'Bateragune auzia'. Epaiketa

Iruin: «Ezker abertzalearen zati batek estrategia militarra fagozitatu du»

Fiskalaren tesiari eusteko batere frogarik ez dagoela argudiatu du defentsak azken ondorioetan

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko hiztegian hitz erabilia da «fagozitatu». ETAk ezker abertzalea eta beste hainbat erakunde «fagozitatu» dituela idatzi izan dute autoetan, «xurgatu» egin dituela. Baina Bateragune auzian ez da halakorik gertatu Iñigo Iruin abokatuaren esanetan: «Ez da ETA ezker abertzalea instrumentalizatzen duena. Ezker abertzalearen zati batek estrategia politiko militarra fagozitatu du. ETA baldintzatuta gelditu da eztabaidaren helburuekin». Hori kontuan hartuta, auzipetuak zigortzea ez litzatekeela justua azaldu zion epaimahaiari, eta haiek absolbitzea galdegin.

Fiskalak eta Terrorismoaren Aurkako Ahotsak herri akusazioak azaldu dutenaren erabat kontrakoa da gertatu dena, defentsaren esanetan. Akusazioek dioteepaituek Bateragune osatzen zutela, ETAren aginduz aritzen zirela eta estrategia politiko-militarrak jarrai zezan lan egiten zutela, hura lege barruan sartzeko «disimulatuz». Auzipetuetako batzuek ezker abertzalearen barruan «inoiz izan den eztabaidarik sakonena» sustatu zutela dio, ordea, defentsak, hain justu, estrategia armatua bazter zedin.

Eztabaida hori sustatzea «gogorra» izan dela gaineratu zuen Iruinek. Rafa Diezen kasuan, adibidez, «guztia utzi eta etxera joatekotan» egon zela. «Baina bazekiten gerra eman behar zutela. Eman zuten, eta irabazi egin zuten. Ezker abertzalea, ETA eta gizartea konbentzitu zituzten». Magistratuei eskatu zien akusatuei uzteko «hasitako lana bukatzen».

Hitzaldi luzea egin zuen Iruinek atzo goizean, eta akusaziokoek Bateragune auziko epaituen kontra egiteko emandako argudioak banan-banan indargabetu. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jazinto eta Arkaitz Rodriguez Bateraguneko kide direla esateko, eta haiei hamar urteko espetxe zigorra jartzea justifikatzeko frogarik ez dagoela agerian utzi zuen. «Erabateko froga falta dago». Fiskalak egin duena «gertareak testuingurutik atera» eta «burutapenak» eginez kontaketa bat asmatzea izan dela gaineratu zuen.

Argudio bakar bat nahikoa izan zuen epaituak Bateraguneko kide ez direla esateko, baina gehiago ere eman zizkion epaimahari, dudarik izan ez zezan.

Auzian oinarrizkoa den galdera bat ez erantzutea aurpegiratu zion fiskalari: «»Zer da Bateragune?». Epaiketan ikusi denaren arabera, Bateragune Ekinen barruko egitura da. Auzipetuek hala esan zuten, 19.242 peritu nagusiak berretsi egin zuen, eta ikastaro batzuetako prestatuta Diezen bulegoan zegoen txosten bateko zazpi lerroek –hori da Bateraguneri buruz idatziz topatutako bakarra– ere horixe ematen dute ulertzera. Baina, akusatuei ez zaie Ekineko kide izatea egozten. «Epaituen gaineko banakako txostenik ez dute egin, eta Ekinekoak diren edo ez ikertzeko ez dute lanik egin!». Beraz, Iruinen esanetan, hori nahikoa da akusazioa hankaz gora botatzeko. «Fiskalaren tesia kolpatuta uzten du horrek, eta erreakzionatzeko gaitasunik gabe», esan zuen.

Horretaz gain, auzipetuei egozten zaien gisara pertsona bat erakunde terroristako kide dela esateko hiru bide posible daudela azaldu zuen Iruinek: auzipetuek beraiek onartzea, armak edo antzeko elementu inkriminatorioak topatzea, edo jarduera «terrorista» topatzea. Aurreneko biak ez direla betetzen begibistakoa da. Beraz, jarduerak aztertu behar dira.

2009ko martxotik azarora bitartean egin zuten delitua auzipetuek, fiskalaren iritzian. Baina, epaiketa osoan erantzunik topatu ez duen galdera azaldu dio epaimahaiari: «Zer egin dute akusatuek denbora tarte horretan?» Egin dutena, estrategia politiko-militarra indartzea ez, baizik eta estrategia hura amaitzeko lan egitea izan dela azpimarratu zuen, eta horixe erakutsi dutela epe horren ondorengo gertaerek.

Auzipetuak ETAren izenean ari zirela esateko zantzuak besterik ez daudela ohartarazi zionepaimahaiari. Zantzuek frogen pisua izan dezaten bete beharreko baldintzak zehaztuta dituzte Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak, eta bi kanon bete behar dituzte: logikari jarraitzea, eta kontrako norabidean ulertu daitekeena gainditzeko nahikoa izatea. Abokatuaren iritzian ez da betetzen ez bat eta ez beste. Irakurketa logikoa eginda akusazioen tesiari ezin zaiola eutsi nabarmendu zuen: «Absurdua da!». Gainera, kontrazantzuak ere badaudela nabarmendu zuen. Dudarik ez egoteko, Vicente Gonzalez-Mota fiskalak emandako argudio eta agiri guztiak aztertu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.