Katalunia. Politika orokorrari buruzko eztabaida

Madrilen baimenarekin edo gabe, galdeketa egingo dute Katalunian

CiUk ERCrekin akordioa lortu du autodeterminazioari buruz legebiltzarrean gaur bozkatuko duten testuaren gaineanGaldeketa datozen lau urteetan egitea hitzartu dute, baina data finkorik jarri gabe

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Autodeterminazioaren alde herri galdeketa egiteko eskaera bozkatuko dute gaur legebiltzarrean, eta azaroaren 25eko hauteskundeen biharamunean hasi nahi luke Artur Mas Generalitateko presidenteak horren alde dauden alderdi guztiekin izaera zehazten. Hori aurrera eramateko, gaurko bozketari begira, ERCrekin proposamen bateratua egitea lortu zuen CiUk atzo gauean, eta horren arabera, datorren legealdian deituko dute erreferendumera,—Masek datorren legealdian edo hurrengoan deitzea proposatu zuen—. Erabakian ez dute zehazten, ordea, datarik, ERCk eskatu bezala. Hark 2014rako nahi zuen, baina CiUk ez du askorik zehaztu nahi, negoziatzeko gaitasuna ez baldintzatzeko. CiUko Oriol Pujol eta ERCko Oriol Junqueras iritsi dira akordio batera, eta Junquerasen arabera, legebiltzarrak ez du inoiz horrelako erabaki garrantzitsurik hartu independentzia denbora gutxian eskuratzeko. ICVk babestu egingo du.

Erreferendumera deitzeko oztoporik handiena Espaniako Gobernuarena izango da. Baimenik ematen ez badu, erreferendumera deituko al du? Madrilen oniritzirik gabe ere egingo dutela konbentzituta dago Mas: «Lehenik eta behin legearen barruan egitea saiatu behar da, eta ezin bada, berdin-berdin egin».

Politika orokorrari buruzko eztabaidan sozialistak izan dira katalanek bultzatako erreferendumaren legezkotasuna zalantzan jarri dutenak: «Erreferendumak egitekotan, legezkoa» izan behar du, Xavier Sabate PSCren bozeramailearen ustez, eta zehatza, baina zehaztasunak ez daude presidentearen esku soilik: «Ez naiz nor zein terminotan egin behar den erabakitzeko. Bidea egiten saiatuko naiz, proposamen zuzenak egiten. Ez dira anbiguoak izango, baina politika katalanean eremu berri bat zabalduko da. Hori dena datorren legealdian zehaztu behar da, denen artean».

ERCk hauteskundeen aurretik independentziarako bide orria zehaztu nahi zuen: «Ez da gizon bakar baten proiektua, herri oso batena baizik». Eta berak Masen proiektuarekin bat egitea lehenetsi du azkenean, denek batera lan egiteko beharra ikusten duelako: «Alderdi bakoitzaren ezberdintasunekin. Akordio sendoak behar dira, eta lehenbailehen; galdeketa legealdi batean egin behar da, ez bitan». Urratsak kontsentsu zabalarekin egiteko eskaera egin du. Eta hori dena epe laburrean, «une onean» daudelako.

ICVk ere katalanek erabakitzeko duten eskubidearekin bat etorri eta «erronka bere» egin du, baina Joan Herreraren ustez, egungo egoerak ez du jatorria Diadan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Estatutuaren gainean hartutako erabakian baizik, hark hautsi zuelako erkidegoen estatua oinarritzen den ituna. Egutegi bat ezartzea eskatu du.

Democracia Catalanaren izenean, berriz, Joan Laportaren ustez, «katalanismoaren batasun politikoa bideratu behar da Mas presidenteak gidatuta».Solidaritatek ere autodeterminazioaren alde indarrak batzeko eskaera egin du. Uriel Bertranen arabera, eskaerak zehatza izan behar du, konkretua: independentziaren gainean galdetu behar du.

Ezberdintasunak CiUn

Mas ere saiatu da subiranotasunaren aldeko apustuarekin horren konbentzituta ez dauden alderdikideak lasaitzen, nabarmenduz bere borondatea ez dela «haustura», berezko estatua lortzea baizik, gero erabaki dezaten norantz jo behar duten. «Edo akaso nazio baten garapen naturala ez al du estatu baterantz izan behar», egin du galdera, eta ondoren argitu: «Ondoren estatura iritsiko da beranduago edo lehenago, eta estatu horrek lotura izan dezake beste estatu batzuekin, eta gauzak partekatu. Estatu askok partekatzen dituzte gaur egun gauza asko».

Urrutirago joan gabe, CIUren barruan Masen iritziaren kontrako adierazpenak ere egon dira. Josep Antoni Duran i Lleidak Espainiako Kongresuko CiUren bozeramaileak Masen hitzaldia mintzagai izan du Ser irrati katean, eta legearen kanpoko galdeketarik ez du ikusten: «Galdeketa egitea erabat demokratikoa da. Espainiak uko egingo diola? Guk ez dugu legearen gainetik egingo».

PPCri, berriz, Masek eskatu dio Kataluniaren autodeterminazioa defendatzen duten alderdien emaitzak errespeta ditzala: «Herritarrei entzun behar diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.