Izenik gabeko diputatu hila

1989ko azaroaren 21ean, atentatuaren biharamunean, Kongresua eta Senatua eratu ziren. Biek minutu bateko isilunea gorde zuten, baina, gaitzespena adieraztean, ez zuten aipatu hildako diputatuaren izena.

Esnaola, Idigoras, Aizpurua, Elkoro, Iruin, Muguruza eta Txillardegi, 1989ko azaroaren 20an, Kongresuan. BERRIA.
Pello Urzelai.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Alcala hoteleko atentatuaren biharamunean, Josu Muguruza hilotz eta Iñaki Esnaola larri ospitalean, HBko gainerako hautetsiak ez ziren joan Espainiako Kongresua eta Senatua eratzeko osoko bilkuretara. Bilkurak haiek gabe egin ziren, aurreikusita zegoen bezala.

Kongresuko eta Senatuko bilkurak minutu bateko isilune batekin hasi ziren. Kongresuan, adineko mahaia osatu zen lehenik. Presidentea diputatu zaharrena izan zen, Leon Rodriguez Valverde. Mahai hartan, diputatu gazteena Jose Luis Rodriguez Zapatero egungo Espainiako Gobernuko presidentea izan zen. Mahaia osatuta, saioa hasi zen. «Diputatuen Ganberaren eraketa», hartu zuen hitza adineko mahaiko presidenteak, «beti da emozioz beteriko ekitaldia. Gaurko inguruabarrek, diputatu hautatu bat erailda eta beste bat larriki zaurituta, dimentsio berezi bat ematen diote gaur ospatzen dugun ekitaldiak sorrarazten duen emozioari. Atentatuaren biktima izan den diputatuaren oroimenez, minutu bateko isilunea eskatzen diet diputatu jaun-andereei». Aipamen horretan Leon Rodriguez Valverde mahaiburuak ez zuen Josu Muguruzaren izena aipatu. Presidentearen agurraren ondoren, diputatu hautatuaren izenak irakurri zituzten mahaiko idazkari Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta Carmen Pereirak. Zerrenda amaitutakoan, mahaiburuak honako ohar hau egin zuen: «Diputatuen zerrendan ez da aipatu Jesus Muguruza, zein jaun-andereek dakiten bezala, hil den». Lehen aipamenean, izenik gabe bada ere, Josu Muguruza eraila izan zela esan zuen mahaiburuak. Bigarrenean, ordea, «hil da» esan zuen. Gaitzespen hitzak geroago iritsi ziren, Kongresuko Mahaia aukeratu eta diputatuek zina egin ondoren.

Orduan, Felix Pons Kongresuko Mahaiko presidenteak hartu zuen hitza. «Ganberaren sentimena azaltzen dut legegintzaldi honetako diputatu hautatuek atzo jaso zuten atentatuaren gaitzespenik eta arbuiorik sendoena adieraztean». Gaitzespena adieraztearekin batera, beste zenbait gogoeta egin zuen indarkeriaren eta fanatismoaren kontra eta askatasunaren eta instituzio demokratikoen alde, baina inongo momentutan ez zuen Josu Muguruzaren izena aipatu.

Senatua eratzeko ekitaldia antzerakoa izan zen. Adineko Mahaiaren buru Ramon Rubial buruzagi sozialista izan zen. «Gaur, emozioa handiagoa da ekitaldi hau osatzen dugulako gogoan izanik diputatu hautatu bat atentatu baten biktima izan dela eta beste bat egoera larrian dagoela. Senatuak, berriro, gaitzetsi egiten du bizitza demokratikoa amaitu nahi dutenen indarkeria. Parlamentari horien oroimenez, minutu bateko isilunea eskatzen diet jaun-andereei». Rubialek ere ez zuen hildako diputatuaren izena aipatu, ezta haren alderdiarena ere. Senatuko presidente Juan Jose Laborda sozialista aukeratu zuten. Haren agur hitzaldian ez zuen ezta atentatua ere aipatu.

Legearen aginduz

HBko diputatu eta senatariak bi hilabete geroago itzuli ziren Madrilera akta jasotzera. Azaroaren 21eko saioetara eraman behar zuten kargua zin egiteko formularekin itzuli ziren: 'hitzematen dut, legearen aginduz'. Kongresuko eta Senatuko mahaiek atzera bota zuten formula. Iñigo Iruin abokatu eta senatariak Auzitegi Konstituzionalera jo zuen, eta horrek 1990eko ekainean legezkotzat jo zuen formula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.