Palestina. Presoak eta errefuxiatuak (III)

Kerryren mahaian falta direnak

Denera, 5.028 palestinar daude Israelgo espetxeetan; «segurtasun presoak» dira Tel Aviventzat. Sakabanaketa fisikoa ez ezik, palestinarren arteko zatiketa politikoa ere oztopo handia da presoen kolektiboa antolatzeko.

Samara Velte.
Ramallah
2014ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Bost palestinarretik bat atxilotuta egon da bizitzako uneren batean. Kaleko istiluak, kontrolguneetan aurkeztutako baimen okerrak, askapen mugimenduekiko ustezko harremanak... «Segurtasun arrazoi» izan daitekeenaren espektroa oso zabala da Israelgo indar armatuentzat.

Preso palestinarrak ere «segurtasun presoak» dira, ez politikoak; denera 5.028 daude Israelek kudeatutako hamazazpi espetxetan barreiatuta. «Osloko akordioen ondoren, presoak 1948ko lurretara ateratzen hasi zen Israel», azaldu du Mourad Jadallahek, Addameer presoen babeserako elkarteko aholkulariak. «Palestinar gehienentzat, ordea, ezinezkoa da lurralde okupatuetatik Israelen menpeko eremuetara joatea. Edozein senidek baimen berezia behar du 1948ko lurretara heltzeko, eta %70ek ez daukate hura lortzeko modurik. Urteak igarotzen dituzte preso dauden senideak ikusi gabe».

Arazoak elkarteari ere eragiten dio. Addameerrek Ramallahen du egoitza, PANek kudeatutako eremuan; langile gehienak Zisjordaniako palestinarrak dira, eta, beraz, ezin dira lurralde okupatuetatik irten. Zisjordaniako abokatuek ere debekatuta daukate kartzeletara joatea; horregatik, sarri Jerusalemgo egoitza baimena edo Israelgo herritartasuna dutenak kontratatu behar izaten dituzte. Israelgo armadak hiru bider miatu die bulego nagusia.

Trukerako txanpon

Zisjordanian urtero 4.000 atxiloketa inguru izaten dira. «Eta hori, orain ez dagoela Intifada girorik», nabarmendu du Jadallahek. «Gehienak zibilak izaten dira: kontrolgunea baimenik gabe igarotzen saiatzen direnak, ikasleak, sindikalistak... Ez da segurtasunagatik: Palestinako gizarte zibila suntsitu nahi dute». Addameerrek bildutako datuen arabera, 1967tik hona 800.000 palestinar inguru atxilotu dituzte; herritarren %20 inguru.

Hurrenkera bertsua izaten da kasu gehienetan: «Lehenengo atxilotze zentro batera eramaten zaituzte, eta han torturatu.AEBez gain, Israel da tortura legez debekatuta ez dagoen herrialde bakarra: Auzitegi Gorenak 1991n espresuki onartu zuen kasu batzuetarako». Gero, preso guztiak auzitegi militar baten aurrera eramaten dituzte. Lurralde okupatuetan, halako bi daude: bat Jerusalem erdian eta bestea Zisjordania iparraldean. «Atxilotu eta lau egun eduki zaitzakete auzitegira eraman aurretik», azaldu du Jadallahek, eta erantsi: «Israeldarren kasuan, asko jota 24 ordu eduki ditzakete. Euren legeak desberdinak dira batzuentzat eta besteentzat». Galdeketak, berriz, sei hilabetera arte luza daitezke, eta sarri ukatzen zaie presoei abokatuaren bisita; beti 90 egunez, behin baino gehiagotan berritzeko aukerarekin. Horrez gain, bada atxiloketa administratibo deiturikoa: norbait inolako kargurik gabe eta epaiketarik gabe preso edukitzeko modu bat da. Kasu batzuetan, urteak ematen dituzte espetxean. Egoera horretan daude, esaterako, hamahiru parlamentari ohi; tartean, Ahmad Saadat PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteko idazkari nagusia.

Euren boterea frogatzeaz gain, gobernuei xantaiarako balio die presoen auziak. «2006 eta 2012 bitartean, Hamasek Gilad Shalit soldadua preso zeukan bitartean, Israelek erabat debekatu zizkien bisitak Gazako 600 presori». Palestinako aginteari, berriz, politika horren konplize izatea leporatzen diote. Osloko akordioetan lortutako eskumenez geroztik, hark ere atxiloketa politikoak egiten dituela azaldu du Jadallahek: «1994tik, 30.000 palestinar atxilotu ditu PANek; batzuetan, Israelen aginduz». Gehienetan, ordea, bi alderdi palestinar nagusien arteko gatazkaren ondorioz jazartzen zaizkie elkarren militanteei: Al-Fatah Hamasekoei, eta alderantziz. «PANen aurrekontuetan, presoen auzia laugarren postuan dago», kexu da Jadallah: «Lehenengoan, berriz, segurtasuna».

Martxan diren bake negoziazioetan, apenas adostu duten ezer presoen inguruan. Israelek, prozesuarekiko konpromisoa adierazte aldera, Oslo baino lehen atxilotutako 104 lagun askatzea onartu zuen uda amaieran; gehienek betetzear zuten zigorra. «Ez dakigu non dauden presoak negoziazio hauetan. Kerryk ez ditu aipatu ere egiten, eta Israelez ez gara fio. 78 preso askatu dituzte jada, baina beste 26ren zain gaude». Eta beste ia 5.000, erantzunik gabe.

Kolektiboa, ahul

Presoen arteko harremanez galdetuta, burua astindu du Jadallahek: «Presoak ere banatuta daude. Alde batetik, Al-Fatah eta Hamasen arteko zatiketa dela medio. Eta, bestetik, hainbat tokitako jendea dagoelako: Jerusalemgoa, 1948ko lurretakoa, Jeningo errefuxiatu gunekoa, Gazakoa... talde bakoitza bere aldetik daukate preso, eta horrek zaildu egiten du haien arteko harremana». Sakabanaketa tresna boteretsua da presoen kolektiboa suntsitzeko: «Espetxetik kanpo bizi garen bezala daude barruan ere: indar iraultzaile bat dago, eta baita iraultzaren aitzakian jarduten duen kontraindar atzerakoi bat ere. Sarri Fatahekin du harremana, baina baita Israelgo segurtasun indarrekin ere».

Orain arte, gose grebak izan dira presoen ekinbide kolektibo arrakastatsuenak. 2011 amaieran, Khader Adnan Jihad Islamikoko buruzagiak abiatu zuen bat, bere atxiloketaren eta espetxeko baldintzen aurka protesta egiteko; ehunka presok egin zuten bat harekin, eta 66 egunen ostean askatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.