EAEko Euskararen Legeak 30 urte (eta VII). Aurrera begira. Analisia

Oreka

Lorea Agirre Dorronsoro
2012ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Minorizatua izatearen ajeak dira denak. Hizkuntza ezagutzea, baina ezin aise komunikatzea. Jakitea, baina ez erabiltzea eta ezin erabili izatea. Erabiltzea, baina ez transmititzea. Sentitzea, baina ez izatea. Alegia, oraindik ere, euskara ezagutzea, erabiltzea, transmititzea eta euskaldun bizi izatea korrontearen kontrako hautua dela euskal geografiako leku gehien-gehienetan. Kontrakultura ekintza bat. Hizkuntza hautua norbanakoren kontua dela esatea puri-purian dago gaur egun, hala uste dezagun nahi izaten dute hizkuntzak askatasunean aukeratu behar direla diotenek.

Hizkuntzak askatasunean. Giza taldeka bizi gara, eta gure gizartearen baldintzapenen arabera egiten dugu hizkuntza hautua, bizitzako beste hautu guztiak bezalaxe, zer jan, zer ikasi, zer ikusi, zer lan egin, noraino hipotekatu, norekin oheratu. Hizkuntza hautu indibidual eta naturalik ez da inon. Dagoena zera da: hizkuntza bat, eta ez bestea, hautatzeko natural itxurako determinazio kulturala, bere indarkeria erreal eta sinboliko guztiarekin. Adibide garbiena elebakarraren kasua da. Elebakarrak ez du hautatzen, ez du askatasunik, hizkuntza bakarra duelako, eta inguruak bakarra izan dezan agintzen diolako. Eta ezta elebidunak ere. Hizkuntza handiaren arabera aukeratzen baitu honek ere. Hizkuntza bat eta bestea hautatzeko aukera oso gutxitan eman ohi da banaka. Zerbait soziala bada hori hizkuntza da, bakarka ez ikasi ez erabili daitekeena. Horregatik behar du hiztunak komunitate bat hiztun izango bada. Eta hiztun komunitateak hiztunak. Eta guneak. Komunitatea biltzea, trinkotzea eta babestea da euskal hiztunak gizarte elebakarrean arnasa hartzeko duen aukera bakarra. Arnasguneak. Hiztun komunitateak ezagutza, erabilera eta motibazioaren ongarri izan behar du. Izateko nahia elikatu behar du. Izan nahi izatea plaza publikoan nor bagarela ikusi araztea da.

Hizkuntza minorizatu bat ezin daiteke herri eta kultura minorizatu batean baino eman. Argi dago. Eta hizkuntza maiorizatu bat (xuxenek hitza onartzen ez badit ere. Zergatik ote?) beste hainbeste baina alderantziz. Hizkuntza minorizatua orekatuko bada, bere dituen guneak babesteaz gainera, berriak eskuratu eta berreskuratu behar ditu. Oreka bilatu behar da desorekan dagoenarentzat. Aukera gehiago, gutxitua denarentzat. Kontua ez da politika edo ekimen orekatuak egitea. Politika desorekatuak behar dira euskara orekatzeko. Bi hizkuntzak, minorizatua eta maiorizatua, berdin tratatzea ez da orekatzailea, handiagotua handiagotzea baizik. Ez bata eta ez bestea ez inposatzea eta ez eragoztea ez da oreka. Hori desoreka hilgarria da: diglosia. Euskara hutsez jardutea, zainketa berezietan dagoenari oxigenoa ematea da, eta gazteleraz jardutea, oxigenoa kentzea. Hain latz. Oso ondo daki hori Espainiako Wert Hezkuntza ministroak, espainolaren oreka gorde beharraz mintzo denean.

Galdera, agian, zerk desorekatzen gaituen da, zerk desorekatzen duen hizkuntza. Eta giltza, desoreka identifikatzeko gai izatea. Zer den normalizazioa eta zer ez. Zein neurri edo ekinbide, publiko zein zibil, den minorizatzaile eta zein ez. Zerk orekatzen gaituen jakitea, azken finean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.