35/02 auzia. Epaiketaren amaiera

«Herriari dagokio ideiak epaitzea eta geroaz erabakitzea»

Erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eta gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeko eskatu diote auzipetuek EspainiariEpaiaren zain geratu dira auzipetuak eta 'herriko tabernen' eta elkarteen ordezkariak

Auzipetuak, atzo, Auzitegi Nazionaletik irteten, etxerako bidea hartzeko. J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Madril
2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriari dagokio Espainiako Auzitegi Nazionalak egin duena egitea. Espainiako auzitegietara eraman dute Euskal Herriko jarduera politikoa, eta bada garaia alderantzizko bidea egiteko: euskal gizarteak emateko orain Espainiako epaileen esku dagoen epaia. Horixe izan da 35/02 sumarioko auzipetuek epaimahaiari esan diotena hark azken hitza eman dienean. «Herria da gure ideiak eta gure jarduera politikoa epaitu behar dituena; kasu honetan, Euskal Herria». Euskal Herriaren esku utzi dute beraiei zegokien alegatoa: «Euskal Herriari dagokio azken hitza: hemen eztabaidatu dugunaz, korronte politiko bakoitzaren ibilbideaz eta batez ere, haren etorkizunaz».

HB, EH eta Batasunaren hiru hamarkadetako ibilbidea izan dute hizpide Madrilgo auzitegian azken bost hilabeteetan, baina atzo etorkizunean jarri zuten begirada auzipetuek. Akusatuen aulkitik, Espainiako Estatuko botere judizialari eta politikoari mintzatu zitzaien Floren Aoiz, atzean zituen guztien izenean. Bi eskaera egin zizkien: Euskal Herriak bere etorkizuna «modu librean» erabakitzeko duen eskubidea errespetatzeko eta gatazkaren ondorioak konpontzeko konpromisoa hartzeko. Espainiari egin zion, batez ere, jarrera aldatzeko deia, baina konfiantza, harengan baino gehiago, euskal gizartearengan jarrita.

Izan ere, Aoizen esanetan, euskal gizarteak hartu du hitza dagoeneko, gobernuei edo Auzitegi Nazionalari itxaron gabe. «Gure herria sendo agertu da politika kriminalizatzearen aurka. Gaur bertan [atzo], hala adierazi dute berriz eragileek, ordezkari publikoek eta alderdiek», gaineratu zuen, babes adierazpenak gogora ekarriz.

«ETAren fronte instituzionalaz» eta «finantza sareaz» aritu dira akusazioak, etengabe, ahozko epaiketan, eta auzipetuek salatu izan dute ezker abertzalearen historia dela epaitu nahi izan dutena. Baina, Aoizen hitzetan, horretan ere aurre hartu diete euskal herritarrek: «Euskal gizarteak epaitu du dagoeneko ezker abertzalea: bere historiako protagonismo politikorik handiena eta erakundeetako ordezkaritzarik zabalena eman dizkio. Gure herriak konponbide aro berriarekin hartu dugun konpromisoa baloratu du, txalotu du». Haren arabera, horixe da gizarteak gainontzeko eragileei eskatzen diena, batez ere, Espainiako Estatuko arduradunei. «Harriduraz eta haserrez ikusi dira itxikeria eta inboluzioa».

Hain zuzen, auzipetuek uste dute jarrera hori goraipatzeko erabili dutela epaiketa bera Vicente Gonzalez Mota eta Marcelo Azkarraga fiskalek eta AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek, «ideien eta jarduera politikoaren jazarpenari» amaiera eman beharrean. «Ziurrenik, auzitegietan irabazten saiatzeko esparru politikoan galdu dituzten batailak».

Garaia kontuan hartzea

Garai politikoak ere hartu zuen garrantzia Aoizen adierazpenetan: sumarioa abiatu zen garaiak eta epaiketa bukatu denekoak. Izan ere, hamabi urteotan garaian garaira egokituz joan den prozesua izan dela nabarmendu zuen. Auzipetuek salatu izan dute ezker abertzalea legez kanporatzeko estrategiari erantzun ziela hasieran Baltasar Garzonek hartutako erabakiek eta momentu politikoa izan zutela oinarri «kriminalizazioan sakondu» eta zigor eskaerak handitzeko ere. Horregatik, orain ere garaiaren arabera jokatu ez izana leporatu zien Aoizek. «Bakerako aukera historikoa ireki denean, hori kontuan hartu beharrean, esperantza horiek lehertzeko saioa bihurtu dute akusazioek epaiketa hau, auzipetuak espetxeratzeko eskatu eta ehundik gora herriko taberna eta kultur elkarteri jabetzak kentzea proposatuz».

Beraz, arrazoiketa horri jarraituz, absoluzioa beste aukerarik ez dagoela aldarrikatu dute epaimahairen aurrean: «Ez da espetxeak betetzeko garaia, horiek husteko moduak bilatzeko garaia baizik, sakoneko arazo politikoari aurre egin eta indarkeriazko gatazkaren aroari amaiera ematekoa, horren ondorio guztiei erantzuna emanez».

Beren abokatuen lan «dizdiratsua» goraipatu zuen Aoizek hitzaldiaren hasieran, haren hitzetan akusazioen oinarriak hankaz gora utzi dituztelako, batez ere, epaiketaren amaieran. Era berean, akusazioen «obsesioa» salatu zuen, haien tesiak erori arren auzipetuak zigortzeko eta elkarteak bahitzeko eskaerak mantendu dituztelako.

«Horrek posizio bat hartzera behartzen du epaimahaia», jarraitu zuen: «Epaimahaia behartu dute hondamendi juridiko honi aurre egitera». Momentu horretan, moztu egin zuen Angel Hurtado epailea, esanez beraiek ez dutela oraindik erabakirik hartu eta ez egiteko halako aipamenik epaimahaiari buruz. Hala ere, idatzita zeukana bukatu zuen: «Euskal Herriaren nahiari kasurik egin gabe akusazioak mantenduta, erabakia hartzera bultzatu dute epaimahaia: arazoaren ala konponbidearen parte izan behar duen erabakitzera».

«Ideien jazarpenaren» aurka

Mezu horrekin amaitu zuen Aoizek atzoko saioa, eta, horrenbestez, epaiaren zain geratu ziren guztiak. Aurrez, ordea, herriko taberna eta elkarteetako abokatuek jarraitu zuten bezperan hasitako defentsarekin. Ehundik gora izanda, hogei abokatu inguru aritu dira defentsa lanean, eta nabaritu da hori epaiketan. Epaileak berak azkartasuna eskatu zien beren argudiaketan, zailtasunak izango zituztelako bestela epaiketa esperotako epean bukatzeko. Hala, argudio orokorrak emanda, ez zuten denbora askorik hartu elkarte bakoitzaren defentsa egiteko. Haietako batek azaldu zuenez, beharrik ere zutelako ikusten ia: «Bahitze eskaera orokorra izan da, eta hala egin dugu defentsa ere».

Tesi aldaketa eta guzti, denetariko argudioak atera dituzte akusazioek epaiketan: trama ezkutuak, fronteak... Halakorik ez dagoela adierazi zuen Aoizek: «Hemen ez dago tramarik, sarerik... Hemen bakean bizi nahi dugun gizon-emakumeak gaude, gure herriaren askatasuna nahi dugunak, inoiz ez dadin inor gehiago jazarri bere ideia politikoengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.