Koldo Almandoz.
Donostiako 61. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Hugh Hefner ez bezala

2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hugh Hefner ez bezala, ni egunero gauza bera egiteaz aspertu egiten naiz.

Pelikula gehiegi eta segidan ikustea ez dut atsegin. François Ozonen Jeune et Jolie, Fernando Francoren La Herida eta Rithy Panh-ren L´image Manquante ikusi eta ez naiz kapaza izan hiruak zein puntura arte gustatu zaizkidan hausnartzeko. Bakoitza bere estiloan, film interesgarri eta potenteak iruditu zaizkit, baina honezkero, saturazioz, nire garuneko zikuituek plof egin dute.

Egun, irudirik gabe errealitaterik ez dago. Irudietan ikusi eta gordetzen ez dena ez da existitzen. Horregatik, Rithy Pahn-ek berari eta milioika kanbodiarrei gertatutakoa kontatzeko irudi horiek sortu egin behar izan ditu. Fisikoki eta zinematografikoki. Film interesgarri eta ederra, eta, hala eta guztiz ere, une batez lo hartu nuen.

Gauerdian L´image Manquante ikustetik kalera atera eta hiria maketa bat zela iruditu zitzaidan. Motorra hartzeko bidean, Teledonostik aldarrikatzen duen glamourraz jantzitako neska-mutil gazteekin gurutzatu naiz. Lentejuela dirdiratsu eta takoidun zapatak neskek, trajea edo galtza barrenestuak eta amerikana estuak mutilek. Irudiak gure errealitatea definitzen badu, gure errealitatea Hombres Mujeres y Viceversa da.

Eta bertakoak Zinemaldiaz kexuka gabiltzan bitartean, The Telegraph egunkariko David Gritten zinema kritikiariarentzat Donostiakoa munduko jaialdirik onena da. Berak dioenez, hiria ederra eta erritmo aproposekoa da. Europan euskal herritarrak baino jende adeitsuagoa ez dagoela ere idatzi du. Beste jaialdietan baino pelikula gutxiago daudela baina programazio benetan interesgarria duela —niri astebetean 50 pelikulatik gora proiektatzen dituen zinemaldi bat aukera galduen jaialdia irudiko zait beti—. Nola ez, janaria ere aipatzen du. Eta pintxoetan aritzea merkea dela dio —horrelako komentarioengatik nabaritzen da jada sartu garela bi edo hiru abiadurako Europan—. Antolakuntza, prentsa eta partaideen arteko giro ona ere aipatzen du eta atentzioa eman dio kondoiak musu-truk banatzen direla ikustea—inork ez diona esan da akaso soberan ditugulako banatzen direla doan—.

Zer esatea nahi duzue, hainbeste marmartiren iritzi artean Gritten jaunak arrazoia duela iruditzen zait. Autokritika eta autosuntsipena ez dira gauza bera. Nik ezagutzen ditudan champions league jaialdietatik behintzat, herrikoiena, erosoena eta giro ederrena duena gurea da.

Eta eskerrak aurtengoan ez duen euririk egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.