martxelo otamendi
Joxan Lizarribar hil da. Iritzia

Eta Washingtongoa zer?

2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Faena ederra egin diguzu, Joxan; Washingtonen enbaxada zabaltzeko gero eta gertuago geundenean, esan diguzu enbaxada hori ez eta eternitatearen enbaxada hartuko duzula, lurrekoa baino nahiago duzula, enbaxada hartzekotan, Etereolandakoa hartu. Nork eta zuk, gure artean zehatza eta praktikorik egon bada zeu izan zarenean. Ulertzen dut enbaxada horretan osatu ahal izango duzun lantaldea lehen mailakoa dela, ikaragarri estimagarria izan behar duelako Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka, Martin Ugalde, Txillardegi eta aurretik joan zaizkigun agregatu eredugarriekin lan egitea. Zeu enbaxadore. Urrezko taldea osatuko duzu horiekin, baldin eta bakoitza berean zentratzea lortzen baduzu;zuk horrenbeste gorrotatzen dituzun Bizantzioko eztabaida alfer, amaigabe eta loarazleak bazter utzita. New Yorkekoa eta Washintongoa bata bestearen atzetik zabaltzeko asmotan geunden; nagusia lehendabizi, hiriburukoa, eta handik gutxira NBEkoa, New Yorken. Orain dudatan utzi nauzu New Yorkekoa hartu edo ez, biak, bi enbaxadoreak, pakete batean zihozen, gindoazen; eta, egia esan, ez daukat gogo handirik enbaxadore lana egiteko zure gertukomaisutza gabe. Ikusiko dugu.

Bitartean, zuk askotan esan bezala, hobe dugu espabilatzea: goazen martxan, ez enbaxada eta ez ondoko txakur txabola. Ilusio handiarekin hartu zenuen garai politiko berria, baikor, hamarkadetan eduki ez dugun abagune ikusten zenuelako. Aukera Euskal Herrian, eta kanpoan. Gurean abertzaleen gorakadak itxaropenerako arrazoiak emanten dituelako. Eta kanpo hurbilean, aspaldi ez bezala, inoiz ez bezala igual? Europako nazio historiko batzuetan —Eskozia, Flandria, Herrialde Katalanak—, oso serio hartzen ari zirelako independentziarako bidea. Serio, alegia, sendo, indartsu, dudarik gabe.

«Ez liatu autodeterminazio eskubidearekin: estatu bat behar dugu. Mundu guztiak ulertzen du estatua esaten dugunean; autodeterminazio eskubidearekin, bakoitzak nahi duena ulertzen du. Ez liatu: besteek bezala, estatu bat behar dugu. Ez liatu». Hori zen zure pentsamendu argia.

Gogoratzen duzu nola pasatu genituen 45 minutu «premtsa si us plau» akitzeraino esanez, Bartzelonako iazko Diadaren manifestazio erraldoi hartan, metro geltokitik atera eta manifestazioak irten behar zuen lekuraino? Non ikusi da egunkari bateko lehendakari bat, kazetari kredentziala paparrean jarrita, 45 minutu bultzakadak jasoz? Erredakziotik kanpo aurreneko aldiz kalera erreportajea egitera irten den kazetari hasiberriaren ilusioarekin ibili zinen manifestazioaren buruan, gonbidatu OPIen esparruan, euskaldun askorentzat beste aberria den Kataluniarentzat egun handia zela sumatuta. Ikusiko dugu nolako bilakaera daukan katalanen ahaleginak, baina konbentzituta etorri zinen han prozesu garrantzitsua ari zela sendotzen eta abiatzen, zuk horren ondo ezagutzen zenuen Katalunia ez zenuela sekula horren indartsu ikusi.

Oso garai txarrean zaildutako belaunaldiko kidea izan zara, Joxan; dena aurka eduki eta, hala ere, gure herriarentzat horren garrantzitsuak izan ziren hurrengo urteetarako adreilu erregogorrak jartzea egokitu zitzaion gazte multzo eredugarrian jardun zenuen. Zorretan gaude zurekin, eta hor nonbait topatuko dituzun joandako aitzindariekin. Eman eskuminak eta esan bukatuko dugula lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.