Karmelo Landa.
'35/02 auzia'. Epaiketa. Baietz LIBRE!

Fiskala gobernuaren ahotsa baldin bada

2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Fiskal hau gobernuaren ahotsa baldin bada, txarto dabil gobernua, fiskala bera bezainbeste. Nolako goiza eman digun gaur fiskal jaunak Audiencia Nacional honetara ekarri gaituzten guztioi! 'Guztioi' diot, eta, auzipetuez gain, abokatuak, kazetariak... eta epaileak ere sartu beharko nituzke, agian, akusatzaile nagusiaren biktimen artean. Benetan diot, fiskalak bere erretolika ulertezina hedatzen zuen bitartean, gainontzeko guztiok zeharka elkarri begira izan gara hainbat unetan. Zer demontre esan nahiko du honek? Zuekin konpromiso hau hartu nuen, eta saiatuko naiz, zinez, han bizi izan duguna transmititzen. 'Saiatu', diot.

Gaur bere azken txostena aurkeztu behar zuen fiskal jaunak, edo, argiago esanda, guztion aurrean esan behar zuen ea aspaldian, oso aspaldian plazaratu zituen akusazio larri eta zigor eskari espantuzko haiei eusten dien ala ez. Eta zergatiak azaldu, jakina. Hor hasi dira fiskalaren larritasunak eta gure kuitak: malabarismoetan hasi zaigu, eta orain arte «ETAko partaide» izatearen akusazio larria aurkezten zuen tokian, gaur «Herri Batasunako partaide» izatea jarri du, eta horren gainean eskegi nahi izan ditu gure aurkako zigor eskariak. Are gehiago, epaileei zuzendu zaie halako mezuaz: «Orain arte inoiz egin ez dena egin beharko duzue, Herri Batasuna bera zigortu».Baina, baina... Zur eta lur epaileak ere puntu horretan. Aurpegi luzeak. Baina ez zen, bada, legala Herri Batasuna 2002. urte hartan, ssumario hau ireki zen arte, hain zuzen ere? Baina ez da, bada, zuzenbide penalaren arloan printzipio sakratua ezin direla 'pertsona juridikoak' (Batasuna) bide penaletik epaitu, eta pertsona fisikoen jokabide zehatzak epaitu behar direla ezinbestean?

Inork ez du hemen fiskal jauna ulertzen. Fiskal jaunak ulertzen al du bere burua? Norbaitek esan beharko dio zerbait, benetan. Esan, adibidez, 35/02 makro-sumario hau aspaldiko 2002. urte hartan kiribildu zutela endredatzaile ezagun batzuek, Garzon izeneko batek, Aznar izeneko besteak eta enparauek, orduko helburu zehatz bat lortzearren: ezker abertzaleko erakunde guztien legez kanporatzea eta txikitzea. Baina gaur beste garai batzuetan bizi garela, tartean hamabi urte luze joan direla, eta ez alferrik. Ezker abertzaleko erakunde politiko guztiak berriro legezkoak direla, garela; hemen gauden (eta fiskal jaunak kartzelan nahi gaituen)gu guztiok, ordea, bakeari eta elkarbizitza demokratikoari bideak parez pare zabaltzeko lanetan dihardugula aspaldi honetan. Eta ez dela kontua, beraz, aspaldiko anakronia absurdu haiek hona ekartzen ibiltzea.

Susmoa dut, hala ere, fiskala bera ere konturatu dela, azkenerako, bere perorata hura ez zela saltzen erraza, eta dribling behartua egin du, oreka galdu eta dena erortzeko arriskuan jartzen duen horietakoa. Hara fiskalaren okurrentzia bitxia: «Ez diet zigorra kenduko, halakorik ez (zer irudi emango genuke, nik neuk eta nire gobernuak, hamabi urteen ondoren?). Baina bakan batzuk apartatu egingo ditut kasutik, eta besteei zigor eskaria majo murriztu. Ea horrela aurpegia salbatzea lortzen dugun, behintzat!». Eta hor etorri zaigu, azkeneko minutuko filtrazioa eginda Madrilgo egunkari ziztrin batean, eta gero bere hitzetan azalduta, beherapenekin. Merkeagoa bai, baina lehen bezain absurdua, gizona!

Sumario hau guztia disparatea baldin bada, hasiera-hasieratik, eta denbora pasatu ahala okerrera baino egin ez badu, nola uste duzu, fiskal jauna, beherapenak eginda ezer konponduko duzunik? Ez, gizona ! Ez, gizonaren atzetik dagoen gobernua ! Utzi behingoz makro-prozesu politikoak, utzi zigor politikoak ! Hasi politika librean egiten, horretarako sasoia da eta.

LIBRE auzipetuok, LIBRE bakean eta elkarbizitza demokratikoan herria.

Bihar bertatik hasita, gure txanda. Guk bai esango dugula argi eta garbi: BAIETZ LIBRE !
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.