Xabin Makazaga.
Katalunia. Burujabetzaren aldeko adierazpena. Analisia

Katalunia bada nor

2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Burujabetzaren auziak CiU Convergencia i Unioko bi aldeetan, eta baita PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiaren bi sentsibilitateetan ere, haustura eragin duela zabaldu dute Espainian, bozkarioz bezala, Artur Masen abentura subiranistaren zentzugabekeria erakutsi nahian edo. CDCren eta UDCren arteko federazioa zartatu egin da. Apurtu PSCren barne kohesioa.

Adierazpenaren eguna hurbildu ahala, eragile politikoek urteetako anbiguotasun kalkulatua utzi eta bai edo ez argiago bat aukeratu behar izan dute. Bistakoa da horrek, ezinbestean, tentsioa eragin duela bai baina ez anbiguoan urteak eman dituztenengan. Ezin da ukatu burujabetza adierazpenak CiUko bi indarren barruan liskar zakarra sortu duena; PSC ere ez dago Ernest Maragallek-eta alderdia utzi zutenean baino osoago.

Baina atzoko adierazpenak zerbait hautsi badu, Espainiako Konstituzioari men egin behar zaiola dioen idatzi gabeko printzipioa hautsi du. Konstituzio horren testuaren kontrako desobedientzia ekintza baita CiUk, ERCk eta ICV-EUiAk sustatu eta Kataluniako Parlamentuaren ia bi herenek onartu duten adierazpena. Kataluniako herria, zilegitasun demokratikoagatik, subjektu politiko eta juridiko burujabea dela onartu baitute.

Espainiako Konstituzioarekin talka egiten du, nabarmen, adierazpen horrek. Subiranotasun nazionala Espainiako herrian datzala baitio konstituzioak, eta herri hori zatiezintzat baitauka. Kataluniako Parlamentuak, aldiz, erakunde legezkoa eta demokratikoki hautatua, subiranotasuna Kataluniako herriak duela onartu du. Eta lurralde berean ezin dira bi subiranotasun egon. Hori Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere arrazoitzen du, Kataluniako Estatutuari buruzko ebazpenean.

Europan estatu berri bat osatzeko helburua adierazpenetik erauzita, ICV-EUiA erakartzea lortu dute CiUk eta ERCk; eta CUP alderdia ere bai, baiezko kritiko batekin, ezker abertzaleak Ibarretxeren planari eman zion erantzuna gogora ekarriz. Baina PSC ez, nahiz eta erabakitzeko eskubidearen defentsa jaso zuten hauteskunde programan, PSOE kontra egonagatik. Bozkatu, ordea, kontra bozkatu zuten atzo, burujabetza Espainiako legediaren araberakoa izan behar dela argudiatuta. Horrek eragin du tentsioa, eta bost diputatu kritikok saihestu egin dute bozketa. 1978an Espainiako Konstituzioaren eztabaidan PSCko diputatuek eta CDCko Miquel Rocak egin zuten gisa berean, Francisco Letamendia Ortzi-k autodeterminazio eskubidearen aukera sartzeko eskatu eta desagertu egin baitziren, kontra ez bozkatzearren.

Burujabetzaren adierazpena sustatu dutenek «okerreko aldean» jartzea leporatu diote PSCri; argazkian, izan ere, PP eta Ciutadansekin lerratuta agertuko dira. Kataluniaren adierazpena «PP eta PSOEren araberakoa» izan behar bada hori ez dela erabakitzeko eskubidea erantzun diote Pere Navarrori.

Artur Masek ez du nahi besteko babesa lortu parlamentuan, CiUk hauteskundeetan espero zituen emaitzak lortu ez zituen gisa berean. Baina 85 diputatu burujabetzaren alde agertu dira, eta gizartearen zati handi bat, gehiengo kualifikatu bat, tiraka dute. Mas burujabetzaren saltsa horretan sartu bada, Espainiaren ukazioagatik bai, baina Diada eguneko olatuak bere bulegotik arrastaka aterarazi zuelako izan da. Gizarte zibilak sortutako olatu horrek Duran i Lleida bera ere, orain hain kritiko, eraman zuen irailaren 11ko manifestazioraino. Eta itsasoak Kataluniako lurrak bustitzen jarraituko duela, hori behintzat gauza segurua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.