenarekin iritsi zen leku gutxi batzuetara. Hala, sarri askotan martxa lasaitzeko gomendatzen zieten korrikalariei. «Nafarroan presa duzue zuek, e?», zirikatu zituzten megafonotik behin baino gehiagotan.

Adina ez dela euskalakari izateko oztopo erakutsi zuen batek baino gehiagok. Arbizun, herriko seme Migel eta Jesus Ganboa anaiak batu zitzaizkion Korrikari, kasurako. 78 eta 71 urte dituzte hurrenez hurren. Adinaren ajeak nabaritzen dituztela aitortu arren, ez zuten hutsik egin nahi izan. «Geure erritmoan, baina geuk ere Korrikan parte hartu nahi dugu», zioen gazteenak. Bi urtez behin lasterka egiten saiatzen direla zioten. Izan ere, Korrika eskualdetik igarotzen dena egun handitzat daukate. «Korrikak esan nahi du euskara salbatuko dugula. Ikusi besterik ez dago euskara sentitzen duen zenbat jende erakartzen duen», zioen Jesusek. Tarteka arnasestuka ibili baziren ere, hainbat lekuko aldaketa ikusi zituzten.

Errepide bazterretan jende mordoa zegoen zain; batez ere, herriguneetan. «Badator!», zioten urduri Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako umeek. Ikastetxeko bi neskatilak eraman zuten lekukoa, ikaskideak eta irakasleak atzetik zetozela. Beste bi gaztetxori pasatu zieten lekukoa: San Donato herri ikastetxeko neska-mutiko bikoteari. Eguerdiko eguzkiak gogor jotzen zuen arren, lekuko eramaileek mendatean gora ere beste euskalakari batzuen laguntza izan zuten. Une oro hamar korrikalari inguru zebiltzan lasterka. «Hori da sasoia!», animatzen zituzten bozgorailutik.

Etorkizunerako bermea

Lekuko eramaileen artean aparteko ordezkaritza bete zuen Asier Lizarragak. Hamalau hilabete eskasekin, Etxeberriko herritar gazteena da. Bere aita Oskarrek eraman zuen, haurrentzako kotxean. Lekukoa eramatea egokitu zitzaionean, gogotsu jasotzen zuen gora. Gerora, baina, aitaren nekea berak sentitu zuen dirudienez, eta loak harrapatu zuen. Hainbat kilometro egin zituzten herritik abiatu eta Zuarrarrate mendatea pasa arte.

Zumaiatik (Gipuzkoa) andereñoarekin etorritako gaztetxo talde batek eraman zuen lekukoa Madotzen. Herriko aterpetxeari zegokion kilometroa egin zuten, han baitaude ostatu hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.