'Bateragune auzia'

Bakoitzaren jarreraren adierazle

Hainbat arlotako lagunen iritziak bildu ditu BERRIA-k Bateraguneko auzipetuak preso mantentzeko erabakiaren atzean dagoenaz, eta aurrean ikusten denaz.

Hodei Iruretagoiena.
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Larritzat, ulertezintzat edo irrealtzat hartu arren, jende asko ez du gehiegi harritu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 'Bateragune auzian' hartutako erabakiak. Horren erakusgarri izan litezke BERRIA-k bildu dituen arlo ezberdinetako pertsonen iritziak. «Larriagoa nahi bada, baina urrats bat gehiago da Espainiako logika politikoaren baitan», azaldu du Ander Iturriotz soziologoak. «Politika antiterrorista deiturikoak izan duen garapena ikusita, hemen ez da harritzen gaituen zerbait. Susma genezakeen, eta gertatzen ari da», dio Mariano Ferrer kazetariak. «Astakeria juridiko asko egin da azken hamabost-hogei urteetan», argitu du Garbiñe Biurrun epaileak.

Batzuen eta besteen adierazpenetan nabari denez, Bateragune auzikoa ez dute erabaki isolatutzat. Izan ere, Euskal Herriko konponbide prozesuaz Espainiak duen jarrera islatzen duela uste dute; dela gobernuarena, dela auzitegiena. Iturriotzen ustez, aspaldian argi geratu da Espainiak ez duela bakegintzarik nahi Euskal Herrian, eta horretara bideratu dituela estatuaren aparatu guztiak. «Argi izan behar da zein ildotan dagoen PP».

Biurrunen iritziz, garaia da Espainiako hainbat auzitegik orain arte erabili dituzten irizpideak atzean utzi eta «ohiko irizpide juridikoak» jarraitzeko, gauzak «beti egon behar zuten tokian» jartzeko: «Atzera egin behar da, aurrera egin ahal izateko. Badirudi, ordea, auzitegi guztiek ez dutela iritzi hori, edo batzuek esaten dutenez, auzitegi horiek kontrolatzen dutenek ez dutela hain argi».

Espainiaren jarreraren adierazle da auziaren atzean dagoen arrazoia ere, Ferrerren eta Iturriotzen ustez. Biek nabarmendu dute ETAren jarduera armatua amaitzeko lanean ari zirela auzipetuak, eta erosoago ibili dela Espainia jarduera armatuaren testuinguruan. «Ez dut esango horra itzuli nahi duenik, baina hala ematen du», dio Iturriotzek. «Baliabide indartsua zen arazoak desbideratzeko, edo Euskal Herrian independentziaren edo burujabetza gehiagoren aldeko dinamika politiko, demokratiko eta baketsu bat formaliza ez zedin», azaldu du Ferrerrek.

«Ongia eta gaizkia» ezartzera

Hala ere, kazetariak ez du uste arrazoi beragatik mantendu duenik Espainiak lehengo jarrera. «Badakite Madrilen jendeak bereizten dituela ETA eta politika. Hau da, 'politika antiterroristan' edo kartzela politikan gogor jota ez dutela eragozten politikoki egin daitekeena». Bere ustez, jarrera itxi horrek zer ikusi gehiago du behin betirako ezarri nahi duten errelatoarekin: «'Hemen egon dira batzuk beti dena gaizki egin dutenak, eta besteak beti dena ondo egin dugunak. Eta ez dugu ahultasun zantzurik erakutsiko horretan, ez bada guztiz behartuak gaudenean'». Orain, gainera, egoera sozioekonomikoari lotutako lehentasunak izateak, «zigorgabetasunez» jokatzea ahalbidetzen dio Espainiari, Ferrerren iritziz. «Badirudi Mirandatik behera jendeari ez zaiola inporta».

Bere esanetan, ikuspegi juridikotik ere «ahultasun» horren erakusgarri litzateke Espainiarentzat Bateragune auzian atzera egitea. «Parot doktrinari buruzko epaia ere badator, eta gobernuari edo botere judizialari ez zaio interesatzen onartzea akats larria egin duela». Halako interes eta erabakiek ondorioak dakartzate, noski. «Gogorra da espetxe zigorra» gogorarazi du Biurrunek, eta nabarmendu du «begirune gutxi» erakusten dutela auzitegiek halakoetan. «Sekulako arinkeriaz aritzen dira halako ebazpenak ematean».

Epaileak azaldu du «presazkoa» izan ohi dela pertsonen askatasunaren inguruko auzi eta helegiteak ebaztea. Bateraguneko auzipetuen kasuan, zigorraren zati handi bat betea dutela ukatu die Espainiako Auzitegi Konstituzionalak behin behineko askatasuna. Biurrunen esanetan, berandu izango da tramitera onartutako babes helegiteaz erabakitzen duenerako: «Giza eskubideen urraketa horrek ez du inolako erremediorik izango gero. Oso broma krudela da».

Politikoki ere izan dezake eraginik pertsona horiek preso mantentzeak. «Bakoitzak nola hartzen duen», dio Ferrerrek. Bere ustez, «nabaria» da kaltea ezker abertzalearen jardun politikorako. «Pertsona hauek askatzeak fase bat gainditzea ekarriko luke, alderdia modu normalizatuan egituratzea. Baina ezker abertzaleak jakingo du hori gainditzen, beste hainbatetan egin duen bezala».

Ez dute epe motzean Espainiaren jarrera aldatuko den esperantza handirik. «Oso zaila da bake prozesuak injustizien gainean eraikitzea. Injustiziaz inguratuta bizi izan gara azken urteetan, eta badirudi batzuek behintzat, jarraituko dutela», dio Biurrunek. Jokabidea aldatu beharko duten arren, horretarako bestelako testuinguru bat beharko dela uste du Ferrerrek: «Kostu hau eramangarri zaion bitartean, nahiago du eustea, politika berri bati ekitea baino».

Kostu hori behartzean dago giltza Iturriotzen iritziz, Espainiaren ildoari «pitzadurak sortzean». Bide horretan, beharrezkotzat du herritarren mobilizazioa areagotzea, aldebakarreko erabakiekin jarraitzea, eta praktika desobedienteak bultzatzea. «Horrek guztiak ekarri gaitu hona, eta hori da bidea. Neurri gizagabe hauek PPren ezerosotasunaren erakusgarri dira, eta hori areagotzera jo behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.