Donostiako 61.Zinemaldia. Perlak. Kritika

Existentziari so

Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
'The Zero Theorem'

Zuzendaria: Terry Gilliam. Aktoreak: Christoph Waltz, Matt Damon, Melanie Thierry, Tilda Winton. Iraupena: 107 minutu.

Terry Gilliam Monty Phyton taldeko kide izandakoaren filmek zeresan handia eman ohi dute. Lan berria estreinatzen duen bakoitzean, era guztietako iritziak entzun daitezke, eta, espero zitekeen moduan, The Zero Theorem ez da salbuespena. Ikusle askorentzat gogaikarria eta zeharo txepela den istorioa, ordea, beste batzuentzat inspirazio iturri izan daiteke; beraz, adostasuna lortzea ezinezkoa gertatzen da (beste behin). Batzuentzat sormen ikaragarria duen egile bakan horietakoa da estatubatuarra, beste batzuentzat, aldiz, eraiki duen iruditeria horren guztiaren atzean ezereza besterik ez dago. Zulo beltza. Batzuek gogor kritikatzen dute haren estiloa, gehiengoak barneratutako konbentzioetatik urruntzea barkaezina dela pentsatzen dutenek, hain zuzen. Askatasuna maite dutenek, berriz, haren proposamenak aintzat hartzen dituzte eskertzekoa baita noizean behin ikuspegi ezohiko eta bitxia duen lan batekin topo egitea. Jakina, existentziaren zentzua norberak bilatu beharreko gauza da, eta Gilliamen zinemaren kasuan halaxe gertatzen da.

Veneziako Zinema Jaialdian estreinatu zuen Gilliamek filma. Estilo berezia, deigarria, erakargarria… garatu du zinemagileak, eta, beti lez, gehiegikeriaz josita ageri zaigu haren unibertso xelebrea. Ingurune arraroetan ipintzen ditu pertsonaiak, eta, kasu honetan, Waltzek haragitzen duen informatikari bakarti eta beldurti baten istorioa dakarkigu. Egia esan, istorioa bera ero samarra dela ezin uka daiteke, baina existentziaren inguruko gogoeta gisa interesgarria suerta daiteke. Zientzia-fikzio generoaren barruan onespena lortu du Brazil eta Twelve Monkeys lanekin, eta oraingoan ere etorkizunerako bidaia egitera gonbidatzen gaitu. Bizitzaren erritmoa ikaragarria den mundu bat aurkezten zaigu, eta protagonistak uneoro teknologiaren bidez konektatuta egon behar du existentziaren zentzua azalduko dion deiaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.