Burlatako UPNko alkateak ez dio udal aretoa utziko Etxerat-i

Burlatako Kultur Etxearen aurrean egin zuten agerraldia preso eta iheslarien senide eta lagunek. J. MANTEROLA / ARP.
Aitor Renteria.
2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Burlatako (Nafarroa) UPNko alkate eta Kultur Patronatuko lehendakariak ez du Etxerat-en eskaria onartu, eta ez dio kultur aretoa utziko biltzarra egin dezan. Kultur etxearen alokairua baldintzak udalaren web orrian ageri dira, eta hau diote: «Edozein enpresa, erakunde sozial, sindikal edo politikok edo kultura taldek aloka dezake kultur etxeko edozein espazio (auditoriouma barne), biltzarrak, hitzaldiak, prentsaurrekoak, bilerak, kultura-emanaldiak eta abar egiteko». Estatutuak dioena urratuz, honela erantzun dio alkateak Etxerat-en eskariari: «…elkarte eskatzaileak aurrera eramandako ekintzen gaineko informazioa baturik, Patronatuaren lehendakaritzak erabakitzen du, Burlatako Kultur Etxeko Auditoriuma erabiltzeko baimena ez onartzea».

Etxerat-ek alkatearen erabakia salatu du, eta galdetu nondik hartu duen elkartearen informazioa eta oroitarazi preso politikoen eskubide urraketak, presondegian pairatzen duten egoera edota senideei inposatzen zaizkien bidaia luzeak sakabanaketaren ondorioz. «Hau da Etxerat-en jarduera. Gure jarduera. Salatu izan dugun bezala, jarduera honegatik izaten ari da Etxerat jazarria eta kriminalizatua. Gure lana zikindu eta belztu nahi dute, eskubide urraketak ukatzen dituzten eta bakeari ateak itxi eta geldikeriaren alde egiten duten horien artean kokatzen da UPNko alkatetzak emandako erantzuna».

Ondorioz, Etxerat-ek tokia aldatu eta Tolosako Leidor antzokian egin beharko du urteko Biltzar Nagusia, hilaren 16an, igandearekin.

Trantsizio justizia

EH Baik ere preso politikoen eskubideak ukan ditu hizpide eta Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroari idatzi dio abian ezar dezan trantsizio justizia. Kontzeptu hori arrunta da nazioartean eta gatazka politikoak egon diren lurraldeetan erabiltzen da. Idatzian hiru elementu bereizten ditu EH Baik, lehentasuna aitortuz: eri diren presoen askatzea, presoak Euskal Herrira hurbiltzea eta haien artean batzea, eta, azkenik, baldintzapean libre geldi daitezkeen presoen egoera aztertzea eta aukera hori ematea. Suprefetaren bidez helarazi diote gutuna ministroari, eta Euskal Herrira jiten delarik, haren erantzun argia espero dute.

Taubira heldu den larunbatean jinen da Baionara, mintzaldi bat ematera unibertsitatean. Ministroaren iragan independentista gogoratu du EH Baik. Giza eskubideen aldeko militantea izanik ere bai, orain artean Frantzi- ak erakutsi duen jarrera aldatu eta Espainiarekiko lerrokatzea hautsiko duela espero du EH Baik. Alta, ministroaren izaeraren gainetik Frantziaren jarrera hertsia nagusitzen dela dio, gogoratuz urratu egiten direla preso politikoen eskubideak. Horregatik, koalizioak bat egin du Etxerat-ek Taubira Justizia ministroaren etorrera dela-eta Baionan antolatu duen manifestazio deialdiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.