Katalunia. Presidentearen inbestidura saioa

Debatearen muina, galdeketa

Erabakitzeko eskubidearen alde kolore askotako indarrak biltzen dira Kataluniako Parlamentuan, eta CiUk eta ERCk hitzartu duten akordioa ez dute begi onez ikusten horietako batzuek. Ez dira fio.

Enric Arques
Bartzelona
2012ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Interesgarria eta mugitua ageri da Kataluniako Parlamentuko legegintzaldi berriaren hasiera; gorabehera handikoa. CiUk, Artur Mas buru duela, ERCren 21 diputatuen babesa bilatu behar izan du gobernabidea bermatzeko, hauteskundeetan atzeraka egin ondoren:62 ordezkaritik 50era jaistea kolpe gogorra izan da estatu propio bat eraikitzeari gehiengo sendo batekin aurre egiteko helburua zuenarentzat.

Federazio nazionalistak eta errepublikanoek asteon sinatu duten akordioak mahai gainean jarri du Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko herri galdeketa. 2014an egin beharrekoa da, eguna zehaztu gabe, nahiz eta beti hizki txikian erreparatu beharra dagoen —merkataritza kontratuen gisan—. Hitzarmeneko puntu batean jaso baitute alde biak ados jarriz gero galdeketa atzeratzeko aukera, «egoki irizten dieten arrazoiengatik». Erabakitzeko eskubideak hartu du agertoki politiko berriaren muina, eta erreakzio ugari eragin ditu herritarrei hitza ematearen alde dauden alderdien artean.

Fedea herriarengan

Urtetan herrien autodeterminazio eskubidea defendatzen ari den indarretako bat CUP da, parlamentuan sartu berria, hiru diputatu lortuta. David Fernandez buruzagiak dio azkenean galdeketa egingo ez balitz «diktadura ondoreneko iruzur politiko eta instituzional handiena» litzatekeela. Inbestidura saioko atseden batean ganberako atarian zigarro bat erretzen duen bitartean, berak konfiantza nagusiki «herriarengan» duela adierazi du, ez hainbeste CiU edo ERCrengan. Hitzarmen hori beste alderdietara eta, oroz gain, gizartera zabaltzea nahiko lukeela dio Fernandezek, «politika gizarte guztiak egiten baitu».

Legebiltzarrean hasiberria izanagatik, mugimendu alternatiboetan zaildua da Fernandez, eta, herritarrei galdetzeko erronkari Masek bukaera arte eutsiko ote dion galdetuta, hausnarrerako denbora hartu eta etsipen kutsua erakutsi du erantzunean: «CiUrekin sinesgogorra naiz». Halaber, uste du erabakitzeko eskubidea ezin dela «patrimonializatu». ERCk, berriz, «arrisku handiko apustua» egin duela iritzi dio Fernandezek, Oriol Junquerasen alderdiko ezkerraldeari misil bat jaurtita. CUPen ustez, izan ere, ERCk CiUri galdeketa bultzatzeko eman dion babesa ezin da ulertu Kataluniako gobernu berriak egin beharko dituen murrizketak aintzat hartu gabe: «Erabakitzeko eskubidea ezin da aldatu murrizketen truke; perbertsio politikoa da hori».

Bazkide leiala eta 'besteak'

ERCren lerroetatik, aldiz, 2014an herriari galdetzeko aukera aipatzen dute oroz gain. Pere Aragones ERCren talde negoziatzaileko kide eta diputatuak nabarmendu du galdeketa «lehenbailehen» egitea nahi dutela. Parlamentuko korridoreko aulki batean eserita, hazpegia serio, itun bat sinatua dutela nabarmendu du, eta CiUk bete egingo duen ustea agertu. Bazkide leialaren rola hartuta, nahiz eta oposiziotik, Artur Masen alderdiak erabakitzeko eskubidearen inguruan «benetako aldaketa bat» izan duela ziurtatu du. Haren kezka gehiago da PPko gobernuak har dezakeen jarrera: «Espainiako Gobernuak baliabide guztiak erabiliko ditu, zakar, eta guk nazioartean bilatuko dugu babesa».

ICV-EUiA indar ekosozialista ere erabakitzeko eskubidearen aldekoa da, baina CiUk eta ERCk erabili dituzten moduekin oso kritiko agertu izan da Joan Herrera idazkari nagusia. Parlamentuko bozeramaile Dolors Camatsek uste du «legegintzaldia hasteko modu txar bat» dela bi indar horien arteko akordioa, kontsulta babesten duten gainerako alderdiak kanpoan uzten dituelako. ICV-EUiAren babesa nahi izanez gero gobernabide akordioa hautsi egin beharko luketela nabarmendu du Camatsek, CiUren politika ekonomikoa aldatzea lehentasunezkoa iruditzen baitzaio. Izan ere, naziotasun alorrean erakutsi duen «epikaren» parekoa eskatzen dio Artur Masi ardatz sozialean ere, krisiaren enbatak herritarrei eragin dizkien arazo larriek konponbidea behar dutelako.

«Ilusioarekin!». Polonia-k, Kataluniako telebista publikoko umorezko saioak, alegiazko Artur Masen ahotan jartzen du CiUko estrategek 2010eko hauteskunde kanpainan jarraitzaileak erakartzeko baliatu zuten leloa. Eta ilusio «lasaia» erakusten dute agertoki politiko berriaren aurrean federazio nazionalistako diputatu gehienek. Hala adierazi dio BERRIAri Carles Puigdemont CiUko diputatu eta Gironako alkateak. Hiria berriki «lurralde aske eta burujabe» izendatu du udal batzarrak. Eta lasaitasuna aldarrikatzen du Puigdemontek antidoto gisa, «urte askoan katalan askok planteatu izan duten helburuari ekiteko». Kataluniaren historia gogora ekarriz, «zorigaitz askori aurre» egin izan diela nabarmendu du, «eta beti egin du aurrera».

Hasi besterik ez da egin 2014ra begirako partida. Fitxa bakoitza bere lekuan dago, eta jokatzeko ordua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.