Donostiako 61. Zinemaldia. Sail ofiziala. Kritika

Sakabanatutako arima

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
'Mon âme par toi guérie'

Zuzendaria: François Dupeyron Herrialdea: Frantzia.

Ez dira lasaitasun apur bat lortzeko gai, eta euren erabakien biktima bihurtu dira. Horrelakoak dira Dupeyronek sortutako pertsonaiak, eta haiei buruzko istorioa osatu du Mon âme par toi guérie (Nire arima zuk sendatua) filmean.

Fredik, pertsonaia nagusiak, izugarrizko sentsibilitatea du; jendea sendatzeko dohain arraro bat du. Tamalez, inguruan dituen lagun eta senideen alde ezin du ezer egin, soilik ezezagunak diren pertsonak senda ditzake. Nora ezean dabiltza guztiak, eta Fredik ahal duen moduan eraman beharko du egoera hori. Atsekabez bizi da, baina zoriontasun apur bat bilatzeko ahalegina egingo du; hain zuzen, filmaren bukaeran agertzen den pertsonaia bat salbatu nahi izango du. Hondoa jo duen emakume gazte bat da, senarrak banpirizatu duen alarguna.

Ertz ugariko pertsonaiak ditu filmak, eta sentikortasun handiko elkarrizketak dituen gidoi bat osatu dute. Horregatik, ulertezina egiten zait Duyperonen mailako zuzendari batek filma eraikitzeko zumeak horren zentzugabe erabiltzea. Material horrek guztiak koherentzia eta zentzu handiagoz erabiltzea merezi zuen. Eragozpen handiena narrazio dispertsoa da, eta hau da istorioa bera bere osotasunean ulertzeko oztopoa. Eta zerk eramaten du zulora filma behingoz? Kamera epileptiko eta inkisitorialak, irudiekin bat egiten ez duen musika desegokiak eta muntaketa traketsak. Lastima!

Behintzat, Hitchcock-ek filmatzeko ausardiarik izan ez zuen ideia mamitu du Duyperonek: ikusleentzat entzungaitza den eta istorioan erabakigarria den elkarrizketa bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.