Errugbia. Europako Challenge kopako finala: Miarritze-Toulon

Zintzurra bustirik, erruz animatzeko

Partidaren ataria alaitasunean ospatu dute Miarritzetik joaniko zaleek. Londreseko Aupa BOren iniziatibaz, Twickenhameko Pub batean elkartu dira eta bertako nazio orotako errugbizaleek han egin dute topo.

Euskal Herritik joaniko zale talde bat, Geronimo maskotarekin, atzoko partida hasi aurretik. ENERITZ ZABALETA.
Eneritz Zabaleta.
Londres
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Baziren hegazkina Santanderren hartu zutenak: «Joan-jina 40 eurotan topatu dugu», azal du Alainek. Miarritzeren beste zale batzuk Bilbotik abiatu ziren, bezperan edo partida egunean berean. Miarritzeko aireportutik jinikoak ere badira Londresen, edo Bordelen hegazkina hartutakoak. Txapela kentzeko modukoa, hala ere, Euskal Herritik autobusez etorritakoen balentria.

Autobus bete-bete bat, 80 lagun sartuta, Lapurditik abiatu eta Ingalaterrako hiribururaino etorria: « Miarritzetik Calais arte 13 oren eman ditugu, ttuku-ttuku. Bi orenero gelditu gara. Luzeena Ferrya hartu eta Londresera iristea izan da», erran du Francisek. Orotara 17 oren egin dituzte zaleek, Aupa BO Miarritzeko zaleen taldeak antolatutako bidaian.

Haien artean zegoen Robert Rabagny, Miarritzeko maskota ofiziala, Geronimo izenarekin ospetsua dena: «Garrantzitsua da euskal errugbiarentzat Miarritzek irabaztea» adierazi du, irribarrearekin, baina urduri.

Hegazkinez etorritakoak fresko, eta autobusean 17 oren pasatakoak akitzen hasiak, baina Miarritzeko zale guztiak Twickenhamen elkartu ziren atzo, partida ataria elkarrekin gozatzeko. Tren estaziotik hurbil, The Cabbage Patch Pubean zuten hitzordua. Orotara Londresera etorritako euskal zaleak 600 bat izanen ziren. Horietatik 100 bat Pubean egon ziren: «Azken unean antolatu dugu. Egia erran, ez nuen espero hainbeste jende elkartuko ginenik», onartu du Lionel Lartigue, Londreseko Aupa BO taldearen arduradunak. «Ostatuko hitzorduak fite ahoz aho ibilki dira» erantzun dio Euskal Herritik etorritako miarriztar batek.

Egun handia zen atzokoa Lartiguerentzat, eta Londreseko Aupa BOko kide diren 15 lagunentzat. Gehienak, Euskal Herritik Londresera lanera etorritakoak dira. Laurent bera okina da, eta Kanbotik etorri zen Londresera, lan bila. Baina, tartean badira Ingalaterrako bi zale ere. «Horiek dira zale sutsuenak, gurekin batera».

2006an sortu zen Londreseko Aupa BO taldea: «Urtean zehar Miarritzeren partidak Pub batean segitzeko elkartzen gara. Ingalaterrara Top 14ko talderen bat etortzen denean, hura jarraitzera goaz ere bai». Usaian biltzen diren 15 lagunetatik, atzo arratsaldean hamarnaka miarriztar ziren Londreseko kaleak berotzen: «Kanpoan bizitzean Euskal Herriko hainbeste jende ikustea izugarria da guretzat.Altxorra da horrelako une bat bizitzea» erran digu Lartiguek, hunkituta.

Geronimo maskotaren gibeletik, Miarritzeko zaleak txarangan joan ziren Twickenhameko Pubetik estadiora. Zintzurra bustirik indarra hartu zuten, eta partida denboran giro aparta eman zuten. Arratsaldea eta gaua hain poliki pasa ondotik, zale gehienek gaurko hitzorduan luzatuko dute festa, Heineken Kopako finala zuri-gorriz segitzeko, Ulsterreko eta Leinsterreko zaleekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.