Aitor Renteria.
Analisia

Urraturiko adostasuna

2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Proposamena Espagnac-ena ala Frantziako Gobernuarena ote da? Erantzuna ondoko aste eta hilabeteotan jakinen da. Hasteko, ez da hilabeteotan Ipar Euskal Herrian adostasun zabala bildu duen proiektua, alde bakarreko ekinaldia baizik. Asanbleak onartu ala ez, ukanen dituen sostenguen arabera argituko da gobernuak senatariaren esku jarri duen ekinaldia den, edo gobernuaren «itxikerian» zirrikitua atzeman duen senatariak. Alde baikorrean, Pays egitura desegiteari aterabide bat eskaintzen dio. Ordea, ez Iparraldeko eragile gehienek sostengatzen dutena. Deigarria da zuzenketaren data: maiatzaren 24a, Baionako manifestazioa egin baino astebete lehenago. Espagnacen metropoli xedea baztertu zuen Hautetsien Kontseiluak. Horren aldeko botoa eman zuen senatariak. Zergatik jarrera aldaketa? Zergatik, aldatu ondoren, bat egin larunbatean lurralde elkargoaren aldarriarekin? Zuzenean erantzuteko aukera zuen, baina ez du telefonoa hartu.

Xedea aitzinamendu txikia da, abantzu deusetik ezer gutxira. Pays izaerak sortutako ildotik doa. Balantzaren bertze aldean, elementu ezkor ugari. Alde batekoa da, ez Ipar Euskal Herrian sorturiko koordinazioarena. Egitura horrek metropoliaren kontzeptua baztertu zuen aspaldian (Espagnac barne). Arrazoiak: ez zuen eskumen aski, ez zuen zerga sistema propioa garatzeko aukerarik eta defizit demokratikoa begi bistakoa da, hautetsiak ez direlako zuzenean aukeratzen. Prozedura ere korapilatuko du. Erabaki bat hartzeko, egitura berriak onartu beharko du, baina baita ere hura osatzen duten guztiek eta bakoitzak. Erabaki soila trabaz beteriko bidea izanen da. Oroz gain, ez du konpontzen gatazkaren muinean den arrazoi nagusia, Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzionalik eza, Parisek Euskal Herriarekiko duen mespretxu, ukazio jarrera. Elkar hartzea urratzea ere Espagnacen ekinaldiaren alde negatiboan dago. Engoitik, arrazoiak daude hemen dioena ez sinesteko, edo pentsatzeko Parisen menpe jarrera alda dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.