Greba orokorra. Herrialdeak. Nafarroa

Iparretik hegoraino, aspaldiko geldialdirik handiena

Industrian ia erabatekoa izan da greba, eta herri handienetan eta hiriburuko kaleetan asko nabaritu da

Informazio piketeak Iruñeko Mapsa enpresa itxi nahian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Aurreko deialdietan ez bezala, argazki homogeneoa osatu zuen atzoko grebak Nafarroa osoan. Iparretik hegoraino, oso erantzun handia izan zuen. Industrian, masiboa izan zen. Iparraldean erabatekoa, eta Iruñerrian eta hegoaldean, %90etik gorakoa, sindikatuen arabera. Gutxieneko zerbitzuak kenduta, administrazio publikoan ere jarraipen «oso handia» izan zuen grebak, nahiz eta gobernuak adierazi hiru funtzionariotik bi lanean zirela. Iparraldeko herri nagusietan (Altsasu, Lekunberri, Leitza, Bera, Elizondo), denda ugarik itxi zituzten ateak; hegoaldean, berriz, (Lizarran, Tafallan eta Tuteran...) arrakasta handia izan zuen.

Betelun, esaterako, Wisco enpresako langile gehienek uko egin zioten lanera joateari, urte askoan lehen aldiz. Soilik bulegoetako langileak joan ziren lanera. Greba egunagatik, enpresak labea itzali egin zuen. Horregatik, ostirala ere jai hartu eta astelehenera arte lanera ez agertzeko esan zieten zuzendariek langileei.

Aspaldiko partez, Iruñeko kaleak hutsik esnatu ziren atzo. Erdigunean, denda bakan batzuk ireki zituzten, baina grebaren erantzuna handia izan zen bai auzoetan eta bai inguruko herrietan. Aspaldiko greba handiena.

El Corte Ingles sinbolo bat da grebalarientzat, eta hura ixten saiatu ziren. Espainiako Gobernuko ordezkariak hara igorri zituen poliziak eta istiluak egon ziren goizean zein arratsaldean. Poliziek eta foruzainek, gainera, hainbat oldar egin zituzten Txantrean, Barañainen, Donibanen, Bigarren Zabalgunean... Espainiako Gobernuaren arabera, bi pertsona atxilotu zituzten Txantrean eta Atarrabian, goizean. Gainera, 07:00etatik hasita Iruñean barrena bizi piketea egin zuten ehun lagun inguruk; udaltzainek 50 lagun identifikatu eta 35i bizikleta kendu egin zieten.

Sektore publikoan, oso erantzun zabala izan zuen grebak. ELAren arabera, «azken hamar urtetako lanuzte handiena izan da», batez ere Hezkuntzan, Osasunbidean eta tokiko zein estatuko administrazioetan. LABen arabera, Osasunbidean zein eskola publikoan eta ikastoletan zerbitzu publikoetako langileek soilik lan egin zuten. Nafarroako Unibertsitate Publikoan liburutegia itxi zen eta administrazioko langileak geratu egin ziren. Correos erabat geratu zen lurralde osoan. Hiri garraioan zein herri arteko garraioa erabat gelditu zen, zerbitzu minimoak salbu. Geltokietan apenas zegoen jarduerarik. Eraikuntzan, obra handiak erabat gelditu ziren: Erripagaina, Soto Lezkairu, Mutiloa...

Zaurituak eta kalteak

Arratsaldeko manifestazioan, Iruñean, istiluak izan ziren parte hartzaileen eta polizien artean. kalte materialak eragin zituzten inguruko negozioetan eta zaurituak ere izan ziren.

Grebaz gain, aipagarriak izan ziren ere Nafarroa osoan zehar egindako manifestazioak. Iruñean, eguerdikoak milaka eta milaka iruindar bildu zituen. Bere neurrian, manifestazio jendetsuak izan ziren baita ere Tafalla, Altsasu, Lizarra eta beste herri batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.