Semaforoak berde segitzen du

Hondarribiak irabazi du Gipuzkoako Txapelketa bigarren urtez jarraian, haize handiari eta itsaso txarrari aurre eginez

Hondarribiko 'Ama Guadalupekoa' ontzia, olatu gainean, atzo Kontxako badian irabazitako Gipuzkoako Txapelketan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Itsaso berdea zegoen atzo Donostian: haizeak eragindako olatuen joan-etorri etengabea. Txarra arraunerako. Brankaz joateko zeharo baldarra, eta ura hartzeko arriskutsua; poparean etortzeko ere aproposa ez, olatuak zikinak zirelako, norabide jakinik gabekoak, Santa Klara uhartetik helmugarako zatian izan ezik. Halako baldintzak izango zirela jakina zen, eta hori kontuan edukita, Hondarribiaren izena ahoz aho zebilen. Bikain moldatzen da halakoetan. Atzo erakutsi zuen zergatik. Bigarren urtez jarraian irabazi du Gipuzkoako Txapelketa.

Azkeneko txandan joan zen, San Juanekin, Zumaiarekin eta San Pedrorekin batera. Horietako batena behar zuen banderak. Lehen luzean San Juan atera zen bizi-bizi. Berehala hartu zuen estropadaren burua. Lehen ziabogan, bederatzi segundo atera zizkion Hondarribiari. Aldea izango zen baldintza onak izan balira, baina atzokoetan ez zen tartea. Bigarren luzean agerian geratu zen hori. San Juanek ur asko hartu zuen lehen luzean, eta poparean etortzeko zama bilakatu zitzaion. Berehala galdu zuen aldea, eta Hondarribiak ederki baliatu zuen aukera.

Bigarren ziabogan, hamar segundo aurretik zen Ama Guadalupekoa. Hemeretzi segundo jan zizkion luze batean. Hartu zuen muturra Hondarribiak, eta Zumaiak ere pasatu zuen San Juan hirugarren luzean, bigarren ziabogan hogeita bost segundo atzetik bazen ere. Aritz Jauregi aurrekoa Endika Perezen atzean zihoan, traineruaren muturretik alde eginda, hango uraren pisuak eta arraunlariarenak ontzia muturrez behera ez jartzearren. Denbora galduz joan zen Erreka, eta azkenean seigarren izan zen. Antzekoa gertatu zitzaion San Pedrori , zazpigarren bukatu zuen.

Hondarribiaren eta Zumaiaren atzetik, Orio sartu zen, bigarren txandan aise irabazi eta gero. Txanda horretako bigarrena, Donostiarra, laugarren izan zen azken sailkapenean, eta Zarautz, bosgarren.

Getaria-Tolosa, txapeldun

Emakumezkoetan, Getaria-Tolosa izan zen azkarrena.Bigarren Zumaia sailkatu zen, eta hirugarren San Juan. Bi luzetara jokatu zuten estropada, eta ziabogan dagoeneko aurretik zen garailea. Zumaia gertu zeukan, sei segundora, eta San Juan oso urruti. Biren kontua izango zela ematen zuen, baina poparean hasi orduko, Getaria-Tolosa nabarmen aurreratu zen. Azkenean, erraz lortu zuen Gipuzkoako bandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.