Koldo Almandoz.
Donostiako 60. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Culo peludo

2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Izenburuko bi hitz horiek dira Ralf König komikilariak gazteleraz dakizkien bakarrak. Hori esan zigun behintzat König des Comics ( Komikien Erregea) dokumentalaren proiekzioaren osteko agerraldian. Ez naiz ni pelikulen osteko azalpenetara geratzearen oso lagun. Pelikula batek bere kasa hitz egin behar duela uste dut. Baina Ralf König-en lanaren zale amorratua naizenez bertan geratu nintzen miresten dudan gizonak esateko zuena entzutera.

Etxeko apaletan —eta lagunen batek berean bahiturik— König-en komiki liburu piloa dut.Iruditzen zait beti izan direla bertan, beste dozenaka komiki eta fanzineren konpainia ezinbestekoan. Komikiari nobela grafikoa deitzen zaion garaiotan —komikia bigarren mailako jardueratzat dutenek beren kontzientzia zuritzeko eta editoreek salmentak handitzeko erabilitako trikimailu semantikoa—Königek komikilari izaerari eusten dio. Zentzu horretan klasiko bat da. Marrazten dituen sudur luzeek eta hankatarteko mondejuek txikitan ikastolako liburuetan margotzen genituen karikaturen izpirituari eusten diote. Königen komikietan ez da falta emoziorik, samurtasunik, ironiarik eta salaketa sozial eta politikorik. Baina beti, eta gauza guztien gainetik, dibertigarriak dira. Oso.

Harrigarriak eta argigarriak izan ziren Königen proiekzio osteko hitzak. Pelikulak dituen akats ia guztiak aipatu zituen. Kritikoa izan zen aurkeztera eta defendatzera etorri zen pelikularekin. Rosa von Praunheim-ek zuzendutako filmak, Königen komikilari izaerari eta lanari baino arreta handiagoa jartzen dio bere kurrikulum sentimentalari. Zoritxarrez. König, pelikularen defentsa eta promozio sutsu eta itsua egin beharrean, modu argi eta arrazoituan mintzatu zen dokumentalaren nondik norakoen inguruan. Ziurrenik alemaniarra izan behar da horretarako. Badakizue, Goethe, Kant, Spinoza, Nieztche, Heidegger geneetan. Inongo autokritikarik egin gabe, eta errealitatea eta desioa nahastuz beren lana defendatzen duten sortzaileak entzutera ohituak, harritu egiten gaituzte halako azterketa objektiboak egiteko gai diren egileak. König des Comics proiekzioaren osteko agerraldian lezio eder bat eman zigun gazteleraz «culo peludo» soilik esaten dakien komikilari maitagarriak: autokritika dela beti sorkuntza lan baten defentsarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.