Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi

Historia bizia

Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Serrat y Sabina: El símbolo y el cuate'

Zuzendaria: Francesc Relea. Aktoreak: Joan Manuel Serrat, Joaquin Sabina. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 83 minutu.

Francesc Relea kazetariak Joan Manuel Serrat eta Joaquin Sabinak Latinoamerikan zehar egindako azkeneko birari buruzko dokumental hunkigarria aurkeztu du Zabaltegi sailean. Agian bi musikari ospetsuak ez dira berriz honelako bira erraldoibat egiteko gauza izango, eta, horregatik, dokumentuak balio berezia dauka, pantailan ikus daitezkeen kontzertuak Amerikan eskaintzen dituzten azkenak izan baitaitezke. Etorkizunean zer gerta daitekeen jakitea zaila da, noski, baina biak 70 urte betetzeko gertu daudela kontuan izanda hemendik urte batzuetara 90 kontzertuko birekin jarraitzea ezinezkoa egingo zaiela pentsa daiteke. Hala ere, sekulako sasoia eta grina erakusten dute oraindik ere; hortaz, ezin dezake inork ezer ziurrik esan.

Amerikari eskainitako lan sentibera da hau, eta iaz egindako tourraz gain, kontinente hartako historian esanguratsuak izan diren gertakariak ere jaso nahi izan dituzte, euren abestiek, ezinbestean, iraganeko jazoerak gogora ekartzen baitituzte.

Serraten musika, esaterako, Argentinan eta beste hainbat herrialdetan debekatuta egon zen diktadura garaian, eta, hortaz, kantugilea askatasunaren sinbolo bilakatu zen milaka herritarrentzat. Pinocheten gizonek Santiagora sartzen utzi ez zieten hartan ere, ez zioten txiletarrei babesa helaraztea galarazi. Elkartasunezko hitzak grabatu zituen hegazkineko komunean herritarrek entzun zitzaten.

Bestetik, bitxikeria gisa aipa daiteke Marcos komandanteordeak Sabinarekin elkarlanean idatzi zuela Como un dolor de muelas kanta; atsegin zuen neska bat txunditu nahian Sabinarengana jo zuen laguntza eske.

Dokumentalari dagokionez, ederra eta interesgarria dela ezin uka daiteke, eta hunkidura sortzen du zaleen eta zale ez direnen artean. La orquesta del Titanic diskoa elkarrekin grabatu zuten, eta iaz argitaratu zen. Jarraian hain kuttuna duten Latinoamerikara abiatu ziren.

Esan bezala Latinoamerikan oso maitatuak dira biak, eta, horregatik, dokumentalean lagunez inguratuta ageri dira; Ricardo Darin aktorea eta Eduardo Galeano idazlea dira horietako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.