Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: C multzoa. Espainia 4. Irlanda 0

Joko eta jarrera erakustaldia emanda, sailkapen buruan jarri da Espainia

Erasoan eta baloia lapurtzeko garaian harrigarri aritu da Espainia, eta aukerarik gabe utzi du Irlanda

unai zubeldia
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainia. Casillas; Arbeloa, Ramos, Pique, Jordi Alba; Busquets, Xabi Alonso (Javi Martinez, 65. min.), Xavi; Iniesta (Cazorla, 80. min.), Torres (Cesc, 74. min.) eta Silva.

Irlanda. Given; O'Shea, Ledger, Dunne, Ward; Duff (McClean, 77. min.), Andrews, Whelan (Green, 80. min.), McGeady; Cox (Walters, 46. min.) eta Keane.

Golak. 1-0. Torresek (4. min.); 2-0. Silvak (49. min.); 3-0. Torresek (70. min.); 4-0. Cescek (83. min.).

Epailea. Pedro Proença (Portugal). Txartel horiak: Espainiako Xabi Alonso eta Javi Martinezi; eta Irlandako Keane, Whelan eta Ledgerri.

Bestelakoak. 40.000 ikusle inguru Gdanskeko Arenan (Polonia).

Aurrelari argi batekin jokatu behar zuela eta ez zuela, nahikoa zalaparta izan da Espainia aldean Italiaren aurka 1-1 berdindu ondoren. Baina lau minutu nahikoa izan ziren atzo eztabaida hori ahazteko. Cesc Fabregasen lekuan Fernando Torres zelairatu zuen Vicente del Bosque Espainiako hautatzaileak aurrealdean, erreferentzia argi batekin jokatzeko helburuarekin. Eta Torresek 4. minutuan sartu zuen lehen gola, area barruan baloia lapurtu ondoren, eskuinkada on batekin. Bigarren zatian iritsi ziren beste hiru golak, Silva, Torres eta Cescenak. Espainiak eskura dauka final-laurdenetarako txartela. Irlandari, berriz, atzo amaitu zitzaizkion aukera apurrak.

Lehen hamar minutuak betetzerako, hiru aukera argi izan zituen Espainiak, Silva eta Torresen eskutik, eta lehen zatia amaitzerako, erabateko kontrolarekin, beste sei-zazpi argi-argi ere bai. Irlandak, berriz, bi aukera erdi besterik ez. Eta Espainiaren bigarren zatiko nagusitasuna are nabarmenagoa izan zen; aukera bakarra sortu zuen Irlandak. Merezita eta bakoitzak daukana erakutsita, sailkapeneko mutur banatan geratu dira bi selekzioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.