Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: B multzoa. Herbehereak 0. Danimarka 1

Danimarkak eman du lehen ezustekoa, Herbehereei irabazita

Herbehereak nagusi izan dira, baina ez dute asmatu ate aurrean; Danimarkak izan duen aukera bakarra baliatu du

Julen Etxeberria.
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Herbehereak. Sketelenburg; Van der Wiel (Kuyt, 85. min.), Heitinga, Vlaar, Willems; Van Bommel, Nigel de Jong (Van der Vaart, 71. min.); Sneijder, Robben, Afellay (Huntelaar, 71. min.); eta Van Persie.

Danimarka. Andersen; Jacobsen, Kjaer, Agger, Simon Poulsen; Kvist, Zimling; Rommedahl (Mikkelsen, 84. min.), Eriksen (Schone, 74. min.), Krohn-Dehli; eta Bendtner.

Gola. 0-1. Krohn-Dehlik (24. min.).

Epailea. Damir Skomina (Eslovenia). Txartel horiak: Herbehereetako Van Bommeli; eta Danimarkako Simon Poulseni eta Kvisti.

Bestelakoak. 35.500 ikusle inguru Kharkiveko (Ukraina) Metallist estadioan.

Heriotzarena, hala deitu zitzaion Eurokopako B multzoari zozketa egin zenean. Ez zen gutxiagorako, hiru selekzio indartsu ariko zirelako elkarrekin: Alemania, Herbehereak eta Portugal. Ziurtzat eman zen hiru horietatik aterako zirela final-laurdenetara pasatuko ziren bi selekzioak. Inor ez zen gogoratu multzoko laugarren selekzioarekin, Danimarkarekin. Apaingarri gisa jarri zuten askok, arrain txiki bat hiru arrain handiren ondoan. Bada, kirolean sarri gertatu ohi bezala, arrain txikiak arrain handia jan du. Danimarkak 0-1 irabazi zien atzo Herbehereei multzoko estreinako partidan, eta horri esker, urratsa egin du ligaxka gainditzeko. Herbehereei, ordea, zaildu egin zaie sailkapena. Ia ziurtzat ematen zituzten hiru punturik gabe geratu dira, eta orain beste bi oilarren aurka lehiatuko dira puntu premian.

Herbehereak nagusi izan ziren zelaian, baina ez zioten gehitu nagusitasun horri eraginkortasuna. Danimarkak, ordea, izan zuen aukera garbi bakarra aprobetxatu zuen gola sartzeko. Krohn-Delik egin zuen 24. minutuan. Hor egon zen aldea: batek ez zuen asmatu ate aurrean, eta besteak bai. Uste baino lehenago etorri da Eurokopako lehen ustekabekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.