Sarean da '.eus' domeinua duen lehen webgunea

'Domeinuak.eus' gunea eta bideo bat zabaldu dituzte sustatzaileek; hilaren 26an informazio gehiago emango dute

Iratxe Esnaola Puntu Eus proiektuko koordinatzailea, iaz. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
urtzi urkizu
Donostia
2014ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Iazko ekainaren 14an onartu zuen ICANN erakundeak .eus domeinua. Interneteko domeinuak arautzen ditu elkarte horrek, eta aurrera egiteko bidea eman zion euskararen eta euskal kulturaren topaguneari. Egitasmoak eman beharreko pausoak emanda, .eus domeinua duen aurreneko webgunea argitara eman zuten atzo Interneten: Domeinuak.eus. Domeinuaren sustatzaileek bideo labur bat eskegi dute webgune horretan, eta iragarri dute hilaren 26an informazio gehiago emango dutela.

Euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen domeinua izateko proiektua duela sei urte aurkeztu zuten. Euskalgintzako, hezkuntzako, Interneteko eta komunikazioaren alorreko eragileak bildu ziren hasierako urratsean.

ICANN erakundearen onespenarekin, euskarak eta euskal kulturak lehen mailako domeinua lortu du (Top Level Domain). Bi eratako domeinuak daude lehen mailakoen artean: estatu kodeak eta orokorrak; .eus domeinu orokorra izango da, eta, orokorren barruan, hizkuntzari eta kulturari lotutako domeinu babestua. Mota horretako domeinuak komunitateek babesten dituzte. Domeinuari babesa eman diote, besteak beste, Euskaltzaindiak, Kontseiluak, Euskal Idazleen Elkarteak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Ikastolen Elkarteak, EITBk eta BERRIA Taldeak. Eusko Jaurlaritza ere .eus izango dela iragarri zuen iazko ekainean Iñigo Urkullu lehendakariak.

Proiektuaren kideek aurkezpenean esan zutenez, .eus domeinua euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako «bitarteko bat gehiago» izango da, Internet oinarri izango duena. «Izen bat, ikur bat, sareen sarean euskara eta euskal kulturaren ikusgarritasuna eta bere komunitatearen aitorpena ekarriko duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.